Etengabeko iraultza izan dira Alain Resnais zinemagilearen (Vannes, Frantzia, 1922) filmak. Nouvelle vague izeneko Frantziako zinema iraultza olatuaren maisua izan zen, eta sortutako lan bakoitzean ikusleen eta kritikaren harridura eta miresmena jaso zituen. Herenegun hil zen 91 urterekin, Parisen. Bere bizitza pribatuaren zaindari, Florence Malraux laguntzailearekin ezkondu zen 1969an, eta 80ko hamarkadatik Sabine Azema aktorearekin bizi zen.
Frantziako zinema berritzailearen aita eta maisua zen Resnais. Langile amorratua zen, eta aurtengo Berlinalean aurkeztu zuen Aimer, boire et chanter bere azken lana, Alfred Bauer saria eta nazioarteko kritikaren Fipresci saria irabazita. Sariz josita daude Resnaisen lanak, bost Cesar, bi Zilarrezko Hartza, Veneziako Mostrako hiru sari eta Cannesko epailearen sari bereziarekin. Duela 78 urte hasi zuen ibilbide profesionala, oso laudatuak izan ziren dokumental esperimentalekin. 1950ean egindako Van Gogh lanarekin Oscar saria irabazi zuen, eta 1956ko Nuit et brouillard nazien kontzentrazio esparruen inguruko dokumentala bere lanik esanguratsuenetako bat bilakatu zen, baita polemikoena ere, frankismoak filma zentsuratzeko ahaleginak egin baitzituen.
Filmen munduan Marguerite Duras idazlearen lan batekin murgildu zen Resnais. Hiroshima mon amour (1958) zinemagilearen lanik berezi eta ezagunena izan zen. Poesia eta erromantizismoa istorio bitxiaren gidari dira film horretan. AEBen haserrearen ondorioz filma Cannesko lehiatik kanpo gelditu bazen ere, jaialdian Nazioarteko Prentsa Elkartearen saria eta hainbat herritako kritikaren sariak irabazi zituen.
60ko hamarkadan egin zituen ibilbideko lanik garrantzitsuenak. Durasekin batera, nouvelle romain mugimenduko Alain Robbe-Grillet eta Jean Cayrol artistekin sortu zituen L'année dernière à Mariembad (1961), Muriel ou le Temps d'un retour (1964) eta Je t'aime, je t'aime (1968). Nazioarteko idazle esanguratsuenekin lan egin zuten, esate baterako, Jorge Semprunekin. Bien arteko lanaren ondorioz sortu zuten La guèrre est finie filma (1966). Hamarkadaren erdialdean gutxi ziren nouvelle vague mugimendua jarraitzen zuten zinemagileak. Bertan ziren François Truffaut, Jean-Luc Godard, Claude Chabrol, Jacques Rivette eta Louis Malle. Eta Resnais, guztien aita, denen maisua. Denetan zaharrena zen, eta zinemagintzan bide berriak bilatzen jarraitu zuen gainerakoek dena eginda zegoela uste zutenean. Azken urteetan ere, Frantzian klasikoak bihurtu diren filmak sortu zituen, hala nola Smoking, no smoking (1993), On connaît la chanson (1997), Les Herbes Folles (2009) eta Vous n'avez encore rien vu (2012). «Pelikulak egitea ondo dago, baina pelikulak ikustea askoz ere hobea da», esaten zuen Resnaisek berak.•
Hilberria. Alain Resnais
'Nouvelle vague'-aren aita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu