Handia da Xabier Letek euskal letrei eta kantagintzari egindako ekarpena, eta luzea lau hamarkadatan osatu zuen obraren itzala. Harena izena aski ezaguna bada ere, haren figuran eta obran sakontzea falta izaten da sarritan, Alex Gurrutxagaren iritzian. Asmo horrekin osatu du literatura doktoreak Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria saiakera, Alberdaniarekin plazaratu duena. Leteren unibertsoa sakonago ezagutzeko «zubi bat» eskaini nahi dio irakurleari, eta haren ezaugarri nagusietako bat poliedrikotasuna izanik, talaia askotatik begiratu dio poeta, kantari eta intelektual horren ekarpenari.
Leteren gainean egin zuen Gurrutxagak doktore tesia, eta ikerketarako bildutako material askotarikoak oinarri idatzi du orain saiakera. «Aurrean nuen irakurle imajinarioa ez zen Leteren kantagintzan edo poesian aditua dena, baizik eta Lete ezagutzen duena. Herri honetan Lete denok ezagutzen dugu, baina, beste figura askorekin bezala, sakonagora jotzea falta izaten zaigu». Asmo horrekin, eta testu akademiko bat osatu nahi izan gabe, «irakurlearekiko elkarrizketa bat» proposatu du, eta informazioa ez ezik, gogoetak, galderak eta erantzun posibleak ere planteatzen dizkio irakurleari. «Lete ezagutzen duzu, baita haren poema eta kantu batzuk ere. Hitz egin, eztabaidatu eta sakondu dezagun gaiaz mahai baten inguruan. Hori da gonbita».
Konplexutasuna da Leteren figuraren eta obraren «alderdirik interesgarrienetakoa eta, aldi berean, horri buruz idatzi nahi duenarentzat zailenetakoa», Gurrutxagaren iritzian. «Ezin da esan kantaria zela bakarrik, edo poeta bakarrik, edo intelektuala bakarrik; baina hori dena zen, eta zerbait gehiago ere bai. Totem figura horrek, figura handi horrek alor asko konbokatzen ditu. Konplexutasun horrek eragin dio saiakerari». Eta, hori islatzeko, ikuspegi ezberdinetatik begiratuz eta piezaz pieza osatu du testua. Bertan, Leteren obra haren biografiarekin harremanetan topatuko du irakurleak, baita haren pentsamenduaren zenbait gako ere, eta poema eta kantuen atzean egon zitezkeen asmoak ere bai. «Prisma ezberdinak daude; poliedrikoa da zentzu horretan, talaia askotatik gerturatu behar genuelako».
Hori guztia azaltzeko, kronologia zirkular baten bueltan egituratu du lana. «Letek nolabait itxi zuen bere ibilbidea, eta liburuak ere jaso behar zuen Leteren obra, konplexua eta aldakorra izanik ere, zirkularra dela». Hasierako pieza bat eta amaierako beste bat ditu lanak, eta, tartean, hiru atal nagusi, kronologikoki antolatuak: 1965-1978 urteen arteko garaia du hizpide lehenak; 1979tik 1990era bitartekoa bigarrenak; eta azkenak, berriz, 1991-2008 epealdia, «kronologia mantenduz, irakurlea eramanez 40 urteko ibilbide horretan».
Atal bakoitza piezaz pieza osatzeko, askotariko materialak bildu ditu. 21 poema edo kantu jaso ditu liburuan, eta azalpenez jantzi. «Gustatzen zait pentsatzea nolabait antologia txiki moduko bat dela, antologia esplikatu bat, sartutakoak komentatuta daudelako». Liburu eta diskoen azalen irudiak ere badaude, iruzkinduta, «horiek ere esaten dutelako zerbait garaian garaiko estetikez eta Leteren obraren edukiez». Orain arte argitaratu gabeko zortzi pieza ere badira, pasarte, azalpen nahiz poema formakoak, «Leteren obraren berri sakonagoa» ematen dutela iritzita jasotakoak. Bukaeran, hamahiru orrialdeko bibliografia bat ere osatu du, gaian are gehiago sakondu nahi duenarentzat.
Konplexutasunarekin batera, Leteren beste ezaugarri batean jarri du arreta egileak, izenburura ere emana duena: aberriarekiko zuen kezka. Azaldu duenez, batetik, Letek «asko kantatu zion eta poesia asko idatzi zion aberriari». Ez bakarra, baina haren lehen liburu edo diskotik azkenera arte agertzen den gai nagusietako bat dela gogorarazi du. «Gai nuklear gisa hor dago; Lete aberriaz kezkatutako sortzaile bat zen». Eta, bestetik, Gurrutxagaren hitzetan, Leteren obra eta ibilbidea 40 urtean «Euskal Herriaren urratsen oso modu paraleloan» doa. «Askotan pentsatzen dut jende asko hunkitzen badu hori dela Letez hitz egitea askotan gutaz hitz egitea delako, Euskal Herriaz hitz egitea. Hitza eta pentsamendua jarri zien Euskal Herriak bizi zituen egoera askori, eta horregatik, seguru asko, haren letra asko bere egin ditu jendeak; ez bakarrik ederrak edo esanguratsuak direlako, baizik eta oso geure sentitu ditugulako. Hori oso sortzaile gutxiren esku dago, eta uste dut Leteren gako bat hori dela».
Hain justu «herriaren eta sortzailearen arteko harreman askotan konplexu, kontraesankor eta mingarri» hori da, egilearen ustez, gako interesgarri eta emankorrenetako bat. «Lete gurea da oihuka ari denean eta goxo ari denean; haserretu eta 'Euskal Herri nerea ezin zaitut maite' dioenean, eta 'nun biziko naiz zugandik aparte' dioenean. Guretasun hori da interesgarria, eta hori da hurrengo belaunaldiei kontatu behar dieguna».
Galdeak eta interpretazioak
Lete «totem bat» izan zen, eta da, eta haren ekarpena ez da inondik inora agortu, Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bechen hitzetan. «Zalantzaren kausaren militante» gisa ere definitu du, bere buruari zein gizarteari galderak egiten zizkiona. Eta ariketa bera egin nahi izan du Gurrutxagak ere: galderak plazaratu, eta erantzun posible gisa, bere interpretazioak eman, zintzotasunez, irakurlearekin elkarrizketa bat eraikitzeko. «Hainbat galdera daude, eta irakurketa posibleak ematen ditut. Irakurlearen esku geratzen da pentsatzea, eztabaidatzea...».
Liburua dendetan da dagoeneko. Halaber, bertsio elektronikoan Alberdaniaren webgunean erdi prezioan eskuratzeko aukera egongo da bihar, 24 orduz.
Obra poliedriko baterako zubia
Alex Gurrutxagak 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' saiakera eman du argitara. Talaia askotatik begiratu die poeta eta kantari horren figurari eta obrari, «antologia txiki komentatu bat» osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu