Egilea: Antonio Casado da Rocha.
Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.
Angel Errok liburuaren hitzaurrean —Poeten lehen mintzairan izenekoan— diosku ez dela honakoa Antonio Casado da Rocharen (Errenteria, 1970) lehenengo poema liburua; bai, ordea, euskaraz idazten duen estreinakoa. Eta poemetan antzematen dela esango nuke, agerian geratzen dela —erabilitako erreferentzia eta poemak taxutzeko moduagatik, besteak beste— eskarmentudun poeta baten aurrean gaudela. Testu berean dio Errok errenteriarra poeta behatzailea dela sortzailea bainoago, «irazten duen idazlea, hizkuntzaren zaintza lan ezinbestekotzat duena». Baiki, poesia molde zehatz, xume eta zaindua darabil, XX. mende hasierako imagismoaren eta objektibismoaren tradizioaren ildoan kokatuko nukeena nolabait. Gurean emaitza ederrak eskaini dizkigu poesia molde horrek —Atxagaren bigarren poesia aroko zein Kirmen Uriberen zenbait gauza— eta Esku ezkerraz beste aletxo bat ipintzera dator bide horretan.
Azaleko singletasuna dute poema gehienek, haiku luzeagoak bailiran —sarritan aipatu izan da haikuen eragina arestian aipatu tradizio poetikoan—, baina poemaren irakurketa amaituta, halako hondar sakonago batez jabetuko da irakurlea. Esaten dena bezain adierazkorra izaten baita maiz esateke geratzen dena, poema inguratzen duen orrialdeko zati zuria. Poemetan azaltzen diren elementuak soilak dira, eta tradizio poetiko luzea dutenak azaltzen direnean ere —zerua, hodeiak eta abar— beren ohiko zama poetiko-metafisikoen aztarnarik gabe zaizkigu ageri, poetak beren ondoan kokatzen dituen objektu arruntak —komunak, ordenagailuak, zapatilak, hegazkinak...— bezalakoak izango balira bezala. Ez dago Casado da Rocharen poesian elementu arteko bereizketa sakon eta funtsezkorik; objektu guztiek beren artean dialogatzen dute naturaltasunez, poema guztiei halako egunerokotasun eta etxekotasun kutsua emanez. Ez da poesia metafisiko transzendentala, egon litekeen transzendentalismo oro objektu konkretuetan zertzen da, korrelato objektiboetan. Egunerokotasun hori bereziki ongi ikusten da gizarte garaikideko objektuak —horietako asko teknologikoak— azaltzen zaizkigunean: Windows, Linux, Mac OS Fideltasuna poeman, LTD eta DVDak Hello Kitty-n edo Air Franceko magazine batean poeman. Dudarik gabe, poesiaren inguruko ideia estandar eta ohikoarekin talka egiten du horrek guztiak, eta hain justu horrexegatik da baita ere interesgarri. Horrekin batera, azpimarratzekoa da, orobat, Casado Da Rochak aldizka darabilen ironia fina, Striptease kasu, zenbaitetan zorrozki kritikatzeko ere erabiltzen duena: Hizlarien taxonomia, Apologia del aurresku.
Baina liburuaren bereizgarrietako bat ere euskalduntze prozesua gaitzat hartzen duela da, batez ere Euskal poetak euskaltegira atalean. Jakina, errenteriarra ez da euskaldun berria den lehenengo poeta —hortik esku ezkerrarena—, areago, punta-puntako hainbat poeta ditugu euskaldun berri —Gabriel Aresti, Xabier Montoia, Angel Erro—, baina bai ordea gai hori horrela landu duen bakarra, nik dakidala. Euskararen eta erdararen arteko harremana, hizkuntza eta mundu-afektiboaren artekoa edo aita eta seme-alaben artekoa ehuntzen dira, besteak beste, atal horretan. Tartean Joseba Sarrionandiaren Preso egon denaren gogoa poemaren bariazio bat —Joseba Espinsarena—, Bernardo Atxagaren Trikuarena-n oinarritutakoa —28— edo JosAnton Artzeren Hegoak ebaki banizkion-en moldaketa umoretsu bat —Txerriak txerri— aurki ditzakegu.
Poema-liburu aski interesgarria eskaini digu Casado da Rochak euskarazko bere lehenengoan. Gaien trataera berri eta ahots berri bat. Ez dadila azkena izan.
Literatura. 'ESKU EZKERRAZ'
Objektu arteko poesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu