Oholtzara, ausardiaz

Arte eszeniko berritzaileek Bilboko eta Barakaldoko ACT jaialdian izango dute bilgunea, gaur hasi eta larunbata bitarteHamargarren aldia du aurtengoa, eta 11 obrak parte hartuko dute lehiaketan

Fleur van den Berg artista herbeheretarraren Gaan antzezlana ikusi ahal izango da ACT jaialdiko lehiaketan. ACT.
gorka erostarbe leunda
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Eszenako arnasa berria. Dantza eta antzerkikoa. Berritzailea eta ausarta. Elementu horiek ditu ikur nagusi ACT Nazioarteko Sortzaile Berrien Antzerkialdiak. Eta ezaugarri horiek ardatz hartuta hasiko da gaur gauez Bilboko Kafe Antzokian, iazko jaialdiko lehiaketan irabazle suertatu zen Ana Mendes portugaldarraren Selfportrait obrarekin (21:00). Jarraian, BalbirSingh Dance konpainia ingeles-indiarrak Decreasinginfinity lana eskainiko du, eta, bukatzeko, BAI antzerki eskolak atonduriko Cooking Marmitako ikusi ahal izango da. Nazioartean zabaltzeko asmoz sorturiko lan bat da hori. Aurrez, jaialdiaren aurrelan modura, antzerki saio bikoitza ikusi ahal izango da Guggenheim museoan. 12:00etako saioan, Eli Hernandez sortzaile bilbotarraren Vértigo antzezlana eta Adrian Garcia de los Ojosen Rememberme performancea izango dira. 18:00etako saioan, Enrico L'Abbateren Cont eta PierFrancesco Scannavinoren TheOther ikusteko aukera egongo da.

Gaur hasi eta larunbata bitartean, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen duen ACT jaialdiak 20 antzezlanetik gora erakutsiko ditu; lehian parte hartuko dute batzuek, erakusketa atalean erakutsiko dituzte antzezlan bereziak, eta aurreko urteetako irabazleak ere hartuko ditu jaialdiak. Aurtengo lehiaketa ofizialean 11 lan laburrek parte hartuko dute, sortzaile hasiberriek sortu, antzeztu eta zuzenduak. Parte-hartzaileen artean Herbehereetako, Suitzako, Belgikako, Espainiako, Italiako, Erresuma Batuko eta Euskal Herriko sortzaileak daude. ACTek eta Bilboko Arriaga antzokiak 2.000 euroko saria emango diote obra irabazleari, eta Bilbon duen egoitzan hilabeteko «egonaldi artistikoa» egiteko laguntza emango duBAIk. Irabazleak hurrengo urteko jaialdian lan berri bat aurkezteko aukera izango du. Aurtengo epaimahaia sektoreko bost profesionalek osatzen dute. Hauek dira: Iara Solano eta Sammy Metcalf Gasteizko Sleepwalk Collective taldekoak, Vicente Colomar eta Eva Trancon Madrilgo La Casa en el Arbol taldeko kideak eta Carlotta Garlanda Romako Short jaialdiko kidea.

Guggenheim museoko Zero espazioan, Barakaldo antzokian, Itsasadarretako Museoan eta Kafe Antzokian banatuko da aurtengo egitaraua, eta ikusleari hain ohikoak ez zaizkion agertokiak ere erabiliko dituzte, «ikusleari eszena garaikidea hurbiltzeko».

Ikastaroak eta beste

Aurten ere formazioari leku berezia eman nahi dio jaialdiak. Tailer eta klase bereziak izango dira,« mundu mailako eszenan sortzen diren esperientzia berritzaileak gurera hurbilduz». Egitarau pedagogikoa ere gaurtik larunbatera arte egingo da, Ana Mendes, Balbir Singh eta Teresa Brayshawen eskutik, beste beste.

Jaialdiaren bazkalostetan, Bilboko DaVinci kafe-antzokian, artistentzako gune berezia antolatuko dute ACTmosfera izenarekin. Sortze eta lan prozesuez hitz egingo dute partaideek, hausnarketa eta eztabaidarako tartea sortuz. «Eszena munduko profesional eta programatzaileak batuko direla baliatuz, dakarten lanaren sustapena bideratzeko gunea sortu dugu. Europa osoko antzoki, jaialdi zein egitarau alternatiboetako programatzaileak gonbidatu eta taldeokin harremanetan jarri ditugu», zehaztu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.