Joseba Beramendi, 'Exprai'. Marrazkilaria

«Ofizioa da kikiltzen uzten ez dizun pilula»

Joseba Beramendik 'Exprai' izateko baimena eman dio bere buruari: 30 urtez marrazkigintza eta diseinua uztartu eta gero, lanaldi osoz marrazkilari izatea erabaki du, eta kontent da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
edurne elizondo
Iruñea
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Iruñeko Katakrak liburu dendako erakusleihoan dago Joseba Beramendi Exprai marrazkilariak egindako azken lana (Iruñea, 1973). Afizioz marrazkilari eta lanbidez diseinatzaile izan da 30 urtez; orain, afizioa ofizio bilakatzeko urratsa egin du. Gogoari eman dio bidea, azkenean.

Zer moduz komiki azokan?

Katakrakeko erakusleihoan egin dudan marrazkia izan da nire parte hartze bakarra aurtengo aldian. Erakusketak ikusteko denborarik ere ez dut izan!

Marrazkilari lanpetu bat zaren seinale?

Lana badut, bai; ez dut kexarik!

Marrazkilaritzan buru-belarri aritzea erabaki duzu, lanaldi osoz. Exprai izateko baimena eman diozu zeure buruari?

Agian, bai; agian, hori egin dut. Nik ez dakit beste ezer egiten; bizitza osoa eman dut marrazten eta diseinatzen. Diseinatzaile gisa aritu naiz 30 urtez. Egia da oso lan polita dela, eta oso esker onekoa izan zela garai batean, oso lan politak egiten genituelako. Azken urteotan, baina, esparru profesionalean, beherakada handia sumatu dut.

Aldatu delako esparru hori?

Aldatu da, bai. Aldaketa teknologikoak gertatu dira, baina ez hori bakarrik. Lan prekario bat zen lehen, eta orain, are prekarioagoa.

Nola eragin dizuete teknologiaren arloko aldaketek?

Garai batean, diseinatzaileok papererako egiten genituen gure diseinuak. Orain, Internet dugu, eta animazioa eskatzen dizute, eta bideoak editatzen badituzu edo hizkuntzak badakizkizu azpidatziak jartzeko, askoz hobeto.

Lan gehiago, baina prezio berean?

Ezta hori ere; aspaldiko prezioei eutsi dietenez, berez behera egin du jasotzen dugun kopuruak. Bezeroen eta diseinatzaileen arteko harremana ere aldatu da.

Zertan aldatu da?

Nire esperientziaz ari naiz ni. Lehen, konfiantzazko harreman bat zegoen bezeroarekin. Zer nahi duzun galdetu, eta nahi duzun hori moldatzen saiatuko naiz ni. Gaur egun, teknologiaren demokratizazioaren ondorioz, mundu guztiak du gutxieneko ezagutza bat, eta badakite zer eska dezaketen, badakite makinak zer egin dezakeen. Sufrikario bat da.

Lehen balio handiagoa ematen zitzaion zuen sormen lanari?

Edo, besterik gabe, jendeak gure esku uzten zuen lan hori. Egun, sakelakoak aukera ematen digu hamaika gauza egiteko. Ondorioz, jendeak uste du edozer eska dezakeela. Bestalde, uste dut denok erori garela tranpa berean: Instagrameko kontu bat izateak argazkilari bilakatzen gaituela uste dugu. Horrek ere ikuspegi distortsionatu bat ematen digu. Nik, azken garaian, erabaki nuen egiten nuena lana besterik ez zela, eta bezeroak nahi zuena eginen nuela.

Diseinuaren munduko esperientzia txar horrek zer neurritan eragin du marrazkilari bakarrik izateko erabakia?

Izan du eragina. Urteetan, bi esparru horiek uztartu ditut. Beti marraztu izan dut; prentsan egin izan ditut kolaborazioak, eta lanak publizitaterako. Azken urteotan, gero eta lan gehiago egiten hasi naiz, eta horrek ere eman dit konfiantza. Bi liburu egin ditut enkarguz, adibidez. Nik beti nahi izan dut gehiago marraztu, baina egunerokoak eta lanak ez zidaten aukera ematen. Gogoa hor zegoen, eta, azkenean, bidea eman diot.

Uste duzu orain indar handiagoa duela marrazkigintzak?

Oraingoa oso garai ona dela uste dut. Jende pila ari da lanean, eta jende oso ona. Nik ere saiatu nahi dut, nire mugekin, bai eta nire abantailekin ere. Oso azkar egiten dut lan! [kar-kar].

Noiz hasi zinen marrazten?

Puño izeneko marrazkilariari entzun nion behin egin didazun galdera hori okerra dela.

Zergatik?

Egin beharreko galdera delako ea zuk noiz utzi zenion marrazteari. Haurrak garenean, denok marrazten dugu. Eskolan, txikiak garenean, denok marrazten dugu. Eskolako bidean gora egin ahala, baina, askok marrazteari uzten diote. Eskolaren dinamikak berak garrantzia kentzen dio jarduera horri. Batzuok, gustura aritzen ginenez, marrazten jarraitu dugu.

Eta zer eman dizu zuri marrazteak?

Niri gustatzen zait gauzak probatzea, eta neure buruari tranpak egitea.

Ohiko bidetik ateratzea?

Bai. Udan, adibidez, BERRIA egunkariko narrazioak ilustratzeko, ariketa bat egin dut: akuarelekinorban bat egiten nuen, eta gero horren gainean marraztu. Neure buruari ezartzen dizkiot gisa horretako arauak, bide berri horiek probatzeko.

Probatze horretan erakusten du marrazkilariak bere ofizioa?

Bai, zalantzarik gabe. Horretarako balio du ofizioak, horretarako balio du esperientziak; bide berrietan sartu eta onik ateratzeko. Ofizioa da beldurraren aurrean kikiltzen uzten ez dizun pilula.

Enkarguz lan egitea maite duzu? Bertze baten hitzak osatzeko marrazkiak egitea?

Bai, gustatzen zait. Iritzi artikulu ilustratuen oso zalea naiz, adibidez. Prentsan, munduko egunkari handi askotan, halakoak izaten dira. Marrazkiak bat egin dezake testuaren mezu nagusiarekin, baina gerta daiteke kontrakoa esatea ere. Eta hori asko gustatzen zait.

Marrazkiak testuaren menpe egoteari utzi dio?

Bai. Onartu da jada osagarriak direla, ez dagoela bat bestearen menpe, eta bi egilek, gai berari buruz ere, bi mezu zabal ditzatela.

Javier Traite historialariarekin egin dituzu zure azken lanetako bi: Historia disparatada de España eta Historia disparatada de la monarquía. Zer moduzkoa izan da elkarlana?

Bruguera argitaletxeak harengana jo zuen historia liburu bat egiteko, eta marrazkiak egiteko nire izena proposatu zuen. Horrelaxe egin genuen Historia disparatada de España. Ongi funtzionatu zuen, eta monarkiarena egiteko aukera sortu zen.

Erraza da elkarlana?

Traiterekin lan egitea oso erraza izan da, hasieratik. Harreman ona izan dugu. Antzeko umorea dugu, eta erraz aritu ginen.

Lanean segitzeko prest, beraz?

Bai, zalantzarik gabe. Gure etxean esaten dugun bezala, jolasteko gaude hemen. Eta hori egin nahi dut. Etxekoen babesa, hain zuzen, ezinbestekoa izan da marrazkigintzan buru-belarri aritzea erabakitzeko. Familiaren babesik gabe, ezin da. Nik lana uztea erabaki dut; ez hori bakarrik: nire enpresa utzi dut, bazkide nintzen kooperatiba bat utzi baitut. Gurasoen babesa ere beti izan dut, eta asko eskertzen diet. Saiatu nahi dut, eta horretan ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.