Ofizioko bizipenak, umorez

Itxaso Payak eta Maria Riverok 'eMcumeak' antzezlana estreinatuko dute igandean, Getxoko Muxikebarri zentroan. Euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea dute helburu.

Itxaso Paya aktorea, Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko presidentea eta Olatz Beobide zuzendaria, atzo, Muxikebarri zentroan, 'eMcumeak' antzezlana aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Itxaso Paya aktorea, Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko presidentea eta Olatz Beobide zuzendaria, atzo, Muxikebarri zentroan, 'eMcumeak' antzezlana aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Getxo
2023ko azaroaren 24a
05:15
Entzun

Gutxietsiak eta mututuak izan dira euskal emakume sortzaileak aspalditik, Itxaso Paya eta Maria Rivero sortzaileen arabera. «Kantuak dio putzu sakon eta ilun bat zela, iraganean, baina orainaldian ere askotan ikusi izan dugu». Emakume horien errealitatea erakusteko asmoz, eMcumeak antzezlana estreinatuko dute igandean, Getxoko Muxikebarri zentroan (Bizkaia), 19:30ean. Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren proiektua da, eta Getxoko Juana Bizkarra egonaldi artistikoari esker gauzatu dute, besteak beste. Umorea, hitz jokoak eta askotariko diziplina artistikoak uztartu dituzte. Tartean, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak.

Payak satira gisa definitu du obra: «Euskal emakume sortzaileen mcdonalizazioa agerian uzten duen satira musikala da». Emakume sortzaileen ikuskizunak kudeatzen dituen enpresa baten jabea eta hartako langilea izango dira Rivero eta Paya, eta, enpresa propioa martxan jarri bezain laster, jazarri egingo zaizkie lehengo enpresakoak. Egoera salatzeko, komunikatu bat zabaltzea erabakiko dute bi ekintzaileek, eta casting bat ere irekiko dute, sortzaile berriak aurkitzeko. Kulturaren sektoreko «androzentrismoa» agerian jarriko dute antzezlanaren bitartez, baita kultura kontsumitzeko modua ere: «Egun, janari espres gisa kontsumitzen da kultura sarri: merke eta arin», esan du. Eszenografia ere ideia horri tiraka osatu du Iñaki Ziarrusta Atx Teatroko kideak: janari lasterreko jatetxe famatu bat dirudi.

Euren ofizioko gai sakonak jorratuko dituzte obra osoan, bakoitzaren bizipenak abiapuntu gisa hartuta. Horiek guztiak, baina, umorez landuko dituzte: «Komedia bat da; umore absurdoa erabiliko dugu». Riverok azaldu du bi pertsonaiak «oso desberdinak» direla: «Egunerokoan ere hala gara. Gutako bakoitzak bere izaera du, eta hori obran islatzen da». Alabaina, argitu du rol bat interpretatuko dutela biek ala biek: «Pertsonaia bakoitzak gure ukituak izango ditu, baina esajeratu egingo dugu dena».

'eMcumeak' antzezlanaren spota. ZELAKO KULTUR IDEIAK.

Elkarren artean izandako elkarrizketa batetik abiatu ziren bi sortzaileak testua lantzeko. «Kasualitatez hasi zen dena», kontatu du Riverok: «Prozesua nahiko informala izan da hasieratik, baina, apurka-apurka, forma hartuz joan da». Juana Bizkarra egonaldia egin aurretik, Zinelekuk proiektua saritu zuen, eta Harkaitz Cano eta Katixa Agirre idazleen laguntza izan zuten asteburu batez, gidoia lantzeko. «Esan genezake Harkaitz eta Katixa proiektu honen guraso pontekoak direla. Asko gustatu zitzaien ideia, eta haien oniritziak asko ahaldundu gintuen», aitortu du Payak.

Olatz Beobide aritu da zuzendari. «Kanpoko begirada bat nahi genuen, eta asko lagundu digu», adierazi du Payak. Testua irakurri bezain laster «irribarre bihurri bat» atera zitzaiola aitortu du Beobidek: «Errealitate bat da abiapuntua, baina umorez jorratzen dute dena. Oso ondo dago halako mezuak publikoki zabaltzea». 

Baldintza duinak

Irailaren 4tik urriaren 1era bitarte egin dute egonaldi artistikoa, eta «oso gustura» aritu dira bi sortzaileak. «Duintasunez lan egiteko aukera izan dugu: hilabetez baliabide ezin hobeak eskaini dizkigute. Horrek izan beharko luke egoerarik arruntena, baina, zoritxarrez, halakoak salbuespena dira», esan du Riverok. Payak ere bat egin du horrekin: «Euskal emakume sortzaileak gutxiengoaren gutxiengoaren gutxiengoan gaude». Era berean, diru laguntzen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du: Eusko Jaurlaritzak, Zinelekuk eta Getxoko kultur etxeak babestu dute proiektua. «Diru laguntza publiko horiei esker atera dugu aurrera gure proiektua, zalantzarik gabe».

Igandean estreinatuko dute lana, Getxoko Muxikebarri zentroan. «Algortarra izanda, oso berezia izango da estreinaldia herrian bertan egitea, lagunez inguratuta, lagun handi batekin oholtza gainean…», aitortu du Payak. Aldi berean, zentroaren beraren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du: «Hiriburuetako kultur ekintzen parean dago Muxikebarri». Gerora, Euskal Herrian barrena bira bat egiteko asmoa dute.

Zelako Kultur Ideiak kooperatibako kideak dira Rivero eta Paya, Gorka Txamorrorekin batera. Iaz sortu zuten kooperatiba, eta kultura, elkarlana, euskara eta feminismoa dira elkartearen oinarriak. «Duintasunaren eta zaintzaren alde lan egiten dugu», zehaztu du Riverok. Denbora gutxian hainbat proiektu sortu dituzte: kasurako, Nor da Maurizia? ikuskizun pedagogikoa. Hala ere, eMcumeak izango da haien «lehen produkzio serioa», Payaren hitzetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.