Jaio zenetik (1895ean, dakizuen bezala) zinemak harreman egongaitz eta aldabera izan du antzerkiarekiko, bikote guztietan gertatu ohi den moduan. Hasierako momentuan, nahitaezko izan zuen haren laguntza. Izan ere, zinemak sorgindurik ziren askoren ustez, asmakeriatzat jotzen zuten kontu magiko hark antzerkiaren lilura, plazera eta ospea zabaltzeko baino ez zuen balioko. Kamerari esker, emanaldien ondoren desagertzen ziren lanek betiereko iraungo lukete orain. Zinema, beraz, artxiboa zen, besterik ez. Artxibo mirakuluzkoa, horrexegatik nahi zuten garaiko diva guztiek kamerak maitatuak izan. Azkar oso ohartu ziren artean barraketako ikuskizuna zen paradoxa hark haien mitoa gordeko zuela eternitatean zehar. Horrexegatik Sarah Bernhardt eta Eleanore Duse, tauletako prima donna horiek, agertzen dira zinema entziklopedietan; horren erraz sua hartzen zuten pelikuletan hamaika aldiz geratu baitziren beren antzezpenak, egun horren arranditsuak iruditzen zaizkigunak. Izan ere, hasiera hartan inork ez zekien momentuz hizketan ere ez zekien jostailu horrek hizkuntza berezi bat osatuko zuela. Ez zekien inork hizkera horrek espantuak arbuiatuko zituenik.
Egokitu zituen garai haietako zinemak ahalik eta antzerki lan gehienak. Totelak ziren mugimenduak eta, mamia xurgaturik, azalekoak egokitzapenak, baina ai zelako harritasuna ikusleena!
Pasatu ziren urte franko. Heldu zen zinema. Berbetan ikasi. Hizkera propioa eskuratu. Muntaketaren sekretua aurkitu... Kontatzeko bere moduari ederki asko egokitzen ziren istorioak idazten hasi zen. Jada ez zuen antzerkiaren beharrik. Izan ere, inoiz inork antzezlan bat ekartzen bazuen pantailara, antzerki kutsu itxia uxatzen saiatzen zen gogor. Eta pelikula bati egiten zitzaion irainik mingarrienetarikoa horixe zen, «antzezlan baten filmaketa dirudi» esatea.
Ez, ez ziren hartu-eman gozoetan antzerkia eta zinema. Batak edadearen ajeak pairatzen zituen. Bestea gaztaroaren harrokeriaz zen gainezka. Hala eta guztiz ere, suertatu, suertatu ziren enkontru ederrak: Louis Malleren Vania on 42nd Street, Elia Kazanen A Streetcar named Desire, Paula Ortizen La Novia...
Elkarrengandik bananduta zirelarik, antzerkiak gaztetu egin behar zuela pentsatu zuen. Begi bistakoa zen teknologiak zein beste arteek mila baliabide gehiago ematerik bazutela. Ikuskizunak aurrera jarraitu behar zuen (the show must go on), jantzi zaharrak erantzirik eta arropa berriaz dotoreturik, abangoardiako zein ohiko proposamenetan grabaketak, proiekzioak, zeluloidean hartutako irudiak, poltsikoko telefonoek harrapaturiko eszena biralak eta halakoak hasi ziren agertzen aretoetan, non ikusleak, askotan, lanaren parte ziren.
Antzerkiak berreskuratua zuen aspaldian galdutako bizitasuna. Arina zen berriro, kementsua, gaztea, eta ikusleak pozik, konplize, txaloka. Mugimendua duen irudiarekiko harremana berpiztua zen...
Antzerkiak berreskuratua zuen aspaldian galdutako bizitasuna. Arina zen berriro, kementsua, gaztea, eta ikusleak pozik, konplize, txaloka. Mugimendua duen irudiarekiko harremana berpiztua zen....
Idatzitako horiez guztiez haratago, oso haratago joan da Dejabu konpainiaren atrebentzia azkena. Errenterian sehaska, aterpe, ezkutaleku duten ganberro jator horiek zinema pieza bat filmatzen dute oholtzan dauden bitartean, zinemagilea, kamera eskutan, hortik dabilela, foku, atrezzo eta pantailen artean. Haratago, oso haratago, kameraman-ak filmatzen duen hori zuzenean ikusten baitute antzokira arrimatu direnek.
Paretan dauden irudiek, halere, ez dute itzaltzen ez geldiarazten antzezleen lana. Hor jarraitzen dute jo eta fuego, kontakizunaren haria galdu barik.
Zinema bihurtzen da antzerkia, antzerkia bilakatzen da zeluloide digitala Itzulera izenburuko sarraski zoragarri horretan. Sarraski-balentria. Barrabaskeria gogoangarria. Bihurrikeria sanoa (edo ez hain sanoa, eskerrak...).
Gehiagorik bada Mexiko irreal-erreal batean kokaturiko auskalo zer marabiloso horretan. Zinemazaurituok usaindu egiten dugu Emilia Perez-en fragantzia/kirats gozoa. Zinema amorante dugunok badakigu Thelma eta Louise (haiek bezalakorik ba ote munduan zein infernuetan?) hor daudela. Eta ez bakarrik Thelma, ez bakarrik Louise. Baita Back to the Future-ko Delorean kotxea bezainbeste maitatzen dugun Susan Sarandonen eta Geena Davisen Ford Thunderbird hura ere.
Antzokian gaude, bai, baina berriro botatzen dugu geure burua aske eta harro Coloradoko Arroila Handira. Aske, harro eta lasai oso: zinemak eta antzerkiak elkar eta ganberro maite dute berriro.
