Garai gozoak bizi ditu Sambou Diaby (Iruñea, 1999) aktore zumaiarrak. Duela aste batzuk Euskal Aktoreen Batasunak banatzen dituen Besarkada sarietan errebelazio aktore onenaren aitortza jaso zuen, eta datozen egunotan Miñan antzezlanarekin ibiliko da herriz herri, antzokiz antzoki. Bitartean, tarte bat egin du Gukari elkarrizketa emateko.
Pasa den ostiralean aurkeztu zenuten Miñan antzezlana. Nola joan zen emanaldia?
Hasieran oso urduri nengoen, baina harrera oso ona izan zuen. Luhusoko aretoan 300 lagun sartzen dira, eta 260 bertaratu ziren. Urduritasun handia genuen hasieran, baina lehen hitza esan eta obra guztiak aurrera egin zuen, eta pozik nago, bai.
Protagonista zara antzezlanean. Zuretzako zer esan nahi du horrek?
Protagonista naiz, Ibrahima Balderen rola antzezten dut, eta egia esan, kristoren oparia izan da niretzako aukera hau izatea. Egunero gertatzen den istorio bat da, eta oholtza gainean kontatzea niretzako oso-oso garrantzitsua da.
Miñan liburuak oihartzun handia izan du. Horrek presio handiagoa sortu al dizue?
Liburua jende askok irakurri du, eskoletan ere bai, eta pentsatzen genuen ikusleek izango zutela aurreikuspuntu bat irakurritakoarekin. Obran ez dugu liburu osoa kontatzen, bestela oso luzea izango zen eta. Zati garrantzitsuenak, bai, kontatzen ditugu, sentipen eta emozio denak, eta erronka hori aurrera atera dugu.