Oharkabean igarotako poeta aldarrikatzailea

Bere garaian gutxietsia izan zen Edith Sodergran poeta. Bost olerki liburu publikatu zituen, eta, hein handi batean, hil ondoren lortu zuen sona: Eskandinaviako modernismoaren adibide argia da egun. Hil zenetik ehun urte bete ziren atzo.

Edith Sodergran, artxiboko irudi batean. WIKIPEDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ez naiz emakumea. Neutroa naiz». Hala definitzen zuen bere burua Edith Irene Sodergran poeta finlandiar-suediarrak. Batik bat, gorputza eta generoa landu zituen haren ibilbide laburrean, eta naturaren presentzia ageri-agerikoa da horietan guztietan: haitzak, zuhaitzak, loreak eta basoak dira haren poemen helduleku nagusietako batzuk. Bere garaiko poetekin alderatuta, aurrerakoia zen Sodergran, eta orduan gutxietsia izan bazen ere, Eskandinaviako modernismoaren adibide argia da egun. Zendu zenetik ehun urte bete ziren atzo, hain zuzen.

San Petersburgon jaio zen Sodergran, 1892. urtean, familia burges batean. Ikastetxe alemaniar batean ikasi zuen, eta, besteak beste, alemana, errusiera, ingelesa eta frantsesa ikasi zituen. Lehen Mundu Gerra piztu aurretik, Raivolara joan zen bizitzera familiarekin. Aita tuberkulosiak jota hil zen, eta gaitz hori kutsatu zion Sodergrani, 16 urte baino ez zituenean. Gaixotasuna tratatzeko asmoz, Suediara bidaiatu behar izan zuen, eta egonaldi hark eragin zuzena izan zuen haren idatzietan: izan ere, Ludwig von Muralt izeneko 50 urte inguruko mediku batekin maitemindu zen, eta hari buruz idazten zuen.

Gazte hasi zen bere aurreneko olerkiak idazten. Hasiera hartan, alemanez idazteko joera zuen, baina, handik gutxira hizkuntzaz aldatu, eta amaren ama hizkuntzan idazteari ekin zion: suedieraz. Walt Withman, Friedrich Nietzsche eta Arthur Rimbaud poeta eta pentsalarien eragina nabaria da haren olerkigintzan.

1916. urtean plazaratu zuen aurreneko poema liburua, Dikter (Poemak), baina ez zuen arrakasta handirik izan: haustura sakona ekarri zuen ordura arte egiten zen olerkigintzarekin. Bertso libreak, errimarik gabekoak eta lagunarteko hizkeran idatzitako estiloa erabili zituen Sodergranek aurreneko olerki liburu horretan, eta horrek gatazka eragin zuen orduko literaturazaleen artean. Era berean, autoreak bere burua arrotz ikusten zuen garaiko korronte literarioen barruan, eta sarritan idatzi izan zuen horren inguruan: «Arrotza naiz hemen,/ itsaso hertsagarriaren sakonean datzan lur honetan,/ eguzkia agertzen ari da izpi kizkurrak erakutsiz/ eta airea igerian dut eskuen artean./ Esan zidaten gatibu jaio nintzela,/ hemen aurpegi guztiak egingo zitzaizkidala ezezagun./ Harri bat ote naiz hondoraino jaurtia?/ Fruitu bat adarrak eusteko astunegia?/ Arbola xuxurlariaren inguruan nabil harat-honat,/ nola igoko naiz haren enbor labainean gora?».

Pobrezia eta depresioa

Errusiako Iraultzaren testuinguruan, ondasun guztiak galdu zituen Sodergranen familiak. Aberastasunik gabe geratu, eta pobre bizi behar izan zuten. Egoera horrek depresioa eragin zion poetari. Garai hartakoa da Septemberlyran (Iraileko lira) haren bigarren poema liburua. 1918. urtean argitaratu zuen, eta hitzaurrean aldarrikatu zuen ezerk ez ziola eragotziko idaztea: «Nire mugak aurkitu izanaren ondorio da nire autokonfiantza. Ez dut naizen hori baino gutxiago naizela erakutsiko». Hitz horiek hautsak harrotu zituzten orduko literaturazaleen artean, eta iseka asko jasan behar izan zituen.

Sodergranek, baina, ez zuen amore eman, eta beste bi olerki liburu plazaratu zituen: Rosenaltaret (Arrosen aldarea) eta Framtidens skugga (Etorkizunaren itzala); 1919. eta 1920. urteetan, hurrenez hurren. Hagar Olsson idazlearekin zuen adiskidetasunari buruz idatzi zuen olerki horietan: ahizpa gisa tratatzen zuen. Horrez gain, erlijio kutsuko olerkiak idazten ere hasi zen.

Laugarren liburua plazaratu ondoren, poesia alde batera utzi zuen, eta antropologian murgildu. Handik gutxira hil zen, 1923an, tuberkulosiak jota. Hainbat izan ziren heriotzari buruz idatzitako olerkiak. Kasurako, Egun gaixoak: «Egun osoa igarotzen dut gauaren zain/ gau osoa igarotzen dut egunaren zain/ nire gaixo ohean etzanda nago, paradisuaren lorategian/ badakit ez naizela sendatuko, nostalgia eta ahulezia ez direlako sekula sendatzen».

Hil ondoren, Landet som icke är (Ez den lurraldea) argitaratu zuen Elmer Diktonius poetak, ordura arte argitaratu gabeko olerkiekin. Garaiko beste emakumezko idazle batzuen antzera, hil eta gero lortu zuen ospea Sodergranek.

Euskarara itzulitako olerki bakarra dago: Egunsentia. Teodoro Sorrondegik euskaratu zuen, eta Hegats aldizkariaren 42. zenbakian publikatu zen, 2008. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.