Musika

Ohartarazpen bat hamar kolpetan

Habi taldeak hirugarren lan luzea argitaratu du: 'Ohartu'. Mezu iradokitzailez jositako hamar kantu ondu dituzte, eta 'riff' gogorrez «jantzi»

Habi musika taldeko Jon Ander Artola eta Yeray Gascon
Habi taldeko kide Jon Ander Artola —bateria— eta Yeray Gascon —gitarra eta ahotsa—. HABI
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Begi nini bat zentroan. Inguruan, iris gorri bat. Baina betazalik ez. Ikusmena oztopatuko duen beste elementurik ere ez. Begirada erne bat irudikatu du Habi musika taldeak bere hirugarren lan luzearen azalean; ez ausaz. Diskoak Ohartu baitu izena, eta hori ere ez dute zoriz erabaki. «Jendea ohartaraztea da helburua», esan du gitarrista eta abeslari Yeray Gasconek. Segidan, mezua gehixeago zehaztu du Jon Ander Artola bateriak: «Jendeari zera esan nahi diogu: gelditu pixka batean, eta ohartu zer duzun inguruan». Hain justu, haiek jabetuak dira ariketa hori beti ez dela xamurra, garratza izan daitekeela, eta horren isla dira diskorako eginiko hamar kantak. Atzo taularatu zituzten estreinako aldiz, Arrasaten (Gipuzkoa), eta Ondarroan (Bizkaia) izanen dira gaur gauean, gaztetxean, Ameba taldea lagun.

Diskoaren izena ez ezik, LParen azken kantuaren izena ere bada Ohartu. «Uste dugu abesti horren mezuak balio duela guztien arteko lotura bat egiteko», argitu du Gasconek. Hitzek honela diote, besteak beste: «Ta ohartu naiz ez dela erraza/ beste aldera begiratzea./ Ta ohartu naiz ere/ bakarrik ezin dudala». Mezuak iradokitzailea dirudi, konkretua baino gehiago, baina zertaz ari diren ederki daki aletzen abeslariak: «Nabarmendu nahi dugu denak ezin garela izan borroka guztien banderadun. Aldi berean ezin zara izan, esaterako, munduko pertsonarik ekologistena, eta feministena, eta ezkertiarrena; ezin da, eta are gutxiago bakarrik».

«Beste diskoetarako, lokalean sortu ditugu kantu guztiak, eta bi egunetan grabatu guztiak. Honetan lasaiago ibili gara».

Jon Ander ArtolaBateria

Diskoa kaleratu berritan, erraza da ohartzea kideak pozik direla emaitzarekin. Gainera, nabarmendu dute albuma ontzeko prozesua «berezia» izan dela aurrez ateratako lanen aldean. Adibidez, Artolak aitortu duenez, grabaketak nahiko «inprobisatuak» izan dira, eta hiru «txanda» eduki dituzte. Martxoan lau kanta grabatu zituzten; ekainean, beste lau, eta, uztailean, bi. «Beste diskoetarako, lokalean sortu izan ditugu kantu guztiak, eta, gero, bi egunetan grabatu guztia. Honetan lasaiago ibili gara, eta, denera, astebeteko estudioko lana izan dugu». Produkziorako izaniko tartearen onurak aipatu ditu Artolak: «Bateria lasai probatzea, sartu nahi genituen kontu elektronikoak estudioan bertan egin ahal izatea... polita izan da». Soinuan ere islatu da estudioko lan sakona: presentzia handiagoa dute ahots distortsionatuek, baita builak ere, adibidez. «Orain arte, lokaleko entseguetan eta zuzenekoetan asko gustatzen zitzaigun baliabide horiek erabiltzea, baina diskora ez ziren hain nabarmen ailegatzen. Honetan, bai. Lortu dugu lokaleko giroa diskora ekartzea», onartu du Gasconek.

Gogorrago, zorrotzago

Doinuen «gogortasuna» da disko berriko kantuak elkarren artean lotzen dituen harietako bat. Gitarrarekin eginiko riff-ek, adibidez, presentzia handiagoa dute aldi honetan. Edonola ere, «betiko Habi» dira, kideen esanetan: «Melodia landuak, gitarra zorrotzak eta bateria bizia». Ohiko formulari fidel jokatu dute, baina, abeslariak iradoki duenez, beldurgabe jo dute «alde batera edo bestera», kantaren arabera. Hain zuzen, hala egin ohi du Habik oro har: rocka dute oinarri, baina argi dute rocka ez dela bat eta bakarra. Are: ez lukete nahi hala izatea. «Rockak abizen asko izan ditzake, eta disko honetan bilduta daude izan daitezkeen abizenetako asko», esplikatu du Gasconek, eta adibide bat eman segidan: «Oinatzak abestiarena rock poperoa da; besteena, ez horrenbeste». Halaber, Oskola kantua gogorra eta bizia da, eta bi minutu irauten du. Zapatak, berriz, ilunagoa da.

Bestalde, Gasconena ez ezik, beste ahots bat ere aditu daiteke kantuetako batean: Berde-n, Nagore Arin ere ari da kantari. Taldekideek nabarmendu dutenez, Arin ez da abeslaria berez, baina hastapenetatik da Habiren ondo-ondoan, modu askotara, eta «zentzua» du Berde-n haren ahotsa ere izateak. Gainera, Arinek zuzendu du Lilura abestiaren bideoklipa.

Nostalgiak bustitzen ditu kantuen hitz gehienak, baina, iragazki horretatik pasatuta, beste gai batzuei ere gorde diete tokia diskoan: «Amodioari, ezinegonari, minari», erantsi du Gasconek, eta hau aitortu, umore apur batekin: «Beti gara nahiko tristeak. Izan ere, gorputzak ez digu eskatzen abestea ze polita den mundua, baizik eta zenbat borrokatu behar den pozik egoteko».

«Gorputzak ez digu eskatzen abestea ze polita den mundua, baizik eta zenbat borrokatu behar den pozik egoteko».

Yeray GasconGitarra eta ahotsa

2019an aurreneko diskoa —Loratu— kaleratu zutenetik, Habik urtero eman du lanen bat. Eta aldatu dira gauza batzuk. Beste batzuk, ordea, batere ez: Elkar estudioan grabatu dituzte lan guztiak, Victor Sanchezen gidaritzapean denak, eta Habi beti izan da soilik bi musikarik osatua. Bikote bat izatearen abantailak aipatu ditu Artolak. Lehenbizikoa, umorez: «Whatsapp talderik ere ez dugu behar!». Bestalde, aipatu dute elkarren arteko «konexioa» dutela abantailarik handiena. Gainera, anekdotek demostratutako zerbait nabarmendu du Gasconek: «Inoiz ez digute esan musika ahula egiten dugula bi garelako. Aldiz, askotan esan digute: 'Uste genuen bost pertsona izango zinetela oholtza gainean!'».

Gaur Ondarroan emanen duten kontzertuaz gain, beste hainbat iragarri ditu taldeak jadanik. Hauek dira hurbilen: abenduaren 15ean Lazkaon (Gipuzkoa) ariko dira; 22an, Donostian; eta urtarrilaren 26an, Gasteizen. Otsailean Gernikan (Bizkaia), Amurrion (Araba) eta Azpeitian (Gipuzkoa) izanen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.