Etzi hasiko da Nosferatu ziklo berria, hilaren 15ean, eta ikuspegi feministatik ahaleginduko dira zinemaren historiara hurbiltzen. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak izenpean aurkeztu dute 2025eko zikloa, eta garai eta jatorri askotako emakume sortzaileek zuzendutako filmak proiektatuko dituzte. 30 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte abendura bitarte, asteazkenetan, Donostiako Tabakalerako pantailan.
1896. urtea izango du abiapuntu zikloak, eta garai hartatik gaur arteko emakume zinemagileen lana proiektatu eta aldarrikatu nahi dute aurten Nosferatun, 30 film baino gehiagoren bitartez: «Emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreetako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak».
Urtero bezala, Nosferatu zikloaren programazioarekin batera, izen bereko bildumaren parte izango diren beste bi liburu argitaratuko dituztela iragarri dute antolatzaileek; euskaraz bata, eta gaztelaniaz bestea. Euskarazkoa Iratxe Fresnedak koordinatuko du, bildumaren 13. zenbakia izango da, eta urtearen amaieran plazaratuko dute. Gaztelerazkoak, berriz, zikloaren izen bera dauka: Clásicas modernas y extrañas. Historias feministas del cine. Bigarren liburu hori du abiapuntu zikloak, eta bertan, Elisa McCausland eta Diego Salgado koordinatzaileek hiru kategoriatan banatu dituzte filmak: klasikoak, modernoak eta bitxiak.
Hala, liburuaren egitura bera izango du zikloak. Lehenengo, film klasiko deritzenak proiektatuko dituzte, eta aitzindari izan ziren zuzendarien lanak ikusi ahal izango dira; besteak beste, hauenak: Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupinorenak. Modernoen barruan sailkatu dituzte, berriz, Agnes Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmueller, Larisa Sheptiko eta Barbara Loden zinemagileen lanak. Eta, uda ostean, film bitxiekin emango diote amaiera zikloari; horien artean, Susan Seidelmanen, Naomi Kawaseren, Kathy Bigelowren, Jane Campionen, Marina de Vanen eta Isabel Coixeten lanak izango dira ikusgai.