Hatortxu Rock euskal presoen aldeko jaialdia abenduaren 17an eginen da Atarrabian (Nafarroa), eta bertan hamazazpi talde izanen dira guztira. Horien artean berritasun asko egonen dira; izan ere, bederatzik estreinakoz hartuko dute parte festibalean: La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicomano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Odei eta Raimundo el Canastero lehenbiziko aldiz izanen dira Hatortxu Rocken. Horiez gainera, beste zortzi talde ere igoko dira oholtza gainera: Mafalda, El Trono de Judas, Nogen, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Afu, Tremenda Jauria, eta DJ Plan B. Aurtengoa jaialdiaren 27. aldia izanen da.
Aurten bi Hatortxu Rock jaialdi izanen dira, abenduan egin ohi denaz gain, uztailaren amaieran festibalaren aldi berezi bat egin baitzuten, hura ere Atarrabian. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, 2020ko eta 2021eko jaialdiak ezin izan zituzten aurrera eraman. Orduko hartan, besteak beste, Anari, Huntza, Skabidean, Ibil Bedi, Delirium Tremens, Zetak eta Rotten XIII aritu ziren oholtza gainean.
Orain dela 23 urte abiatu zuten elkartasun jaialdia, eta, datorren abenduko kartela zabaldu ez ezik, Hatortxu Rocken asmoak ere berriro ekarri dituzte gogora antolatzaileek: «Euskal preso politikoek eta haien senideek pairatzen duten dispertsioa salatzea eta horrek dakartzan gastu ekonomikoak arintzea dira helburuak». Nabarmendu dute, beste behin, dispertsioak «odolustea» dakarrela presoen hurbilekoentzat.
27. aldirako, lelo hau aukeratu du Hatortxuk: Gertu ditugu, gertu gaude. Itxaropentsu daudela oroitarazi dute, baina helburu batzuk ez direla erdietsi oraindik: «Oraindik bada lanik. Baina helmugatik hurbil gaude. Gertu ditugu eta helburutik gertu gaude. Gertu gaude, prest. Azken pauso hori emateko. Gertu ditugu, gertu gaude».
Antolatzaileek gogorarazi dute jaialdian parte hartuko dutenen artean dagoela Skakeitan taldea, eta Atarrabiakoa izanen dela haren azken kontzertuetako bat, «hamarkada bateko ibilbide oparoari amaiera jarri baino lehen». Bestalde, denbora bat geldi izan ondoren, El Trono de Judas taldea oholtzetara itzuli da, eta kontzertuetako bat Hatortxu Rocken eginen du.
Odei, Merina Gris, Brigade Loco eta beste izanen dira 27. Hatortxu Rocken
Abenduaren 17an eginen da euskal presoen aldeko jaialdia Atarrabian. 'Gertu ditugu, gertu gaude' izanen du aurtengo leloa festibalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu