Narrazioak

Odol kontuak

Kazetaritzan lizentziatua da Andrea Barreira Freija (A Fonsagrada, Galizia, 1986). Literatura fantastikoa idazten du. Palabra de Bruxa (Galaxia, 2018) eta Non hai luz sen escuridade (Urco, 2015) liburuak argitaratu ditu, baita zenbait ipuin ere antologia kolektiboetan, adibidez O libro dos libros (Galaxia) eta Contos do Sacaúntos. Romasanta o criminal (Urco) argitalpenetan. Umeentzako Que pode saír mal? gabon ipuina ere sortu zuen Ana Seoaneren ilustrazioekin. Zenbait irakurle talde koordinatzen ditu Santiagoko Anxel Casal liburutegi publikoan eta Coruñako Miguel Gonzalez-Garces liburutegi publikoan. Narratiba mintegiak ematen ditu, nerabe zein helduentzat, Pontevedrako Taller Abierto Gestion Cultural-en eta baita eskola, institutu, liburutegi, azoka eta literatur ekitaldietan ere. Literatur kritikarako A Sega talde feministako kidea da.

ALEX ROZADOS.
Andrea Barreira Freije.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Odola garbitzea ez da samurra. Ondo dakit, ordu erdi luze baitaramat sofan jesarrita, bertan dagoen orban ñimiño bat kendu nahian, artean niri begira-begira dagoela geratu zaizkion begi horiekin. Zein motatakoa izango da? Berdin dio, denak dira kentzeko zailak.

Egia esan, garbiketako enpresan maila-igoera onartu nuenean ez nuen halakorik imajinatu. Ordutegi hobeak, esaten zuten; soldata hobea, segurtatu zidaten. Hori bete zuten. Jakina! Zerbait bete behar zuten! Gainerako baldintzek ez naute gogaitzen. Egunero, auto berria. Igoerarekin batera, dauden gidabaimen guztietarako ikastaroak ordaintzen zituzten. Dagoeneko ez dakit zenbat ibilgailu probatu ditudan, gama guztietakoak. Eskerrak ez didaten eskatu kamioiak edo anbulantziak gidatzeko! Gero garbitu egin beharko nituzke, seguru! Pentsatzen jarrita... Ez dut sekula motorik erabili... Patinetean bai, ibilia naiz, motxilak pisu galanta izan arren tresna guztiekin... Nola egingo dute banatzaileek bizkarreko mina ez edukitzeko?

Berriketak alde batera utzita,orban dontsuak hor jarraitzen du. Eta orain, irribarrea eta guzti atera zaiola ematen du! Baina, zer demontre gertatzen zaio? Zergatik? Zergatik onartu zenuen igoera? Primeran bizi zinen eskailerak rock and roll-aren erritmoan garbitzen. Baina ea nork esaten dien ezetz nagusiei, daukaten irribarre xarmangarri horrekin, norberaren zain egoteko duten modu horrekin, dela lanera sartu baino lehen, goizeko seietan, dela irtetean, sekula ez gaueko hamarrak baino lehen.

—Ez kezkatu, emakumea! Guk ez dinagu lo askorik egiten!

Tira, ezin zaiela ezetz esan. Eta hemen nago, 35 metro koadroko apartamentu honetan, ñimiñoa izangatik ere atzoko txaletak baino denbora gehiago kendu didana. Baina zenbat odol izan dezake pertsona batek barruan! Eta ez etorri niri koplekin, Dexterrek bi minututan egiten zuen eta holakoak esaten. Ikusi nahiko nuke Dexter hori, ur hotzaren eta izotzaren eraginez eskuak ubelduta, goitik behera gatzez zikinduta eta ur oxigenatuaren usaina dariola, zazpi oihal mota desberdin eta gainerako azalera guztiak kontu handiz igurzten! Eta ni hilekoak uzten dituen orbanez kexatzen nintzen! Beti dago norbait okerrago, amak esan ohi zuenez.

—Ikusiko dun! Hire nagusi berriak gu baino hobeak ditun. Askoz ere malguagoak! Sail horretan ezin hobeto egongo haiz! Garbiketa teknika berriak ikasiko ditun, probatzen ari diren produktu berriak ezagutuko ditun...

Produktu berriak, zer esango didate niri... Handinahia nagusitu zitzaidan, lekutxo bat egin nahia perfekzioaren, desinfekzioaren, ordenaren munduan... Produktu berriak... Atsoen aholkuek baino ez dute funtzionatzen! Hala eta guztiz ere, sofan nago oraindik; eskerrak erosoa den, nahiz eta jarrera honekin, bihar, seguruen, minduta egongo naizen. Jainkosa maiteak! Hara, gainerako guztia ia siku, eta hau oraindik amaitu gabe! Urteek aurrera egin ahala, eramana galtzen ari naiz.

—Curriculum ezin hobea daukan: kimikako karrera, prestakuntza zikloak kimika industrialean, biokimikan, ingurugiroko kimikan...

Bai, egin ahal izan nituen kimika guztiak egin nituen. Nire helburua zen merkatuko garbigarririk onena asmatzea, ia berez arituko zena, zikinkeria orotara egokitzeko gauza... Lan egin nuen lehen enpresetan erotzat hartu nindutenez, etxeko trastelekuan neure laborategia atontzea deliberatu nuen. Eta lortu egin nuen, e! Garbiketaren xaboi filosofala!

Zalantzan egon nintzen erakutsi edo ez... Banituen erreparoak, eraginkortasuna frogatu behar bainuen, efizientzia. Hala, sektorea aldatzea erabaki nuen, eta garbiketaren alorrera pasatu nintzen. Berdin zion zer lantegi, taberna zulo edo etxe motari egin behar zion aurre nire lanbasak, pasaldi bakar batekin garbi-garbi geratzen zen guztia. Nolabaiteko ospea lortu nuen. Bizkorra eta perfektua nintzen. Ez zabor, ez papur, ez amaraun, likido edo koipe aztarnarik...ezer ez zitzaion gailentzen trapuaren pasada bati. Ezer ere ez, benetan,eta ez telebistako iragarkietan esaten duten moduan! Ez nuen hain harroputza izan behar. Nire hantusteagatik izan ez balitz, ez nukeen hemen amaituko...

—Heu haiz bilatzen duguna. Garbitzaile paregabea, aparta. Hi nor erakarriko lehian zabiltzan gorputegiak eta tanatorioak.

Ez zen gehien maite nuen lana, baina zer erru dute hildakoek! Deskantsatu behar badute, osasungarritasun baldintza egokietan izan dadila, bederen. Maitasunez garbitzen nien azala, begirunez txukuntzen ile urdin, grisaxka, beltza... Makillatu nahi ote nituen galdetu zidaten behin. Margotu! Ez! Ederragoak ziren beren horretan, ezer gabe; gainera, nire asmakizunaren eraginez, harekin ukitutako guztiak bere ohiko usaina berreskuratzen zuen. Ohiko bizi-usaina, esan nahi dut, ez ustel-usaina.

Hildakoekin lan egitearen alderik onena da ez dutela kexarik egiten. Orain, ezta bizidunek ere: zer esango dute dena distiratsu geratzen bada! Txarrena da aspertu egin nintzela. Bizkorregi zihoan guztia, eta denbora librea agindu arren, zenbat eta lan gehiago egin orduan eta gehiago eskatzen dizute. Hasieran lau etxebizitza nituen solairu berean; gero, eraikin oso bat; gero, kale bat (bikoitiak goizetan, bakoitiak arratsaldetan), kale txikia, ez dago zertan esajeratu. Gero, aparteko orduak eskatu zizkidaten; hor, jada, ezin izan nuen gehiago. Eta, barrena irakurri izan balidate bezala, han agertu ziren.

—Talentua alperrik galtzen ari haiz. Guretzat, gutxiago gehiago dun, eta ez dinagu esaten esaldi egina delako, oso serio hartzen dinagu.

Eta hala izan zen. Auzoak utzita, luxuzko etxeetara joaten hasi nintzen; eraikinetara beharrean, diskoteka esnobetara baita taberna alternatiboren batera ere. Baina yatea garbitzea itzelezko esperientzia izan zen. Olatuen kulunka gorputzean sentitzea xurgagailua pasatzen duzun artean. Musika klasikorako momentuak dira horiek. Hura bai itsasontzi ederra... Belak zabaldu eta guzti egin nuen! Uretaratu berria ematen zuen. Zikinduko ez balitz, berriro bataiatuko nukeen. Zoriondu egin ninduten. Nire igoeraren giltza izan zen, eta orduan ez nuen kasik erabiltzen nire xaboi filosofala. Denbora nahikoa eta sobera nuen dena dirdiratsu uzteko.

—Ikusiko dun. Agian irudituko zain haien moldeak gureak baino gogorragoak direla. Hala dun eta barre egin zuten nik ulertu ez nuen txantxa batekin, baina, tira, haien txantxa gehienak ez nituen ulertzen, baina ez dun kexarik izango...

Ez dun kexarik izango, ez dun kexarik izango! Ja! Bai zera! Nork aginduko zidan niri banpiroak uzteko eta otsoen lamiekin joateko... Ez diote batere kontu egiten odolari, dena zipriztintzen dute… Eskerrak orban honek ez didan gaina hartu. Etsi beharko dut, eta berriro ekarri garbigarria... Honela ordu gehiegi sartzen ditut... ordaindu, ordaintzen dizkidate... baina jada ez dut niretzako astirik.

Itzultzailea: Bego Montorio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.