KRITIKA. Literatura

Odola harituz

Itxaso Martinen 'Punto bobo' eleberriaren azala.
Itxaso Martinen 'Punto bobo' eleberriaren azala.
2025eko otsailaren 9a
04:05
Entzun

'punto bobo'

Idazlea: Itxaso Martin Zapirain. Argitaletxea: Erein.

Lehenengo kolpean bitxia iritzi nion Itxaso Martin Zapirainen bigarren nobelako izenburuari: Punto bobo. Iradokitzailea iruditu zitzaidan, halere. Behin irakurrita askoz argiago geratzen da esanahia; josteko puntu mota oinarrizkoenetako bat da puntu boboa. Garrantzia dute hariak eta jostorratzak nobelan, baita maila sinbolikoan ere. Hari fin batek lotzen ditu kontatzen diren bi istorioak eta beste batek elkartzen liburuko emakumezko protagonistak. Familiartea eta oinordetza hartzen ditu hizpide liburuak, besteak beste. Amatasuna eta bazterketa soziala ere bai.

Bi plano harilkatzen dira. Alde batetik, elkarrizketa hutsean ematen ditu autoreak ama eta alaba baten harremanaren ingurukoak. Komunikazio arazo nabarmena dute bi emakumeek eta talka egiten dute beren izaerek. Bestetik, umea izatera doan Amaren —bai, letra larriz— istorioa kontatzen da. Umea buruko gaitz batekin jaio eta herria zurrumurrutan hasiko da, jaioberria eta Ama baztertuz. Are gehiago isolatzea izango da Amaren erantzuna. Hala, bi planoak tartekatzen doaz. Irakurleak liburuaren erdialdera ondoriozta dezake bien arteko lotura zein den, hainbat ñabardura kontuan hartuta.

Gordina da Amaren eta alabaren istorioaren narrazioa. Narratzaile batek hirugarren pertsonan aletzen ditu familiaren patu krudelari buruzkoak. Tarteka folk horror kutsua dario kontaketari, Amaren heriotzaren eszenan eta etxearen errepresentazioan, batik bat. Martinen idazkera lehorra eta zuzena da oro har, paragrafoen laburtasunak ere horretan laguntzen du. Presentzia handia dute gorputzaren ingurukoek eta idazlea giroen sorkuntzan ere entseatzen da. Lehenago esan bezala, narrazioak ukitu fantastikoa ere hartzen du hainbatetan, modu nahiko mesedegarrian esango nuke. Plano horren itxierarekin zalantza daukat ez ote den berehalakoan ixten. Bestalde, Amaren eta Ixiren arteko harremana sakontasun dezentez garatzen bada ere, bigarren alaba Malenekikoak era presazkoegian jorratzen direla iruditzen zait.

Beste planoan, alabari autismoa diagnostikatu diotela esaten dio amari une batean Joanek. Eta galdetu ea familian aurrekaririk ba ote dagoen. Orduan ohartuko da irakurlea bi istorioen arteko loturaz. Bigarren plano honekin bukatzen da liburua eta bestearenari ez bezala, egoki iritzi diot amaierari; alegia, amak Joaneri izeko Ixiren nahasmena aipatu bai, baina ez dio egia osoa aitortzen. Ez omen da iragana gehiegi haizatu behar, amaren ustez. Hori horrela, eta bizitzaren gaineko ama eta alaben ikuspuntu kontrajarriak gorabehera, alaba babesteko isiltzea erabakitzen du. Kontaketa une horretantxe bukatzeak, gainera, ekintzaren izaera moralari buruz hausnartzeko beta ematen dio irakurleari, esku sartze gehiagorik gabe. Narrazioaren zenbait hari mutur soberakoak iruditu zaizkidan arren, ehun oneko nobela argitaratu du Itxaso Martin Zapirainek, genealogia mingarri bat josiz, puntada sendo eta neurrizkoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.