Duda handiak inbaditurik bezala, Donibane Garaziko Luis ostatuko berinatik kanpoari so zaio Ekhi Lambert (Irulegi, 1990). Galdua dirudi, bere azken diskoaren azalpena erranalditan antolatzeko hitzen bila. Zeren nola azaldu daiteke, nahiz norberak egina izan, oraindik ongi ulertzen ez den obra bat? «Zaila zait beti ene kantuen zentzua komentatzea; hain zuzen, gauzak musikatu ditut ezin nituelako beste era batez erran. Ez dut sobera neurtzen zer erraten duen disko horrek». Baina norberaren obra bere osotasunean ez ulertzea ez ote da delako obraren azalpen egokia, azkenean?
Bigarren diskoa du Lambertek: Inbasioak. Titulua nondik atera zaion azaltzeko ere zailtasunetan agertu da: «Kantu bat idazten dudalarik, azken gauza da titulua; diskoarentzat, berdin». Edonola ere, argi du tituluak baduela zerikusia diskoak berarengan ukan duen efektuarekin: «Gainditua sentitu naiz momentu batean, pertsonalki [...]. Diskoko lehen kantua Harresia deitzen da; horrekin hasten da: harresi bat bada, eta gainditua da momentu batean».
30 musikarirekin aritu da lanean: Ludovic Leriche pianoan, Oihan Oliarj-Ines baxuan, Joseba Irazoki gitarran, Felix Buff baterian eta Oiasso Kamerata harizko orkestra, besteak beste. Hamabi kantuak Lambertek eginak dira, musikarien aldaketak tarteko. Diskoa martxoan kaleratuko bada ere, test kontzertuak prestatzen ari da Lambert; bat emana du jadanik.
Arrazionala eta poesia
Gertatzen da batzuetan testu, erranaldi edo erran molde batek euskaratik duen bakarra hitzak besterik ez izatea, erdararen kutsua harturik: Lamberten erronketako bat izan da horren saihestea. Diskoa euskaraz eta frantsesez sortu du, baina aldarrikatu du «euskarak euskararen soinua» duela; eta alderantziz. «Ez da euskaratua izan den frantses bat; hizkuntzak bizitua izan behar du». Idazketa prozesuan joan-jinak egin ditu bata eta bestearen artean; prozesua halakoa izateak itzulpen literarioak baztertu ditu. Horren adierazle da diskoarekin batean aterako duen hamabi kantuen hitzen liburuxka; nahiz kantu berari erreferatu, ez dira beti erabat testu berdinak izanen frantsesez eta euskaraz: «Bakoitzak badu bere musika».
«Euskarak askatasuna ematen dit: zerbait ezezagunagoa ateratzen zait, eta aldi berean ene baitan dena; izugarri intimoa»
Halere, nahiz bigarren diskoaren idazketa prozesua bi hizkuntzetan egin eta «euskara frantsesa baino pobreagoa» duen —gizartean frantsesa gehiago erabiltzen baitu—, Lambertek argi du euskara duela sormenerako hizkuntza: «Deskubritzen ditut idazteko eta errateko manera batzuk ez ditudanak sekula erran edo irakurri; metaforak eta irudiak asmatu behar ditut etengabe. Askatasuna ematen dit: zerbait ezezagunagoa ateratzen zait, eta aldi berean ene baitan dena; izugarri intimoa da».
Hain zuzen, hitzen interpretazioa euskara hutsean egin du. Azaldu du ez duela lortzen frantsesez kantatzea. Hastapenean, idazketa prozesua elebidunez landurik, pentsatu zuen kantuari ere aplika ziezaiokeela: «Esperientzia bururaino eraman nahi nuen; bi hizkuntzetan kantatzea: zergatik ez!», oroitu da. Eta garaian bere buruari egin zion galderaz irriz hasi da: «Ezin dut». Bi hizkuntzek ez dute ber funtzionamendua haren baitan: «Frantsesa gehiago dut arrazionalaren hizkuntza, eta euskara ametsa edo poesiarena; beraz, kantuan askoz indar gehiago du enetzat».
Isiltasunetik sortu musika
Duda handiak inbaditurik bezala, Luiseneko berinatik kanpoari so zaio Lambert, berriz ere. Galdua dirudi, bere disko berriaren estiloa zehaztu ezinean. Zeren nola azaldu daiteke, nahiz norberak egina izan, kaxa bakar edo zehatz batean kokatu ezin litekeen obra? «Izugarri zaila zait estiloaren sailkatzea; musikalki gauzak aski urrun pusatu ditut».
Ez da Lamberten lehen diskoa. 2019an atera zuen lehena; gitarra klasikoa oso presentea zuen, eta «musikaren estetika oso landua» zen. Bigarrenerako, ordea, zerbait «nahasiagoa» osatu du: «Sartu ditut gitarra elektrikoak... Badira, aldi berean, harmonia izugarri garatuak, estetikoak, politak, eta ondoan, badira azantzak, gauzak zailak entzuteko». Antzekorik ez duen diskoa aldarrikatu du. Influentzia batzuk ditu, halere: Alain Bashung, Kate Bush eta Maurice Ravel aipatu ditu, adibidez. Baina aitortu du etxean musika guti baizik ez duela entzuten; horrekin lotu daiteke, segur aski, diskoa hain apartekoa izatea. «Sortzen dut, batez ere, bakarrik bainaiz ene apartamentuan, ez delako azantzik sobera: hori dut dinamika. Ene influentzietan ez da koherentzia sobera».
Haren obrak inbaditurik bezala, Luiseneko berinatik kanpoari so zaio Lambert, oraindik ere. Dituen galderei ez dizkie beharbada erantzun guztiak atzeman, baina norberaren obra bere osotasunean ez ulertzea ez ote da delako obraren azalpen egokia, azkenean?