Ogiak badu beste istorio bat

XlX. mendean ingelesek Gasteiz okupatu zuteneko beste bertsio bat kontatu dute 'Ogiak hizketan baleki' ikuskizunean. Oihaneder Euskararen Etxean estreinatuko dute, etzi

Josune Velez de Mendizabal antzezten, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun

XIX. mende hasierako okindegi bat da oholtza. Ogiak eta hura egiteko beharrezkoak diren tresnek apaintzen dute espazioa. Off-eko ahotsak eman du Jose de Elosegi okinaren exekuzioaren berri. Isilunea. Otarrea eskuetan, publikoaren ezkerraldeko korridoretik agertokira igo da Josune Velez de Mendizabal aktorea. «Performance bateko protagonista izango bazina, zer kontatuko zenuke?», esan dio ahotsak. Musika. Eta Velez de Mendizabalek erronka onartu du. Aurrerantzean, alarguntzear den Josefa de Mugikaren azalean jarriko da.

[Youtube]https://youtu.be/ElEVy7-otA8[/Youtube]

Soldadu ingelesek Jose de Elosegi haren senarra exekutatu behar dute Gasteizko Plaza Zaharrean. Garrotez hilko dute. Traidorea izateagatik. Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.500 soldadu ingelesen heriotzen erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote? Ogi pozoitua emango ote zien tropa okupatzaileei? Ingelesek zabaldu zuten bertsio ofizialaren arabera, okin gasteiztarra serieko hiltzaile nagusietako bat balitz bezala pasatu da historiara. «Josefa, Josefa», xuxurlatu dio ahotsak. Izan ere, Josefak bere azalean bizi eta «madarikatzen» du tropa ingeles okupatzaileek ekarri duten gerra; Velez de Mendizabalek, berriz, aktualitatetik kontatzen du istorioa. Dantzak, dramak, umoreak... hogei minutuan guztiak dauka tokia.

Gehienentzat ezezaguna den Gasteizko historiako pasadizo hori kontatzen du Ogiak hizketan baleki proposamen eszenikoak. 1835eko abendutik 1836ko apirilera bitarte hirian bizi izandako atmosfera ekartzen du gogora ikuskizunak. Arte eszenikoetatik, aktibismotik, literaturatik, historiatik eta kazetaritzatik datozen belaunaldi ezberdinetako sei sortzaile elkartu dira egitasmoa sortzeko: Velez de Mendizabal kazetari eta aktorea; Irantzu Lekue artista garaikidea eta kultur aktibista; Edu Zelaieta gidoilaria; Ander Gondra gizarte eta kultura antropologoa; Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta idazlea; eta Marina Suarez eszena zuzendaria. Eskarmentu handiko sortzaileak denak ere. Sei hilabete behar izan dituzte proiektua garatzeko, eta etzi estreinatuko dute obra, Gasteizko Oihaneder Euskararen etxearen areto nagusian, 19:00etan.

Bertsio berria

Ramirez de la Piscinak izan zuen lehenbizikoz istorioaren berri. Heriotzaren kulturaren inguruko Zakatumba jaialdiaren egitarauaren barruan izan zen, Gasteiz, herioaren hiria erakusketan, hain zuzen ere. Ingelesek zabaldu zuten bertsio ofiziala ez zuen guztiz sinisten. Horregatik, pasadizo horren bestelako bertsio bat sortzea «oso istorio potentea» izan zitekeela pentsatu zuen. Ingelesen bertsio ofiziala fake news ala egia ote zen? Galdera horri tiraka, proiektuari ekin zion.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak otsailean antolatu zuten TopAraba topaketan egin zuten bat lehenbiziko aldiz proiektuaren sei parte hartzaileek: euskarazko sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea du helburu egitasmoak. Aukeratuak izan ziren proposamenetako bat izan zen, eta, horri esker, proiektuarekin aurrera egiteko aukera izan zuen taldeak.

Zelaieta gidoilariak azaldu du, Gondrak pasadizoaren dokumentazio historikoa egin ostean, Ramirez de la Piscinari esker jakin zuela Elosegiren testamentua non aurki zezakeen: «Arabako Artxibo Historikora joan nintzen. Elosegiren testamentua ikusi, eta goiko aldean Josefa de Mujikaren izena agertzen zen. Ez genekien nor zen, eta istorioa haren ikuspuntutik lantzen saiatu ginen; artistikoki ematen zigun askatasun osoarekin. Hutsune horretatik eraiki dugu istorioa».

Dokumentazioa landu eta istorioa osatu ostean, Velez de Mendizabal eta Suarez arduratu ziren hizkuntza performatikora eramateaz. Ingelesen bertsioa kontrajarriz, Josefa de Mujika alargunaren bertsio ez-ofiziala sortuz. Gainera, Suarezek azaldu du istorioa gai unibertsaletara eramaten saiatu direla: «Ez da bakarrik kasu jakin horretako bertsio ofiziala zalantzan jartzen. Kasu hori inguratzen dituzten beste zenbait ere zalantzan jartzeko balio du». Galderak aurkezten dituzte ikuskizunean. «Guk ez dugu egiarik», esan du Suarezek. Inork ez daki Josefa nor zen edo zer gertatu zen harekin; beraz,«askatasunez sortu» dute obra.

Sorkuntza mota berriak

Ramirez de la Piscinak azaldu duenez, proposamena gauzatzeko baliabide «berritzaile bat» erabili dute: Argentinan berriki sortutako kazetaritza performatikoa, hots, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen diziplina. Argentinako Anfibia agerkari digitalak 2018an abiatu zuen praktika eszenikoa da, eta Kolonbian ere garatu dute azken bi urteotan. Ikuskizunaren sortzaileen ustez, Euskal Herrian zein Europan tresna eszeniko «guztiz berritzailea» da. Hala, antzezlanean ere teknika berritzaile hori eta teknologia berriak konbinatu dituzte. Esaterako, garai hartako Gasteizko gizartea, atmosfera eta bizimodua arte digitala baliatuz sortutako bideoen bitartez irudikatu ditu Lekuek.

Sei egileek azaldu dute ikuskizuna Gasteizko historia «hobeto ezagutu» nahi duten pertsona guztiei dagoela zuzendua; bereziki, pentsamendu kritikoa landu nahi dutenei. Hiriaren historian galdua egon den pasadizoa beste ikuspuntu batetik landu dute, askatasunez, istorio ofizialaren beste bertsio bat sortuz.

Aurrera begira, eta finantzaketa handiagoa lortzen duten heinean, beste proiektu osoago bat sortu nahi dute artistek; obra luzeago bat, antzokietan emateko modukoa hori ere. Horrez gain, beste performance labur bat ere egingo dute, eta aire zabalean aurkeztea da haien helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.