Oasis taldea uztea erabaki du Noel Gallagher gitarristak, hirugarren aldiz

Liam anaiarekin ezin duela lanean jarraitu azaldu du, eta izandako iskanbilengatik nekatu egin dela

2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Ezin dut Liamekin lanean jarraitu, ezta egun bakar bat ere». Noel Gallagherrek lepotik gora zuen herenegun gauean, eta Oasis taldea uztea erabaki zuen. Gitarra jotzaile eta konposatzaile nagusiak taldearen web orrian jarritako oharrean baieztatu zuen bere asmoa. «Tristura pixka batekin eta lasaitasun ikaragarriarekin esan behar dizuet gaur gauean Oasis taldea utzi dudala». Oasisek kontzertua eman behar zuen gau hartan Parisen, baina Block Party talde gonbidatuak hartu zuen ardura esateko ez zirela agertokira igoko. «Barkamena eskatu nahi diet Parisko, Konstanzko eta Milaneko kontzertuetarako sarrera erosi zutenei», adierazi zuen webean Noelek. Erabaki hori dela eta, litekeena da Oasisen ibilbidea etetea, nahiz eta oraindik ez duten ezer baieztatu.

Dagoeneko hirugarren aldia da Noel Gallagherrek Oasis uzten duela. 1994an taldea utzi zuen denbora baterako, AEBetan kontzertu bira bat egiten ari zirela. 2000. urtean, berriz, «dimisioa» eman zuen, anaiarekin ez zelako ezertan ados jartzen. Ordutik aurrera, Gallagher anaien harremana zeharo iskanbilatsua izan da. Biek bat eginda lortu zuten Oasisekin arrakasta. Orain, ordea, bakoitzak bere bidea egin beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.