'Nostos', txorien begietatik

'Nostos' erakusketa zabaldu du Unai San Martinek Donostiako Kutxa Kultur Artegunean, ekainaren 19ra arte. Naturarekiko «konexio berezi bat» adierazten du erakusketak, 105 heliograbatutan

Pertsona bat Unai San Martinen obrei begira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Perutik San Frantziskora (Ameriketako Estatu Batuak), San Frantziskotik Extremadurara (Espainia), Extremaduratik Euskal Herrira... txoriekin mendi hegaletan gora darama ikuslea, alde batetik bestera, Unai San Martinen (Eibar, Gipuzkoa, 1964) Nostos obrak. Nor bere sustraietara itzultzea. Horixe esan nahi du nostos hitzak grezieraz, eta sustrai horietarainoko bidaia irudikatzen dio publikoari 105 heliograbaturen bidez; Donostiako Kutxa Kultur Artegunean.

Haizeak astintzen dituen adarren dantzak, txoriak etxeetako teilatuetan pausatuta, zeru hodeitsu eta oskarbiak, kale jendetsuak. Mendi zein itsaso. Denak biltzen ditu San Martinek bere obretan; eta gertutik xuxurlatzen dizkio ikusleari bertan bizi izandako istorioak; zazpi sailetan bereizita.

XIX. mendeko teknika bat eraman du San Martinek Kutxa Kultur Arteguneko paretetara: heliografia. Metodo horrek aukera ematen du kamera ilunak jasotako irudiak berez eta argiaren eraginez erreproduzitzeko; beltzetik zurira bitarteko tinta mailaketa guztiekin. San Martinen arabera, prozesua ez da erraza, inondik inora: «Irudia kobrezko plantxa batera eramaten da, hura tindatu egiten da, eta kalitatezko paper baten gainean inprimatzen da, grabatzeko torkulu batetik igaroaraziz». Nostos-i dagokionez, erdia argazkia eta beste erdia heliograbatua dela azaldu du.

Naturarekiko konexioa

Lan neketsua da, San Martinen ustez: «Horretan murgildu behar du artistak, eta denbora asko eskaini behar zaio». Edonola ere, heliograbatuekin lortutako irudien berezitasunari eta kalitateari esker, hainbat artista garaikidek hautatu dute teknika hori beren irudiak inprimatzeko.

«Tamaina txikiko obrak dira, baina dimentsio artistiko handikoak»: hala mintzo da San Martinen erakusketaz Maria Millan komisarioa. «Edertasun soil bat daukate, baina ukaezina. Sentimendu ugari transmititzen dituzte, oso obra sakonak baitira». Naturarekiko konexio berezi bat adierazten dute San Martinen lanek, eta «txorien begietatik» irudikatzen ditu paisaia asko; «goitik behera».

Pandemiak eragin dituen gorabeherek «kanpora ateratzeko eta nork bere burua ezagutzeko» premia piztu dutela adierazi du Millanek. Eta «arnasgune» hori transmititu nahi dute, hain zuzen, San Martinen obrek. Ez dute berebiziko garrantzirik obren alboan dauden informazio plakek; izan ere, «irudiek berek hitz egiten dute».

Balio handikoak dira artistaren obrak, Millanen ustez. Izan ere, azpimarratu du San Martinena dela heliograbatuak lantzen dituen esku bakarra: «Eta horrek are gehiago aberasten du haren lana». Hala urrutiko nola gertuko paisaiak aurkezten ditu, eta denek dute istorio bat atzean. Gainera, San Martinek ez du aparteko kamerekin lan egiten; «nahikoa ditu kamera analogikoa, eskuak eta irudimena», azaldu du Millanek.

San Martinek nostos-a proposatzen dio ikusleari; naturara eta jatorrizko etxera itzultzea, alegia. «Bizi garen garaiotan, irudien eta soinuen erritmo frenetikoak leku gutxi uzten digu inguruneari begira atseden har dezagun». Erakusketak, ordea, naturari arretaz begiratzeko gonbita egiten dio ikusleari: «Hautematea mantsotzeko era bat da». Hala ere, Arteguneak ez ditu soilik San Martinen heliograbatuak biltzen: zenbait artistaren liburu eta obrak ere jasota daude bitrinetan.

Euskal Herrirako bidea

San Frantziskon bizi da San Martin, baina harreman estua duEuskal Herriarekin: «Ahal dudan bezainbeste etortzen naiz». Nabarmendu du ez zaiola inola ere erraza egin obra horiek guztiak Euskal Herrira ekartzea: «Aduanan egon ziren trabatuta, eta, orduan, galdutzat neuzkan denak: pentsatu nuen ez zirela sekula iritsiko».

Iritsi ziren, ordea. Eta ondo iritsi ere; gaur ireki baitizkie ateak Nostos-ek ikusleei, eta ekainaren 19ra bitarte kontatuko baitizkie Peru, San Frantzisko, Extremadura eta Euskal Herriko paisaien sekretuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.