Gizarte hipermodernoan arakatu dute Eduardo Apodakak eta Mitxelko Urangak beren lan berrietan. Helduleku ezberdinak aukeratu dituzte, halere, beren kritikak plazaratzeko. Identitatea, «euskal zera», du hizpide Apodakak Identitatea eta anomalia lanean; gizartearen zaurgarritasun globala, berriz, Urangak Tartaroa. Mina, boterea eta egia obran. Pamiela etxeak eman ditu argitara bi saiakera liburuak.
Identitatea eta, zehazki, euskal identitatea ditu aztergai Apodakak bere saiakeran. Gaian sakontzeko baliatu dituen tresna analitiko, kontzeptu eta teoriak azaltzen ditu liburuaren zati batean, eta gero aplikazioan sakontzen du. Baina bere bizipen eta emozioetatik ere eraiki du liburuaren beste zati bat. «Lan honetan atera dudan ondorioa da hasieran nuen intuizioa, eta hori zen euskal identitatea esaten dugun hori identitate izatera ez dela heltzen, nolabait esatearren, ez dela identitate. Euskal identitate esaten dugunean nahi, amets, utopia edo, batzuetan, lehengo garaietako irudi batekin ari garela, baina gero gure inguruko errealitate soziologikoan ez dugula topatuko euskal identitaterik».
Dagoena identitate sistema bat da, Apodakaren esanetan. «Bada identitaterik, guk denok badugu, baina identikoak diren gure praktika, izateko modu, egunerokoan arruntak diren jardueretan topatzen duguna gehienbat bestelako sistema bat da: hizkuntzari dagokionez, erdal identitate bat topatuko dugu; politikari dagokionez, euskal identitateaz harago doan zerbait, beste sistema bat; merkatuari dagokionez ere bai...». Horren barruan «euskal diferentzia bat» topatu daitekeela dio irakasleak, eta baita «euskal anomalia sorta zabal bat» ere. Hor dago liburuaren mamia: «Identitatea, gehienbat, euskal ez identitate bat da: erdal identitatea esan dezakegu hizkuntzei dagokienean; kanpo identitate bat esan genezake barru-kanpo dimentsioak erabilita... Baina kasu guztietan, sistema horren barruan euskal-tzat jotzen ditugun praktika gehienek edo diferentzietara edo anomalietara jo behar dute». Identitate barruan dibertsitatea neurri batean onartzen delako baliatzen du egileak diferentzia kontzeptua, «beti ere hierarkizaturik eta ondo mailakatutik dagoenean». Eta anomalia, berriz, «diferente izan barik, praktika batzuetan, identitate sistema kolokan jartzen delako praktika horien bidez».
Ideiok argitzeko ahalegin bat da liburua, «eta identitate izatera heltzen ez den zera horren estatusa zein izan daitekeen aztertzekoa hipermodernitate honetan». Sarri esan baita euskal herritarrek «obsesioa» dutela identitatearen auziarekin. «Niri kontrakoa gertatzen zaidala iruditzen zait», dio Apodakak. «Nik ez dut identitatearen gainean obsesio berezirik, baina egunero topo egiten dut harresi moduko identitate batekin. Hori, Bilbon bizi den euskaldun batentzat, adibidez, oso nabaria da. Kalean identitate bat dago, nik sentitzen eta parte hartzen dut horretan, baina nik badut beste zerbait. Beste zerbait hori, Bilbon, anomaloa da. Noraino den anomaloa Euskal Herri osoan? Hor,lekuan lekuko errealitatea topatuko dugu, baina, oro har, Euskal Herrian ere bada anomaloa».
Desertuan, helduleku bila
Kultura hipermodernoaren analisia egitea hartu zuen xede Urangak, eta, mitoen bidez, analogiak eginez plazaratu du bere analisia saiakera liburu berrian. Greziar mitologiaren arabera, inframunduko hiru ataletatik azpimailako arimei zegokien lekua da Tartaro. «Liburuan aldarrikatu nahi dudan ideia da Tartaroa bizi dugula. Gaur egun, gure kultura Tartaro hutsa bihurtu da, nagusiki, globalizazioak ekarri duelako arrisku orok bumeran efektua izatea. Inor ez dago salbu».
Urangaren esanetan, irailaren 11ko erasoen ondotik are argiago azaldu zen ideia hori. «Beldurra nagusi da, eta badirudi denok garela biktima potentzialak, denok bizi gara izuturik». Zer dakar horrek? «Desertu batean bizi gara, ez dakigu zeri heldu, erlijioak jada ez du modernitatean zuen euskarri lan hori egiten, eta noraez horretan, gizaki hipermodernoek jarraitzen dugu euskarrien bila». Zientzia, politika... ez direla ari rol hori betetzen dio. Eta, kontsumismoak ere «ez du esaten amu horiek denak eskuraezinak direla».
Zer da geratzen dena? Urangaren ustez, «itxaropen ilusioa dago, baina mina eta mesfidantza dira nagusi. Kontsumismo zein hipermodernitate honen ezaugarri nagusia zaurgarritasuna da».
Nortasunik ezaren anomaliak
Identitatea du aztergai Eduardo Apodakak lan berrian.Gizarte hipermodernoari kritika egin dio Mitxelko Urangak 'Tartaroa' saiakeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu