Musika

Nostalgiaren doinu naturalak

Estudioko bosgarren lana kaleratu du Skabidean musika taldeak: 'Hau errepikaezina izan da'. Hamazazpi kantu bildu dituzte diskoan, lau bertsio tarteko. Ska eta reggae doinuei aski fidel izanagatik, «bereziki libre» jardun dute oraingoan.

Bederatzi kidek osatzen dute gaur egun Skabidean taldea. BERRIA
Bederatzi kidek osatzen dute gaur egun Skabidean taldea. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko urriaren 11
05:10
Entzun

Iraila hastearekin batera eman zuen estudioko bosgarren lana Skabidean taldeak: Hau errepikaezina izan da. Eta, izenburu hori plazaratzearekin batera, borborka hasi ziren sortzen taldearen etorkizunari buruzko galderak. Hori gutxi balitz bezala, diskoaren izen bera du kantu bildumako azken piezak, eta honela dio, besteak beste: «Azken bala baldin bada,/ azken dantza izan bada...». Baina, bada? «Ez dakigu izango den edo ez, baina gauza bera gertatu zen aurreko diskoak ateratakoan ere; uste dut ezin dela jakin», esan du patxadatsu Antonio Iriarte bateria jotzaileak (Mutiloa, Nafarroa, 1996), eta erantzuna are gehiago lausotu du, segidan, Tasio Lopez de Gereñu abeslariak (Iruñea, 1996): «Ez dugu oso argi». Edonola ere, Skabidean-ekoak oso ziur dira beste gauza batzuei dagokienez: esaterako, diotenean orain artekoa guztiz dela «errepikaezina», bizitakoa «mundiala» dela, «egiaz beteak» direla disko berrian bildutako hamazazpi kantak. «Eta nostalgiatik idatziak», erantsi du Iriartek.

Hain justu, hamazazpi kantu kabiarazi dituzte disko bakarrean; lau bertsio, eta hamahiru original. Kideek ulertzen dute jendeari harrigarria suerta dakiokeela abesti kopurua, baina haiek natural bizi dute. Kontatu dutenez, «musika sortzeko grinak» eragin du hori, funtsean. Eta zortzi hilabetez kontzerturik eman gabe egon izanak ahalbidetu. «Zortzi hilabete izan ditugunez, hamazazpi kanta atera dira. Urte eta erdi izan bagenu, igual 25 lirateke. Normala iruditzen zait; sortzaile bazara, gauzak ateratzen dira», esan du Iriartek. 

«Zortzi hilabete izan ditugunez kontzerturik gabe, hamazazpi kanta atera dira. Urte eta erdi izan bagenu, igual 25 lirateke. Sortzaile bazara, gauzak ateratzen dira»

ANTONIO IRIARTESkabidean taldeko bateria jotzailea

Kolpez atera zituzten argitara kanta guztiak, batere aurrerapen abestirik gabe. «Inertziaz jokatu dugu», esan du Lopez de Gereñuk, eta, Iriarterekin batera, elkarrekin argudiatu dute inoiz gutxi aritu direla «estrategia» bati segika. «Ikusten ditugu gure inguruan beste batzuk kantak apurka ateratzen, edo aldiro Durangoko Azokari begira...», hasi da kontatzen Iriarte. Iradoki dutenez, beste eredu batzuetara zuzendu ohi dute begirada, inertziaz hori ere; gustuek gidatuta. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako zenbait lan ekarri dituzte gogora, eta nabarmendu orduan ohikoa zela disko luzeagoak egitea, eta berdin-berdin zirela kanta onez beteak. «Zergatik ez dugu guk aterako London Calling bat [The Clash]? Ez da ezinezkoa». 

Orain arteko estiloari eutsita, ska eta reggae doinuak dira nagusi estudioko bosgarren albumean ere, baina kideek azpimarratu dute «libreago»  jardun dutela aldi honetan. Horren adibide dira Ama kantuaren doinu ezti eta country estilokoa, eta Behin eta berriz altxatu abestiaren soinu «bitxiagoa». Iriarte: «Gauza arraroago batzuk ere badira, soinu eta egitura aldetik, eta pozik gaude haiekin». Edonola ere, «artifiziorik eza» da oraingoan ere taldearen berezko ezaugarria. «Gurea oso soinu naturala da. Skabidean-en jamaikar erara egiten dugu musika». Bestalde, autogestioa oinarri hartuta egin dituzte albumari loturiko lan guztiak.

Hitzei lehentasuna

Aurreko diskoekin alderaturik, kideek aitortu dute konposizio prozesua «guztiz diferentea» izan dela oraingoan. Aldez aurretik, kasu gehien-gehienetan musika sortzen zuten aurrena, eta haren gainean idazten zituzten hitzak gero. «Orain, justu aldrebes egin dugu», kontatu du Lopez de Gereñuk; lehenbizi, hitzak. 

Eta, hala, hitzetan azaleratu da taldeak bizi duen garaia; «nostalgikoa», onartu dutenez. Elkarrekin bizitakoen memoriek harilkatzen dituzte abesti gehienak. «Ez gara hain sakon sartu kontu politikoetan, kantetan ez diogu jendeari esplikatu nola dagoen Palestina, nahiz eta badiren gai sozialak», egin du azpimarra Iriartek. Eta bai, zenbait kasutan aditu daitezke aldarrikapen eta salaketen oihartzun batzuk. Saihetsak apurtu-n, adibidez,«askatasunaren kontzeptua» kapitalari saldu izanaz mintzo dira, bai eta itxurakeriari eta modei katigatuta bizitzeaz. Irmo. «Nola da posible?/ Nola liteke?/ Bihotzera iristeko modurik onena/ saihetsak apurtzea izatea./ Hori bai zorigaitza,/ hori bai zorigaitza/ gure belaunaldiarena». 

Disko berriaz gain, aipatzekoak dira Skabidean-ek azkenaldian eginiko beste zenbait lan. Hamabi urteko bidea dute jadanik, eta, 2022an dokumental bat kaleratu zuten hamargarren urteurrenaren aitzakian —Iriartek eta Ekhiñe Aizkorbek zuzendua da—. Bestalde, taldeak Maite zenuen hiria zuzeneko diskoa eman zuen iaz. 2023ko uztailaren 8an Iruñean eginiko kontzertuan grabatu zuten, Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuenetik 45 urte bete ziren egunean.

Gaur-gaurkoz, hauek dira Euskal Herrirako iragarri dituzten hurrengo kontzertuetako batzuk: azaroaren 2an Bilboko Kafe Antzokian ariko dira; azaroaren 30ean, Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoan, eta urtarrilaren 31n, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.