Beldur eszenikoa alde batera utzi, eta bide berriari ekin dio Olatz Zugastik (Hernani, 1965). Txikitatik ibili da oholtza gainean, eta ondo ezagutzen du publikoaren aurrean jotzeak dakarren sentsazioa; ordea, ez da sekula bakarlari moduan taularatu. Bere ibilbide emankorreko fruitu den bosgarren diskoarekin animatu da pausoa ematera, eta Ur goiena, ur barrena... disko berria zuzeneko kontzertuan eskainiko du hilabete honetan, Bilbon, Donostian, Durangon, Baionan eta Hernani jaioterrian. Orain arte ez da bakarka aritu, eta hilabete eskasean bost kontzertu emango ditu, baina ez du beldurrik sumatu musikariak, eta erronka betetzeko irrikaz dago: «Dena nahiko jarraian gertatuko da, eta eskertzen dut; egingo dudan horretan gehiegi ez pentsatzeko aukera eskainiko dit mugimenduan ibiltzeak».
Zugastiren ohiko bidelaguna harpa da, eta baita abesti guztietako protagonista ere; rock musikatuan aditu diren Julen Alonso (eskusoinua, teklatuak), Ander Ederra (gitarra, elektrikoak), Joanes Ederra (baxua) eta David Gorospe (bateria) izango ditu lagun agertokian. Musikariaren arabera, pop-rock oinarri baten gainean ariko da, folk doinuak sortuz: «Korronteen topaketa da lan berri hau. Nire esperientzia musikari gazteen abileziarekin nahastu dut, harparen soinuak, sorginen moduan, gainontzeko soinuen gainetik hegan egin dezan».
Publikoaren aurrean aurkeztuta abestiek bizitasuna hartuko dutela uste du Zugastik, eta kimika hori sortzeko helburuarekin konposatu ditu kantu berriak. «Orain arte egindako lanen zentzua zein ote zen galdetu izan diot neure buruari, inoiz jendearen aurrean aurkeztu ez baditut. Abesti berriak jendeari zuzenean eskaintzeko idatzita daude, baina aurreko diskoetako abestiei bigarren aukera eskainiko diet kontzertuetan, jendeak zuzenean entzutean, nolabait biziberrituko direlakoan».
Oholtzan bakarka aritzearen beldurrak uxatuta, publikoak bere lanaren benetako dimentsioa ezagutzea espero du musikariak. «Orain arte idatzitako kantuak diskoan bildu ditut, eta lehen aldia da zuzenean aurkeztuko ditudana; ez dakit beldur eszenikoak edo zuzeneko bat prestatzeak dakarren ardurak gelditu nauen, baina bost urtez buruan bueltaka izan dut bakarka aritzeko asmoa, eta, erabakia hartuta, bide horri jarraituko diot etorkizunean».
Bizitza eta herria gogoan
Lehenbizikoz, kantuak sortzerakoan bizitako sentipenak zabaltzeko aukera ikusi du Zugastik, eta ideia horretatik abiatu ditu abesti berriak: «Ez da erraza diskoaren ekoizleari abestiek barruan eragiten dutena sentiaraztea; oholtza gainean, dena neuk zuzendu eta bideratzeko aukera izango dut. Jendeak esan beharko du egindako lanaren emaitza gustukoa duen edo ez».
Bizitza ulertu behar horretan sortzen diren galderetatik jaio dira diskoan bildutako hamahiru abestiak; herria ere gogoan izan du Zugastik, eta metaforak erabiliz egungo egoera salatzen ahalegindu da: «Hitz ederrak entzuten dira gaur egun, aniztasuna, bizikidetasuna... -tasuna atzizkia erabiltzen dugu etengabe, dena ondo egongo balitz bezala, gainontzeko tokietan halakorik izango ez balute bezala. Normalkeria betean bizi gara».
Pop, rock eta folk estilo nahasketa horretan, egungo instrumentuak harparekin kontu handiz ezkondu ditu musikariak, guztien arteko oreka zainduz. «Ezagutzen dugun instrumentu zaharrena da harpa, eta harekin musika egiterakoan, iraganeko soinuak sortzen dira; egungo instrumentuekin nahastuta, soinu horien oihartzuna entzun daiteke».
Abesti guztiak sortu ditu Zugastik, bi izan ezik, eta diskoa bere etxean eta Elkarren aretoan grabatu dute. Uhats abesbatzak ere parte hartu du hainbat abestitan. Zugastik herri kanta bat eta Pako Aristiren poema bat aukeratu ditu diskoan txertatzeko. Aurreko lanekin lotura badela nabarmendu du Elkarreko arduradun Anjel Valdesek: «Zugastiren berezko nortasuna dario disko honi, eta aurrekoetan bezala, harpa zeltaren erreferentziak biltzen ditu konposizio guztiak. Diskoa osatzen duten kantuak eroso eta erakargarri suertatzen dira; zuzeneko kontzertuetarako egoki izatea oso kontuan hartu du artistak, kantuaren eta instrumentazioaren arteko harreman intimoa zainduz eta elikatuz».
Bosgarren diskoa badu ere, beste lan askotan aritutako musikari esperientziaduna da Zugasti; gaztetatik konposizioan zein interpretazioan murgilduta, haren senar Benito Lertxundiren funtsezko taldekidea izan da, eta disko guztietan parte hartu du. Bakarkako lehen diskoa 1991n kaleratu zuen, eta azkena, 2010ean; denetan, Zugastik berak konposatu, moldatu, gidatu eta ekoitzitako abestiak aurki daitezke.
Oholtzara igoko da Olatz Zugasti
Musikari hernaniarrak 'Ur goiena, ur barrena...' bosgarren diskoa kaleratu du.Zuzeneko hainbat emanalditan aurkeztuko du lan berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu