Performance poetikoaren molde bat da spoken word-a, poesiarekin batera, musikaren eta antzerkiaren osagaiak erabili ohi dituena. Ingelesezko literatur sorkuntzan ezagunagoa bada ere, apenas urratu izan den bide hori euskarazkoan. Baina esan nahi zutena esateko egokia zela iritzita, bide horrekin esperimentatzea eta jolastea erabaki zuten Ane Garciak eta Eider Perezek. Hitz esana ikuskizuna da esperimentuaren emaitza. Mejillon Tigre kolektibo «zahar-berrian» elkartuta, eta beren obra literarioetan ohi duten gisan Ane Zubeldia nahiz Eider Adeletx izenak hartuta, gaur egingo dute estreinako emanaldia, Bilboko Berreginen museoan, 19:00etan, Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren barruan. Aurrera begira, saio gehiago egiteko gogotsu daude.
Euskararen Etxeak antolatutako Hi(ZKI)bridoak bekaren bultzadaz ondu dute lana bi sortzaileek. Beren proposamena aurkeztu zutenean, euskal emakume erreferenteak gutxi diren mitoa hausteko ideia izan zuten buruan. Baina prozesuan erabat aldatuz joan ziren hasierako asmoak, Garciak BERRIAri azaldu dionez: «Gai konkretu batzuk daude gure lanaren atzealdean, nahi eta nahi ez, baina ez ditugu esplizitatu nahi izan».
Aurrez, 2016tik 2019ra, Autobiographikal ikuskizuna taularatzen aritu ziren; andrazko poeten piezak itzuli, eta errezitatu egiten zituzten hartan, antzezpenarekin uztartuta. «Hor bai egon zen gure aldetik aldarrikapen espezifikoago bat. Oraingoan, erreferenteen inguruko gogoeta batetik abiatu baginen ere, gerora ikusi genuen guretzat ez zela efektiboa diskurtsoa modu esplizituan ematea».
Aldarriak eta gogoetagaiak hor daude, beraz, beste modu batean ematea hautatu badute ere. «Baina azkenean, sumatzen da zertaz ari garen, eta ari gara geure buruari eta gure momentu bitalari buruz, eta momentu bital horretan gauza asko daude: etxebizitzaren arazoa, zer egin jaso dugun guztiarekin, zer egin sistema literario honetan...». Gai «potoloak» izanagatik, umorez nahiz autokritikaz ere heldu diete tarteka. Eta esateko moduari eman diote arreta.
Izan ere, spoken word moldea bera da lanaren ardatza, Hitz esana gisa itzuli, eta obraren izenburura eraman dutena. Formatuak ematen zizkien aukerak aztertu zituztela azaldu du Garciak, eta pieza propioak sortu zituztela gero. «Azkenean, spoken word-ak ematen dizuna da pieza literarioa gertatzen dela momentuan bertan, eta garraiobidea dela errezitatzen duen gorputz hori; hau da, gure piezak ez daude euskarri fisiko batean, ez daude liburu batean. Hala, gai batzuk azaleratzeko orduan ere oso presente eduki dugu gure gorputzetatik ari ginela eta gure gorputzetatik ariko ginela». Horren harira, ez dituztela pertsonaiak sortu zehaztu du, ez dela antzezlan bat. «Baina sortu dira ahots narratibo batzuk».
Aurreko obran ere formatuarekin jolas egin zuten, orduan guztiz kontziente ez baziren ere. «Buelta bat eman nahi genion poesia errezitatzeko Euskal Herrian dagoen moduari. Iruditzen zaigu batzuetan hotza izan daitekeela, edo jendeari ez zaiola behar bezainbeste iristen, eta gu geu ere, poesiazale amorratuak izanda, batzuetan ez gintuela asetzen». Beste hizkuntza batzuetako spoken word saioak ezagutu zituzten, eta gustatu zitzaien moldea. Eta jabetu ziren haiek idatzitako pieza batzuek ez zutela hain ongi ematen paperean, baina bai ahoz gora errezitatuta, «erritmo handiagoa zutelako edo emozionalagoak zirelako».
Saioan, haiek sortutako piezak dira gehiengoa. «Oso kontziente gara guk idazten dugula jaso dugun guztiarekin, eta horren kontra ere bai», zehaztu du Garciak. Rafa Berrioren kantu bat ere itzuli dute, eta liburu baten esaldiekin eginiko «collage bat» ere gehitu diote lanari. «Geure buruari baimendu diogu pixka bat jolastea». Aurreko lanarekin sumatu zuten jendeak eskertzen dituela errezitatzeko bestelako moduak. «Uste dugu badela arakatu beharreko bide bat, eta poesia errezitatzeko modu ohikoagoak ez diren beste batzuk ere urratu behar direla».
Sakona izanik, soiltzera
Formatuak berak beste idazkera bat eskatu diela uste du sortzaileak. «Gertatu izan zaigu gai potolo horiek landu nahi, eta poema oso intentsoak idaztea, denbora asko pasatzea bueltaka... eta gero ikustea ez duela funtzionatzen, pisutsuegia zela. Eta gure helburua tonua arintzea izan da». Azkenean, saioa kontzertu bat bezala planteatu dutela azaldu du, pieza bakoitza kanta bat balitz bezala prestatuz, eta asko lagundu die horrek, baita «pisua kentzera» behartu ere. Dena den, horrek ez diola lanari sakontasunik kendu uste du.
Hitzaz bestelako diziplinak ere izango dira ikuskizunean, baina horretan ere soiltzera egin dute. «Hasieran, asko hibridatu nahi genuen, baina minimalismorantz jo dugu azkenean, eta enfasia jartzera errezitatuko diren hitzetan eta errezitatzeko moduan». Iragarri du looper-a erabiliko dutela pieza batzuetan, eta musika ere egongo dela, baina «beharrezkoa denean soilik» egin dutela sartzearen alde. «Ikusi dugu asmoak igual txikitu behar direla, eta landu gehiago daukaguna goxo eta ondo, su artifizialik gabe ere efektiboa delako esan behar duguna».
Antzera antzezpenari dagokionez, «muga lausoa» dela onartu arren; antzerkitik «gehiegi ez jartzea» hobetsi dute. «Kantuan bezala, badauka abeslariak egiten duen performance puntu hori, baina ez gehiago, ez dago pertsonaiarik». Eszenografia ere xumea izango dela aurreratu du.
Hi(zki)bridoak beka abian
Hi(ZKI)bridoak bekaren lehen aldia irabazi zuen Mejillon Tigreren proiektuak. Euskarazko emanaldiak sortzen laguntzea du xede, baita diziplina ezberdinetan aritzen diren artisten arteko elkarlana sustatzea ere. 3.000 euro jaso zituen taldeak, eta obra aurtengo Hi(ZKI)bridoak jaialdian estreinatzeko konpromisoa hartu ere bai.
Aurten ere, bigarrenez, laguntza eskatzeko deialdia zabaldu du Euskararen Etxeak. Hilaren 14ra bitarte aurkeztu ahalko dira proposamenak. Epaimahaiak abenduaren 19an jakinaraziko du zein izan den hautatutako egitasmoa.
Oholtzan gorpuztutako hitzak
'Hitz esana' ikuskizuna aurkeztuko du Mejillon Tigre kolektiboak, gaur, Bilboko Berreginen museoan. 'Spoken word' moldearekin esperimentatu dute Ane Garciak eta Eider Perezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu