Oholtza bete aldarrikapen BBK Liven

Milaka zale batu ditu jaialdiak lehen egunean Kobetamendin. Massive Attackek kontzertu jendetsua baliatu du irudi gordinez eta aldarrikapenez beteriko kontzertu sutsua emateko.

Air taldea, osteguneko emanaldian. MIKEL MARTINEZ / FOKU
Air taldea, osteguneko emanaldian. MIKEL MARTINEZ / FOKU
Bilbo
2024ko uztailaren 12a
15:51
Entzun

Trip-hoparen aitzindarietakoak izateagatik bakarrik ez, Massive Attack taldekoak sobera ezagunak dira beren izaera aldarrikatzaileagatik ere. Horrela, txalo zaparrada artean hartu zituzten zaleek Robert Del Naja, Grant Marshall —Palestina zioen besokoaz bata eta kufijaz bestea— eta gainontzeko musikariak, Risingson abestiaren lehen baxu notak entzun ahala. Eroso musikariak, eta gustura zaleak, doinu epel eta leunetan murgilduta, argi joko eta bideo irudi gordinekin adi-adi taulan ikusten zenari. Irudia soinua beste zaintzen duen taldea da Massive Attack, eta, zehatz-mehatz jositako irudietan, Gaza suntsituaren eta Kieveko bonbardaketen irudiak film klasikoen imajinekin eta The Matrix filmeko irudiak ziruditenekin tartekatzen zituzten, euskarazko azpidatziekin, edo zuzenean euskarazko mezuekin. Euskaraz eta ingelesez egin zituen agurrak Del Najalek ere, eta «herri palestinarrari» eskaini zion emanaldia.

Mezzanine ardatz, klasikoak bata bestearen atzetik kateatu zituen talde ingelesak, ohiko kolaboratzaileekin. Horace Andyrena izan zen lehena, Girl I Love You abestian —gero, Angel-en ere igo zen—; Young Fathers hirukoteak indar ukitu berezia eman zien abestiei, batez ere Voodoo in My Blood hip-hopean. Elizabeth Fraserrek une gogoangarri batzuk utzi zituen: Song to The Teardrop abesten ari zela,  Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa agertu ziren irudietan, eta ikusleen txistuak eragin; bestalde, hodei ilunek emanaldi osoa mehatxuka igaro ostean, Teardrop-en bateria kolpeekin zirimiri pixka bat bat erori zen. Ikuskizun borobila eman zuen taldeak, leunagoa une batzuetan, dantzagarriagoa beste batzuetan, baina fina, eta diskurtsoz betea.

Lehena Flint barik

Joera aldatu du azken urteetan BBK Live jaialdiak, elektronikaren eta doinu dantzagarrien alde, eta gai izan da garaietara egokitu eta zale adintsuagoengana eta gazteagoengana hurbiltzen den kartel bat osatzeko. Horrela, Bristolgoena ez da izan 90eko hamarkadako doinuei festibalak egindako keinu bakarra. Gaueko beste plater nagusietako bat, hain zuzen ere, hamarkada hartan technozaleak eta punkak dantzaleku berberetan batu zituen talde bat izan zen: The Prodigy. Essexekoek (Ingalaterra) hainbat bider bisitatu dute Euskal Herria, baita BBK Live ere, baina ostegunekoa lehen biderra zuten Keith Flint abeslaria hil zenetik; hura zen The Prodigyren irudirik ezagunena, baina Liam Howlett teklatu jotzaileak eta Maxim Realityk gogoz heldu diote erronkari. Klasikoak bata bestearen atzetik aletuta, dantzarako gogotsu zegoen jendetzagaz hasieratik konektatu zuen taldeak; euriak ere ez zuen gelditu festa.

Klasikoak bata bestearen atzetik aletuta, dantzarako gogotsu zegoen jendetzagaz hasieratik konektatu zuen The Prodigy taldeak

Doinu elektronikoak jorratzen dituzte, era berean, Air frantziarrek, nabarmen lasaiagoak, baina. Moon Safari diskoa jo zuten, hasi eta buka, eta dotore aritu baziren ere, bolumen baxuegiak ez zien askorik lagundu publikoarekin bat egiten. Halere, soinu banda polita jarri zioten iluntzeari.

Ibilbide luzeko artistek ez ezik, berriagoek ere erakartzen dituzte zaleak Kobetamendira. Horrela, agertoki nagusian Sen Senra galiziarrak milaka lagun batu zituen. Ez zen bakarra izan, noski. Jimena Amarillok eta Queralt Lahozek txiki utzi zuten karpa. Hain zuzen ere, eklektikotasunak abantaila batzuk ere eskaintzen dizkie antolatzaileei kartela osatzerakoan, edota moldatzerakoan. Azken orduko fitxaketa izan zen Los Punsetes, Cymanderen ordez jotzeko; proposamen guztiz desberdinak eduki arren, eta printzipioz publiko potentziala ere ezberdina izan arren, agertokian bat egin zuten publikoagaz.

Bestalde, bitxia da Kobetamendiko zelai eta agertoki desberdinetan batzen eta nahasten den jendea. Are, agertokietan gustuko ezer aurkitzen ez dutenek Basoa edo Lasai guneetara jotzeko aukera ere izaten dute, DJekin dantzatzeko. Urteekin sustraitu diren proposamenak dira biak —doinu dantzagarriagoak lehenengoan, lasaiagoak bigarrenean—, eta aurten ere jendetza batu da bertan.

Jaialdien zirkuituan

Durangaldean sortutako taldea da Shinova, eta, sinesgaitza dirudien arren, atzokoa lehenbiziko biderra zuten Kobetamendiko oholtzan; haiek ere aipatu zuten. 2008an sortua, metal ukituak izan zitzakeen rock doinuak egiten hasi ziren, baina 2014an Ana y el artista temerario lanarekin indiera jo zuten lotsagabeki eta aurreiritzirik gabe. Ordutik, ohikoa da taldearen izena Espainiako jaialdietako karteletan ikustea. Urteetan egindako lanaren eta kilometroen emaitza dira atzo bigarren agertokian batu zuten zale kopurua.  

Indie panoraman eta Kobetamendin oso ezaguna den beste talde batek ere, Los Planetasek, jendetza batu zuen agertoki berberean. Granadako (Espainia) taldeak duela 30 urte argitaratu zuen Super 8 lehen lan luzea, eta urtemuga baliatuta, osorik aletu zuten.

Atzokoaz nahiko izan ez zutenek gaurko ere badute musikaz gozatzeko aukera. Ezezez (bigarren agertokian, 17:30ean) eta Silitia (karpan, 17:30ean) bizkaitarrek aukera izango dute publiko berri baten aurrean beren proposamenak aurkezteko. Horrez gainera, besteak beste, Grace Jones, Underworld, Khruangbin, Standstill eta Ralphiee Choo artistek kontzertuak joko dituzte BBK Live jaialdiko bigarren egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.