Puntu gehien lortuta, Nerea Ibarzabal izan zen denetan nagusi atzo Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) kanporaketan. 738 puntu lortu zituen denera —Alaia Martinek Getxon lortutako berberak—. Ez zen saioko bigarrenarekiko alde handiarekin gailendu, ordea. Izan ere, Oihana Iguaran izan zuen atzetik, puntu erdiko tartearekin (737,5). Koska handiagoa izan da ondorengoentzat: 694,5 punturekin egin baitzuen hirugarren Ane Labakak. Julio Soto izan zen laugarren, 691 puntu bilduta. 41,5 punturen aldea zuen bosgarrenak, Eneko Lazkozek, 649,5 puntu lortuta, eta haren atzetik, seigarren, Patxi Iriart, 604 punturekin.
Beraz, Ibarzabalek Irungo finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta beste sailkatuekin batera. Atzoko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Gotaine-Irabarneko herriko gelako hormak dardararazi zituen atzoko saioak, eta publikoaren esker oneko txaloek leherrarazizuten aretoa. Hasiera-hasieratik hartu zion seikoteak neurria oholtzari; ale bikainak kantatu zituzten, oro har, bertsolariek, tarteka eroritako bertsoren bat ere izan zen arren.
Zortziko handian, Iguaran eta Ibarzabalen bertsoaldiak utzi zituen alerik finenak. Amak hazi eta hezitako bi ahizpa ziren gaiaren arabera. «Zuen aita ez da orain arte zuen bizitzetan agertu. Orain, adinean gora egin ahala, zuengana gerturatu nahi du». Hala bota zien gaia Aritz Bidegain gai emaileak. Iguaranek aitarekiko jarrera ezkorra zuen hartu beharrekoa. Ibarzabalek, aldiz, baikorra. «Deika aritu naiz amesgaiztotan/ azalpen bat jaso nahian/ orain ez diot deirik egingo/ behar ez dudan garaian». Modu horretan abiatu zuen ariketa Iguaranek. Eta, Ibarzabalek, berriz, ondorengo erantzuna eman zion: «Zaharra dago ta helduko da/ laster hiltzearen zama/ hor betirako damutuko zait/ hitzik egin ez izana». Ederki hasi zen saioa, eta gorantz egin zuen aurrera egin ahala.
Zortziko txikian ere ateraldi politak izan ziren orokorrean. Labakak eta Lazkozek, esaterako, barrez jarri zuten jendea. Lazkozek Labakari ahots mezu luzeak bidaltzen dizkiola jarri zien Bidegainek gaitzat. «Mezua bidaltzen dut/ audioz osorik/ ez egiteko akats/ ortografikorik». Hala arrazoitu zuen mezu luzeak bidaltzearen kontua Lazkozek, eta horrela erantzun zion Labakak: «Gauza bat kontatzeko/ hamabi segundu/ ta gero hamar aldiz/ errepikatu du». Nolanahi ere, sorta bikainak utzita amaitu zuten sei bertsolariek ariketa.
Hamarreko txikian ere fin aritu zen Labaka. Ibarzabalek eta biek osatu zituzten hiruna bertso. Gaiak hala aginduta, duten diru sarrerarekin oinarrizko gastuak estaltzeko larri dabiltzan bi jubilaturen azaletik kantatu behar izan zuten. Labakak jantoki sozialean banatzen duten afaria hartzera joango zela esan zion Ibarzabali. Bien artean saio ederra egin bazuten ere, Ibarzabalek utziko zuen, ziurrenean, bertsorik finena: «Gobernua ez denez/ egin gutaz kargu/ orain karitateak/ estali behar du».
Bertsoaldi borobilak entzun ziren, halaber, bakarkako lanean. Hauxe zuten ganbarako ariketa osatzeko gaia: «Medikuaren kontsultatik irten berri zara. Telefonoa sakelatik atera duzu». Bertso sorta osatzeko garaian, medikuak esandakoa zer zen argitu behar zuten, beraz, bertsolariek. Baita telefonoa sakelatik zertarako atera zuten argitu ere.
Ganbarako saioa erdialdera ailegatzean iritsi ziren entzuleak besoak jasota txaloka jarri zituzten bi ariketak: Iguaranena lehenik, eta Ibarzabalena ondotik. Haurdun egonda, birritan haurra galdu izana kantatu zuen Iguaranek, eta primeran deskribatu zuen emaginarekin izandako hitzordua. Aurreneko bi bertsoetan kantatu zituen alerik onenak, eta hirugarrena ere bide berean zihoan arren, ez zuen erabat lortu bertsoaldia borobiltzea. Hor hartuko zion aurrea Ibarzabalek. Goitik behera josi zituen hiru bertsoak, publikoari kontatuz bikotekidearen laguntzarik gabe abortatzen ari zen nerabe bat zela. Bere bigarren bertsoan, hain justu, hari deitzeko atera zuen telefonoa patrikatik. Ordea, ez deitzea erabaki zuen azken bertsoan:
Parean zenbakia ta
ni zalantzaren menpeko
deitu dezaket gaur abortatu
ein dudala esateko
baina agian ez gara izango
sekula parez pareko
beraz mobila berriro gorde
ta urruntzea hobeto
nerabea naiz baina urte asko
dauzkat oraindik tarteko
eta neurriak hartuko ditut
berriz sexuan urtzeko
ta batez ere zure moduko
inor ez ezagutzeko
Gaur Gasteizen
Gaur Gasteizko biltzar jauregian izango da saioa, eta bertsolari hauek izango dira kantuan: Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia. Azken bi final-laurdenak jokatuko dira hurrengo asteburuan; Donostian eta Lizarran (Nafarroa).
Oholtzari neurria hartuta
Nerea Ibarzabal izan da nagusi Gotaine-Irabarneko saioan, 738 puntu bilduta. Puntu erdira izan du atzetik Oihana Iguaran. Ale bikainak kantatu dituzte, oro har, sei bertsolariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu