Egilea: Alaa al Aswani.
Itzultzailea: Xabier Olarra eta Arantzazu Royo.
Argitaldaria: Igela.
Egiptoren irudikapena dugu Jakobian eraikina, neokolonialismo garaietatik Faruk erregearekin, 1990eko Golkoko Gerra arte, Nasserrek eginiko iraultzatik eta haren ondorengoen diktadura usteleko urteetatik pasatuz. 1930ean eraiki zuen milioiz okituriko Jakobian jaunak, garai hartako europar arkitektura ereduei jarraituz, goi burgesiarako ezin luxuzkoago etxebizitzak bertan paratuz. 1952ko Gamal Abdel Nasserren iraultzarekin bat, mendebaldeko bideetatik barna ihes egin zuten kapitalista haiek, eta erregimen berriko elite militarrek eta goi kargudunek hartu zuten Jakobian eraikina bizileku. Hurrengo hamarkadetan, Egiptoko egoera sozioekonomikoa gainbeheran eta erregimen bera ustelkerian eta larderiazko molde politikoetan gero eta sakonago sartu ahala, maldan behera ere hasi zen gaurko nobela honi izena ematen dion gure eraikina, bai haren itxura eta barne-mantentzeari, bai haren erabiltzaileen mota eta mailari dagokienez. Etxe gainean, adibidez, esku-hutsik landatik hiriburura etorritako jendea metatzen da, bizitoki estu eta eskas bihurturiko garaiko trastelekuetan alokaturik.
Idazle errealista dugu Alaa al Aswani, odontologo lanbidez —Jakobian eraikinean du klinika—, baina arrakasta itzela lortu zuena arabierazko narraziogintzan 2002an obra honekin, bertze hizkuntza askotara eta zinemara salto egin ahal izateraino. Egiptoko bizitza kulturalaren ikur, ez dio aldi berean muzin egiten jardun politikoari, eta oposizioko KifÇyyaren (Aldakuntzarako Egiptoar Mugimendua) fundatzaileetako bat da, hauteskunde sistema benetan librea helburu.
Golkoko Gerrako garaiak dira nobelaren presentea, tankera, kultura, erlijio, bizimodu eta premia anitzetako pertsonaien bidez iraganeko esperientzia ezberdinetara jauzi eginez. Jakobian eraikina abiapuntua da egiptoar jendeen egoera konplexu eta nahasiaren potreta aberats bat egiteko, kontuz atonduriko marra nagusi batzuen inguru.
Lau ildo narratibo funtsezko, egiptoar giroko hainbat aspektutan murgilaraziko dutenak irakurlea. Zaki El Desuqi zaharra, iraganeko goi mailako bizimodu mendebaldarrarekiko nostalgiaz beterik, bere dekadentzia fisiko eta sozialean emearen behar pean etxe-gaineko Busaina neska gazte eta pobrearekin amultsu maitemindurik, hortxe ildo narratibo bat: bertzeak bertze, gai bat aztergai: alegia, belaunaldi berrietako mundu musulmaneko emakume batzuek jorratu nahi dituzten hala moduzko bideak, bizitzan aurrera eginen badute. Busaina bera lehen emaztegai izan duen Taha Xazli gazte frustratu eta suminduarena dugu bigarren ildo narratiboa: larderiazko erregimen baten pean eta Golkoko Gerrak Egipton sorturiko giroan, fundamentalismo musulmanaren iturriak eta jarduerak ikergai. Mendebaldar hezkuntzako Hatem Raxid kazetari kultu eta homosexualaren bizitzaren inguru, hirugarren ildoa. Laugarrena, Mohamed Azzam negozio gizonaren ibilbideak, negozio partikularretara emaniko politikagintza ustela, manipulatzaile eta errepresiboaren behatoki.
Estilo zuzena, ildo narratiboak elkarrekin trebe gurutzatuz, Jakobian eraikina base-kanpamentu halakoa, presentetik iraganera salto eginik askotan, baina irakurlea galarazi gabe, eszena gogorren deskribapenei muzin egin gabe, pertsonaien sentimenduetan eta ezinegonetan irakurlea sarrarazten jakinik, erretratu kritiko zabal eta sakona eskaini digu Al-Aswanik: mundu hari buruzko topiko diren gure ikuspegiak fintzeko balio digun diskurtso narratibo batek —horixe narratibo hutsa, egilearen prediku moralista zehatzetatik guztiz libre— harrapatuko du ezinbertzean euskal irakurlea.
Literatura. 'JAKOBIAN ERAIKINA'
Odontologo baten behatokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu