«Gure espazio naturalak entsegu aretoa eta oholtza dira, eta ez hau». Hala aipatu du Faustino Aranzabal Kresala dantza taldeko zuzendari artistikoak. Espazio modura, nolabait arrotza zaiela erakusgela, baina gogoa zutela agertoki gaineko lana beste formatu batean zabaltzeko. «Modu fisikoago batean» jaso dute, hala, Kresalako dantzarien lana Urtaroen azalak gaueko lubakian erakusketan. Konpainiaren 50. urtemugaren aitzakian prestatu dute, baina Aranzabalek —komisariotza lanetan ere aritu denak—argi utzi du ez dela atzera begirakoa, alderantziz baizik: «Etorkizunera begira dago, iparra non dugun erakusteko». Donostiako Okendo kultur etxean bisitatu ahalko da, hilaren 26ra bitartean.
Oholtza gaineko emanaldietan ateratako argazkiek osatzen dute erakusketaren eduki nagusia. Berrogei dira denera, Juan Carlos Ruiz argazkilariak eginak gehien-gehienak. Kulunka, Soka, Oteizaren kaxa beltza, Zeruko... Kresalaren aro ezberdinetan sortutako piezak ageri dira irudietan; azken urteetan zein duela hiru-lau hamarkada sortutakoak dira dantzak, baina argazki denak dira azken urtekoak. Horrek erakusketari «koherentzia estetiko bat» ematen diola uste du Aranzabalek, baita irudi ia denak argazkilari berarenak izateak ere. «Zuzendaritza eta irakaskuntza lanetan gabiltzanok perfekzioa bilatzen dugu, eta hori ez da existitzen. Niretzat, hemen irudi inperfektu asko daude, baina Juan Carlosen begirada inperfektu horretan egia dago; benetakotasuna».
Aspaldi sortutako piezak Kresalako egungo dantzariek erakusten jarraitu ahal izatea ere garrantzitsutzat du Aranzabalek. Baita taldearen bereizgarritzat ere: «Gure lan egiteko modua epe ertain eta luzera begirakoa da, egiten duguna ez dadin izan efimeroa, moda baten menpekoa». Denboran arrastoa uztearen ideia horri zor zaio, hain zuzen, erakusketaren izenburua. Gaua ere ezinbestez aipatu beharra zuten: «Hori da gure babeslekua, batez ere sorkuntza mailan askorako ematen digulako».
Antonio Gades dantzariaren aipu batek zabaltzen du erakusketa. Dantzaren etikaz ari da, eta hori defendatu du Aranzabalek, dantzak baduela bere zentzu etikoa. «Gu bide motzetatik, txalo errezetatik urruntzen saiatzen gara, lehen inpresio horretatik harago lan egiten; horretarako, begirada pausatua behar da».
Lan egiteko modu horretan, haurrekin egiten duten jarduna lehen lerrora ekarri, eta erakusketan horma oso bat eskaini diete Buba eta bubu ikuskizuneko argazkiei. Umeen dantza irakaslea ere bada Aranzabal, eta eremu horretan hutsuneak nabari dituela aipatu du: «Haurren inguruan askotan esaten da gerora izango ditugun ikusleak sortzen ari garela. Baina ez; haurra une honetan da ikuslea».
Dantzaren bueltako paperak
Argazkiekin batera, ikuskizunetako maskarak eta elementu eszeniko gehiago ere erakutsi nahi izan dituzte. Xabier eta Benito Garate anai artisauek egindako lanak dira, eta haiei ere «ikuspuntu artistikotik» begiratzeko aukera ireki nahi izan dute.
Hiru beira arasek biltzen dute gainontzeko materiala, Kresalaren inguruan sortu den paper euskarriko materiala: kartelak, eskuizkribuak, maketak, liburuak... Bilduma pribatuetatik lortu duten materiala da hein handi batean; Euskal Ballet Nazionala sortzeko proiektuaren 1981eko dokumentua, esaterako, azkenean aurrera egin ez zuena. Beira arasetako batean Gene Yurreren figura nabarmendu dute, Kresalaren sortzailea izan zena. «Dantzari profesionala zen, 1968an Paristik etorri berria. Kanpoko dantza joeretatik asko jaso zuen, hau basamortua zenean». Jorge Oteiza eta Mikel Laboaren alboan ageri da, hala, zenbait argazkitan. «Perspektibatik ikusita, oraindik ere, handik edaten dugu», erantsi du Aranzabalek. Haren hitzetan, «etengabe berrasmatzearen zentzutik» ulertzen du tradizioa Kresalak. Bada, horren «irakurketa poetiko bat» egin dute erakusketan.
Oholtza gainekoa hormetan
Kresala dantza taldeak 'Urtaroen azalak gaueko lubakian' erakusketa jarri du ikusgai Okendo kultur etxean, Donostian. Argazkiak, hainbat maskara eta bestelako materiala bildu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu