Emakumeok mikrofonoan jaso izan dugu burla, gaur ere batzuk haserre daude ezin dute disimula. Ni ziur nago egunen baten erakutsiko dugula bertsolaritzak barrabilekin zerikusirik ez dula!». 1993ko Bertsolari Egunean kantatu zuen Estitxu Arozenak, eta orduko testuinguruaren lekukorik behinena da bertsoa. Gauzak asko aldatu dira. Asko. Baino ez askok nahi bezainbeste. Oraindik ere emakumezko bertsolari gutxiago daude oholtzan, eta, gainera, nerabezarora helduta uzten dutenen artean dezente handiagoa da nesken kopurua. Horregatik, azken urteetan ugaritu egin dira gaiari buruzko gogoetak, bertso saio esperimentalak, Emakumeen Topaketak... Aurtengo ikasturteari begira ere bildu dira hainbat emakume bertsozale eta bertsolari, erradiografia orokorra egin eta baliabideak jartzeko xedez. Generoen arteko langa amildegi bihur ez dadin. Emakumea eta bertsoa hitzak errimatzen hasi diren honetan, oholtza genero kontuetan hankamotz ez geratzeko.
Historiaren itzalpean gelditu dira bat-bateko kantuan lehen urratsak egin zituztenen izenak: Plazida Otaño, Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar, Iñaxi Etxabe Oliden... Txapelketan, Kristina Mardaras izan zen aurrena. 1986an atera zen lehiara; geroztik, makina bat emakumezko bertsolarik konkistatu du taula. Lehiaketetan parte hartu zuten lehen belaunaldikoak dira, besteak beste, Iratxe Ibarra, Estitxu Arozena, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Agirre, Maialen Lujanbio eta Onintza Enbeita. Ez zuten langintza erraza izan. «Emakumeoi plaza publikoa ukatu egin zitzaigun, eta berreskuratu egin behar dugu lekua». Enbeitarena berarena da aldarria. Kolonizatutako esparru publikoa hartzen hasi ziren orduan, eta horretan diraute, oraindik ere, nolanahiko erronka ez den arren.
Zenbakien mintzoa
Zenbakiek bermatzen dute sortzaileak esandakoa.2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, 43 lagunek hartu zuten parte: 30 gizonek eta hamahiru emakumek. Herrialdeetako lehiaketetan ere nabarmena da aldea —ikus infograma—. Azalpenik badu egoerak. Bertso eskoletan, %47 dira neskak, eta %53 mutikoak. Hasieran kopurua paretsua bada ere, urteak pasatu ahala aldatuz doa proportzioa. Haurren sariketetan, hogei neskako 30 mutikok ematen dute izena. Gaztaroaren bueltan izaten da gatazkarik handiena, 18 urterekin, hain zuzen: nesken %80k uzten dute bertso eskola. Adinean aurrera ere nabaria da aldea, helduen bertso eskoletako partaideen %26 baino ez baitira emakumeak. Zergatia: genero rolak.
Ane Labaka bertsolariak bertso eskolan ikusi du hori, argi eta garbi. «Emakumeak ez gaituzte jendaurreko hezi, eta are gutxiago,geure buruari besteen aurrean hanka sartzeko baimena emateko». Dioenez, gizonak maskulinitatean dira heziak: ausartak behar dute izan, eta zentroan egoteko ahalmena ematen die gizarteak. Emakumeak, aldiz, feminitatean hezten dituzte: perfekzionistak izan daitezen eta neurtuak. Parametro horien baitan sozializatzen dira haurrak. Zer ikusi, hura ikasi. Eta, hala, mutikoek ez dute esparru publikoa okupatzeko hainbesteko mugarik, baina neskei gehiago kostatzen zaie. Hori zer den ondotxo daki bertsolari gazteak: «Gogoan daukat bertso eskolan gehienbat mutilak nituela inguruan, eta nik bertso bat botatzeko haiek bost botatzen zituztela; berdin zitzaiela bertsoaren erdian trabatzea, edo are bertsoa bukatu gabe uztea ere. Ni bertso ona eta osorik kantatuko nuela ziurtatu arte ez nintzen ahoa irekitzeko gai». Hasieran, izaerarekin lotu zuen. Denborak erakutsi dio, ordea, soziala dela arazoa. «Bertso irakasle izan nuen emakumeak aitortu izan dit antzera gertatzen zitzaiola, eta egun, ni irakasle naizela, jokaera bera ikusten dut taldeko neska bakarrarengan».
Amaia Agirre bertso irakasleak ere errealitate berberarekin egin du topo klaseetan. «Bakarkako lana hastean, lehia zuzena da. Pauso hori ematea zaila da. 16 urtetik aurrera, bazara edo ez zara. Etiketak jartzen hasten zaizkizu. Besteen begietara zenbat eta nor zaren kuestionatzen hasten zara, eta emakumeari amildegi bat zabaltzen zaio, eta gora begiratu ordez, behera begiratzeko joera dugu, eta behean zuloa dago». Aletu dezake irakasleak zeintzuk diren trabak: «Norbere buruarekiko konfiantza eta autoestimu falta, eta besteek zer esango duten». Pisu hori handiagoa da emakume gisa sozializatuak izan direnengan. Genero rolen karga ikusten du bertsolariak: «Motxila astunegia da sorbaldak sendo ez badaude». Bertso eskola askotan gertatzen da hala. «Ezin esan kasualitatea denik», dio Labakak.
Oholtza bat gizonarena
«Garai batean, gizonak gizonekin harremantzen ziren, eta emakumeak emakumeekin. Bertsolari eta gai-jartzaileak gizonak soilik zirenean, beren bizi-ikuspegia eta interesguneak plazaratzen zituzten». Ainhoa Agirreazabaldegirena da esaldia. Emakumeen begiradetatik interpreta- tutako errealitateak falta izan dira, haren irudiko.
Eta Labakarentzat ere bai. Dena den, uste du orain arte ikusezin bihurtutakoak mintzagai bihurtzeko bidean daudela. «Lehenago ez zen ohikoa haurdunaldiaz, erditzeaz, abortuaz eta halako gaiez kantatzea. Hilekoari eta emakumeon sexualitateari buruz zer esanik ez. Masturbazioa, esaterako, ez da inoiz aipatu izan emakumeei dagokienez. Gai horiei buruz jardutean, gainera, topikoetan erortzeko joera izan da, eta emakumeon ahotsa garrantzitsua iruditzen zait topiko horiek hautsi eta ikuspegi osoago eta errealago bat eskaintzeko orduan». Aurrera doazela sentitzen du. Dena dela, kexu da gai batzuk falta direlako oraindik ere: «Adibidez, Kattalin Minerrek [iritzigilea] esan zidan bertsolaritzaren datu basean bilaketa bat eginez gero ez dela lesbiana hitza behin ere aipatzen; oraindik iraultzeko bertso asko falta zaigun seinale».
Kateari beste begi bat jarri dio Agirrek: «Ohikoak dira gizonaren burusoiltzea eta ile arazoak, baina emakumearen hilekoa eta menopausia oraindik gai tabuak dira, irristakorrak, eta jartzen direnean, umorea eginez bukatzen dugu. Eta nolako umorea; hala deitzea ere kosta egiten da».
Prisma zabaldu bai, baina ertzak agerian utzi behar direla azpimarratu dute bertsolariek: «Generoa ez da gai emea», esan du Agirrek. Alegia, ez dagokiela emakumeei bakarrik orain arte aditu gabekoak entzunaraztea. Labakak anekdota bat dakar gogora: «Behin, bertso eskolan gai ireki baten aurrean erditze bat kontatzeari ekin nionean, esan zidaten normalagoa zela nik bide hori hartzea emakumea izanda gertuago nuelako. Benetan da niretzat gertuagoko gaia emakume izate hutsagatik? Nire aurretik kantatu zuen gizonezkoak bere alabaren erditzea bikotearen ondoan bertatik bertara bizitakoa izanda ere?». Haren aburuz, ez dago gizon edo emakume gairik. Besterik gabe, denen eskutan dago edozein perspektibak tokia izan dezan. «Nik entzun nahiko nituzke gizonezkoak erditzeari buruz edo emagin baten paperean kantatzen». Katerik ez luke izan behar gaiak: «Gai bat ez da gizonezkoena edo emakumezkoena, mila gizonezkok mila modu ezberdinetan har dezaketelako eta mila emakumek ere bai». Hari beretik tiraka aritu da Enbeita: «Kontua da gaiak bi multzotan banatzen direla: gai unibertsalak eta emakume gaiak. Hilekoa, amatasuna, maitasunaz hitz egiteko zenbait modu... emeegiak dira, eta jendeak esaten du: 'Hemen datoz hauek betikoarekin'. Arazoa hor dago. Gai guztiak guztionak direla onartzen dugunean, zeharo aldatuko dira gaiak eta gaiak planteatzeko moduak».
Zalantzaren ziurtasuna
Arrazoia, ziurtasuna, zalantzarik eza, ozen kantatzea, erantzutea... horiek dira bertsolaritza tradizionalean baloratu izan diren ezaugarriak. Maskulinitatearekin lotuta denak. Eta hori ez da ez txarra eta ez ona, Labakak azpi- marratu duenez: norberak erabaki dezala zein performatu. Kontua hegemonia da. «Txarra zera da, horiek soilik baloratu eta horiek soilik onartzea eta, beraz, inposatzea». Eredu nagusitik kanpo dauden forma horiek ere sortzen ari direla deritzo. «Onartuago dago goxotasunez kantatzea, bukaerako arrazoiari adina garrantzi ematea bertsoa xehetasun txikiekin josteari, emozioei buruz aritzeari...». Bat egin du Agirreazaldegik bertsokidearen esanekin. «Zentzugabea da bertsolari izateko modu bakarra baloratzea beste guztien gainetik. Antzerkian, literaturan edo zinemagintzan sinestezina litzaiguke autore mota jakin bat nagusitzea». Aniztasuna. Horixe aldarrikatu du Enbeitak ere: «Ordua da bertsolari bakoitza hartu eta maskulino-femenino, gizon-emakume bikotasunak kentzeko. Egongo da gizonezkorik suabe kantatzen duenik, eta emakumerik ozen kantatzen duenik. Utzi bakoitzari izaten, ateratzen zaion moduan egiten, eta baloratu bakoitzaren estiloa, bakoitzaren kantatzeko modua...».
X, kantatuko duzu?
Ahots aniztasuna. Hori eskatzen dute, hain justu. Eta emakumeak talde homogeneotzat ez hartzeko. «Bertso saio bat antolatzen ari gara eta neska bat behar dugu.X-ek ezin zuela esan zigunez, zuri deitzea pentsatu dugu». Bertso saioen antolatzaile batek esan zion Labakari. «Mingarriak dira horrelakoak niretzat; zaila da oholtza bat pauso irmoz eta segurtasunez zapaltzea baldin badakizu zure ondokoak bertsotarako gaitasunengatik hautatuak izan direla eta zu, aldiz, bertsotik harago dagoen ezaugarri batengatik zaudela». Saioko emakume bakarra izateak «izugarrizko pisua» dela dio. Haren aburuz, batetik, emakume guztien ordezkaritza egitea espero dute, hein batean, entzuleek; bestetik, gai jakin batzuk emakumearen esku geratu behar direla dirudi. «Bertso saio askotan, eraso sexistekin lotutako gaiak jarri zaizkio saioko emakume bakarrari, eta berdin gertatu da abortuaren gaiarekin. Emakumeen kontua al da soilik?».
Enbeitak ere sentitu du bakarra izatearen zama hori. «Saiatu naiz horretan ez erortzen. Nahikoa dauka Onintzak bere burua ordezkatu, askatu eta ezagutzearekin, munduko emakume guztiak askatu behar izateko». Aho bizarrik gabe hartu du hitza Agirrek ere: «Politikoki zuzenak izateko eraman izan dituzte antolatzaileek emakumeak saioetara; duela urte batzuk, hori zelako korrektoena. Mailarengatik baino gehiago, oholtzari kolorea emateko deitu izan gaituzte».
Beti bestela egitea
«Zenbat eta jende gehiagorengan piztu kontzientzia, orduan eta errazago etorriko dira urak bere onera». Hitzok egin ditu Agirreazaldegik. Aldarri batekin, batera: «Beharrezkoa da gramatika berri bat eraikitzea; hitz, aditz, doinu eta ahoskera berriak proposatzea». Bidean aurrera segitzeko grina du. Labakak bezalaxe: «Pitzadurek lanketa berrien beharra sortzen dute, eta lanketa horietatik pitzadura berriak sortzen dira. Bide luzea dago egiteko, eta pauso txiki batek hurrengo bat eskatzen du, hurrengoak hurrengoa... eta, bitartean, erdigunean dago generoaren gaia».
Eta, hain zuzen ere, zentralitate horri erantzuteko asmoz, Zergatik Wally bideoa plazaratu dute aurtengo Bertso Egunean —loturan ikusgai—, genero ezberdintasunak umorearen bidetik lantzeko. Estitxu Eizagirrek eta Miren Artetxek egindako gidoi horretan, honako hau kritikatzen da: 1985etik daramala bertsolaritzak emakume bertsolarien belaunaldien zain baina, agertzen badira ere, oraindik ere gutxik egiten dutela aurrera. Gogoeta batekin bukatzen da ikus-entzunezkoa: «Gauzak beti berdin egiten baditugu, gauzak beti berdin aterako dira».
Hain justu, premisa hori aintzat hartuta ari dira orain lanean Bertsozale Elkarteko kideak. Egoera aldatu beharra dago, gauzak beste era batera eginez. Hamaika ekimen garatzen ari dira; unitate didaktikoak eta bertso gai berrien lanketa, kasurako. Topaketak beste mugarri bat baino ez dira izan aukera berdintasunaren alde aspaldi hartutako bidean. Aurrera begira, hamaika asmo dauzkate esku artean. Generoa bertsolaritzaren hoskide izan dadin, ekinean dabiltza. Gauzak izan daitezkeelako beti bestela.
OHOLTZA, GENEROAN HANKAMOTZ
Gizonen ahotsez eraiki izan da historian bertsolaritza. Urteekin, baina, ugaritu egin da emakumeen presentzia. Baina inprobisatzaile askori egote hutsak ez dio balio. Bestelako bertsolaritza bat desio dute, heteropatriarkatuaren begiradak eraikia ez dena. Berrikuntza aldarrikatu dute: formetan, gaietan, pertsonaietan....
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu