Ofizioari lotutako mitoa

Bob Dylanek 'Rough and Rowdy Ways' bere azken diskoan oinarritutako bi kontzertu emango ditu, astelehenean eta asteartean, Donostiako Kursaalean

Bob Dylan, 2011n Tel Aviven (Israel) emandako kontzertu batean. ABIR SULTAN / EFE.
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
82 urterekin eta etengabeko bira batean egoteak adierazten duen guztiarekin iritsiko da Bob Dylan heldu den astearen hasieran Donostiara. Herri musikaren mito bilakatuta, baina barruan daraman ikonoari baino gehiago, ofizioari lehentasuna emanda. Urteak dira musikari estatubatuarrak erabaki zuela ez dagoela publikoak eskatzen duenari men egiteko prest, eta horrek berak bihurtu du pertsonaia ezeroso bat askorentzat. Rara avis bat klasikotzat jo daitezkeen musikari horien guztien artean. Dylanek, gaur egun Like a Rolling Stone, Blowin' in the Wind eta bere lumatik atera diren beste dozenaka ereserki oholtza gainean jotzeari muzin egiten dion baina ikonoaren aura mantentzen duen horrek berak, bi kontzertu emango ditu Donostiako Kursaaleko auditoriumean, astelehenean eta asteartean. Sarrerek 65 eta 205 euro artean balio dute, eta oraindik gelditzen dira garestienetako batzuk saldu gabe.

Euskal Herrira ekarriko duen birari Rough and Rowdy Ways deitu dio Dylanek, eta ez dirudi oharkabean hartutako erabakia. Izan ere, 2020ko udaren atarian kaleratu zuen izen bereko diskoko kantuek osatzen dute zuzenekoen bizkarrezurra. Rough and Rowdy Ways Dylanen (Duluth, AEB, 1941) estudioko 39. diskoa da, eta, Tempest (2012) kaleratu zuenez geroztik, kantu berriz osatutako lehendabizikoa. Eta lan hartan bezala, blues, country eta folk ahairez josita daude diskoko hamar kantu, oro har, luzeak —70 minutura iristen da orotara—.

Urte batzuk zeramatzan Dylanek kantutegi estatubatuarrarekin osatutako lanak grabatzen. Shadows in the Night (2015) noiz edo noiz Frank Sinatrak abestutako kantuen bertsioek osatzen zuten; Fallen Angel-ek (2016) kontzeptu bera zuen jatorrian, nahiz eta tonuari dagokionez ezberdintasun batzuk proposatzen zituen; eta Triplicate lan hirukoitzak estandarren kantutegi horretan arakatzen segitzen zuen, besteak beste, Irving Berlin, Carl Sigman, Oscar Hammersetin II eta Jerome Kernek idatzitako piezak berreskuratuz.

Rough and Rowdy Ways-ek, ordea, beste oinarri bat du, eta kaleratu zuen momentutik bertatik laudorioak besterik ez zituen jaso prentsaren aldetik. Ez ziren gutxi izan maisulantzat jo zuten kritikariak, eta askok adierazi zuten urteetan grabatutako disko onena zela —bidenabar, Dylanen kasuan askotan erabiltzen den epaia da hori—.

Musikalki, Dylanen azken lanak molde ezberdineko kantuak uztartzen ditu: folk akustikoa —I Containe Multitudes, Black Rider, Key West (PhilosopherPirate)—, blues elektrikoa —False Prophet, Goodbye Jimmy Reed, Crossing the Rubicon—, baladak —I've Made Up My Mind to Give Myself to You— eta bada genero guztiak gainditzen dituen letania bat ere —Murder Most Foul—.

Azken kantu hori, gainera, Rough and Rowdy Ways ezaugarritzen duten hitz landuen erakusle agerikoa da. Bere ia hamazazpi minutuetan, Dylanek John F. Kennedyren hilketan jartzen du fokua, AEBetako azken mendeko kulturari eta aldaketa politikoei erreparatu, eta bidea erreferentziaz josteko. Segidan baitatoz The Beatles eta Tommy diskoko The Who, Elm Street eta The Everly Brothers, Etta James eta John Lee Hooker, Buster Keaton eta Harold Lloyd.

Baina Murder Most Foul-ez harago, Rough and Rowdy Ways-ek hitzetan du bere indargune nagusia. Bizitzari eta heriotzari kantatzen dio Dylanek, bataren eta bestearen garrantzia lehen lerroan jarrita. «Gizakiaren heriotzan pentsatzen dut», azaldu zuen diskoa kaleratu berritan: «Guztion bizitza iragankorra da. Gizaki bakoitza, berdin dio zein indartsua edo ahaltsua den, hauskorra da heriotzaz ari garenean. Orokorrean pentsatzen dut horretaz, ez modu pertsonalean».

Baina diskoan maitasunak ere badu lekua —«Ez dut uste nire bizitza bakarrik bizitzea jasan dezakedanik[...] zuri ematea erabaki dut» kantatzen du I've Made Up My Mind to Give Myself to You-n—, eta irakurketa ugari eragiten dituzten esaldiak barreiatzen ditu pieza batean eta bestean.

Iraganeko printzak

Bere azkeneko lanak Donostian emango dituen kontzertuak ardaztuko baditu ere, Dylanek bere iraganari ere begiratuko dio tarteka, nahiz eta, azkeneko emanaldietan jo izan dituen kantuei erreparatuta, gehienak nahiko pieza ezkutuak izango diren. Adibidez, jo izan du The Band taldearentzat 1971n idatzitako When I Paint My Masterpiece eta baita Watching the River Flow ere, zeina single gisa kaleratu zuen urte hartan bertan.

1970eko hamarkada amaieran eta hurrengoaren hasieran grabatu zituen disko kristauetatik, tarteka berreskuratzen ditu Every Grain of Sand (Shot of Love, 1981) eta Gotta Serve Somebody (Slow Train Coming, 1979), eta JohnWesley Harding (1967) nahiz Nashville Skyline (1969) country-folkari lerrokatutako Dylan aurkeztu zuten diskoetatik ale pare bat ere interpretatzen ditu: Il' Be Your Baby Tonight eta To Be Alone with You. Ez dirudi Donostiako kontzertuetan Most Likely You Go Your Way and I'll Go Mine (Blonde on Blonde, 1966) faltako denik eta ezta bertsioren bat ere.

Azkenaldian bere kide izan dituen musikariak izango ditu alboan kontzertuetan: Bob Britt (gitarra), Charlie Sexton (gitarra), Matt Chamberlain (bateria), Tony Garnier (baxua) eta Donnie Herron (biolina, akordeoia eta mandolina). Eta Dylan bera pianoaren atzean ezkutatuko da, azkeneko urteetan egiten duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.