Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

'Not pretty images'

2025eko otsailaren 16a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikusi ez baina ozen entzuten den epailearen ahotsak galdekatzen du zutik eta aurrez dagoen emakume bat. Galderen kadentzia azkar eta biolentoak tiroketa baten antz handiagoa dauka tramiteko instrukzio-saio batena baino. Irudien enkoadraketaren norabidea ikusita, pentsa liteke epaiketa-aretoaren goiko partean jarrita modu sotil batean kokatu dela kamera txiki eta ez-nabarmen hori. Akusatuek, salatzaileek, fiskalek, defentsek eta testiguek kameraren presentziaz gaindi errepikatzen dituzte koreografia judizialaren mugimenduak. Hain da diskretua grabazioaren disposizioa, eta, aldi berean, hain da exijentea epaiketaren display guztia, zaila bilakatzen baita kamera horretan erreparatzea.

Alabaina, guganaino iritsi dira epaiketa horren imajinak. Biralizatu egin dira. Bada hedapen horretan irudiaren beraren estatusean aldaketa bat: erregistro-irudiak izatetik espektakulu-irudiak izatera igaro dira. Epaiketa baten erregistro bisuala —ustezko irudi-jario aseptiko hori— denen begietara heldu da. Biolentzia handiko eszena dela ezin uka, Mouliaáren eskuetan erreparatu baino ez dago. Film oso bat egin liteke esku horien mugimenduari segika: elkarren artean talka egiten dute, noraez kaotiko horretan saiatzen dira, nola edo hala, epailearen enbatari eusten, akaso, ziurtasun apur bat pilatzen, gorputza tente mantendu dadin indar zinetiko bat egiten.

1978an, Italiako mugimendu autonomoen indarra handia zenean, hainbat emakumek osatutako zinema kolektibo batek Processo per stupro (Bortxaketagatiko epaiketa) filma egin zuen. Italiako RAI telebista publikoak emakume gazte bat bortxatzeagatik auzipetuta zeuden lau gizonen kontrako epaiketa grabatzea baimendu zion taldeari. Hala, sei zuzendariak bildu ziren —aurretik bazuten beste lanen bat eginda— eta kamerak zein soinu aparatuak harturik abiatu ziren epaiketaren erdigunera. Dokumentu hau ikustea —berez ez da pelikula bat, bideo grabazio bat da, telebistaren logikapean editatua— zaila da oso, nahiz eta zatiren bat topatu daitekeen sareko irudien zulo beltzean. Dena dela, badakigu 1979an bi aldiz emititu zela, eta bi kasuetan, audientzia indize altuak eduki zituela. Telebistaren ahalmen kritikoan zein izaera herritarrean sinesten zen garaian zen.

'Processo per stupro' filma
Processo per stupro filma.

Badira Processo per stupro dokumentalean antzeko egoeratan errepikaturik ikusten ditugunak. Hala nola ze errazkeriaz pizten den gizonen arteko kamaraderia giro zehatz horretan: akusatu, epaile, abokatu zein fiskalen artean ehuntzen den soltura hori; euren arteko lengoaia zinez ziniko eta mingarri hori; dena aldeko dutenen aisetasun hori. Amaieran, bereziki gogorrak dira sententziaren hutsaltasuna jakiterakoan bortxatzaileek egiten dituzten barreak zein txaloak. Ostera, gainera, lortuko zuten telebistan agertutako irudi hauen zirkulazioa oztopatzea, kondenatuek «ahaztuak izateko» zuten eskubidea ere eskuratu baitzuten.

Panorama honen erdian, erregistro aldaketa erabatekoa proposatzen duen film arras konplexu bat: New Yorkeko hirian, Martha Coolidge zuzendariak bere lehen film luzea zuzendu zuen 1976an, Not a Pretty Picture (Ez da irudi polit bat) izenez ezaguna. Zuzendariak institutu garaian bizi izandako biolazio bati buruz hausnartzen du kasu honetan. Duela gutxi errestauratu eta zirkulazioan jarri da (2023an Berlinalen programatu zuten), eta martxoaren 7tik aurrera Filmin plataforman izango da ikusgai. Coolidgeren filmak duen potentzia erreplikaezina iruditu zait: gertaera bakar eta zehatz baten inguruan zentratzen da —biolazioa—, baina disekzionatu egiten du modu kolaboratibo batean ekintza bera. Horretarako, fikzionatzen ditu eszena jakin batzuk —bortxaketaren historiaurrea nola eraikitzen den, nola den kondizio zoli askoren deposizio bat-—, eta errekreatzen ditu beste batzuk —zer gertatzen den bortxaketaren beraren egoeraren baitan—. Reenactment ezberdinen bidez, Jim Carrington jartzen du bortxatzailearen lekuan eta Michele Maneti bortxatuarenean —bizitza errealean halako bat jasan zuenean—. Coolidgek ez ditu egiten saiakera filmiko hauek guztiak asmo pedagogikoz, ezta —pentsa daitekeenaren kontra— asmo nartzisista batez ere. Ostera, emaitza ez da film ekidistante edo sasi-intelektualizatu bat —baita zera ere—. Bortxaketaren beraren ekintza galdekatzeko modu bat da: ulertu nahi du, zinemak eskain ditzakeen estrategien bidez.

Ez dira irudi politak honakoak, baina zalantzarik gabe, bortxaketaren inguruko begiradaren eta honen balizko trataeraren inguruan sakontzeko ezinbesteko bi dira.

'Not a Pretty Picture' filma
Martha Coolidgeren Not a Pretty Picture filma.

'NOT A PRETTY PICTURE'

Zuzendaria: Martha Coolidge.
Urtea: 1976.
Iraupena: 83 minutu.
Ikusgai: Sarean.

'Processo per stupro'

Zuzendariak: Loredana Rotondo, Rony Daopulo, Paola de Martis, Annabella Miscuglio, Maria Grazia Belmonti, Anna Carini.
Urtea: 1979.
Iraupena: 63 minutu.
Ikusgai: Sarean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.