Esku artean duen diskoaren azala erakutsi du Xabi Solano Esne Beltza taldeko gitarra jotzaile, soinu jotzaile eta abeslariak. Ni hitzak azaltzen dira. Zergatia azaldu du jarraian: «Bakoitzak ni izan behar du; norbera izan behar du, eta aske izan behar du». Transgeneroari buruz apirilean osatu zuten kantak eman dio Ni (Mauka) diskoari izena eta arima. Kantari helduz azaldu ditu Solanok zazpigarren lanaren nondik norakoak, talde guztiaren izenean: «Abestiarekin ausartu ginen. Guretzako estilo berria zen, dubstep estiloa. Kantak sortu ahala konturatu ginen Ni izenburua diskoarentzat ere aproposa zela».
Diskoaren ardatza da Ni kanta, baina, atzera begira jarri ere jarri ziren, atzo, Esne Beltzako kideak Bilboko Kafe Antzokian egin zuten agerraldian. Solanoren hastapen urteak gogora ekarriz, Etzakit taldearen Izar iheskorra doinu elektronikoz blaituta abiatu zen disko berriaren aurkezpena. Solanoren ibilbidearen erakusgarri, orain bi hamarkada ondutako kanta eguneratua aurkeztu zuen abeslariak. Izena ere aldatu diote sortu duten bertsio berriari: Izar hitza mantendu eta iheskorra kendu diote. Solanok eta Zigor Lanpre DJak abestu zuten kantua atzoko agerraldian.
Hamar urteko ibilbidea du Esne Beltzak, eta beste horrenbeste dira taldearen zazpigarren diskoak biltzen dituen kantak. Asko izan dira urte horietan taldeak jorraturiko estiloak; hip-hopa, reggaea eta ska tarteko. Doinu nahaste hori gorabehera, Solanok lan honekin izan duten erronka aipatu du: «Zazpigarren diskoa izanda, zer erakutsi nahi genuen pentsatzen hasi ginen. Oso zaila da. Esne Beltzak estilo asko jorratu ditu, eta nondik tira ez genekiela genbiltzan. Ideiak atera ahala konturatu ginen produktore baten lana beharrezkoa zela, lantzen ari ginen estiloetan gehiago sakontzeko». Mark Dasousa ekoizlearekin harremanetan jarri ziren horretarako. «Hasieran, Ni abestia egiteko elkartu ginen Mark Dasousarekin, eta emaitza bikaina iruditu zitzaigun. Hortik aurrera, disko osoa berarekin prestatzea erabaki genuen. Dezente elektronikoagoa atera da disko hau».
Doinu elektronikoek presentzia nabarmena dutela azpimarratu duten arren, diskoan reggaea da nagusi, Solanoren hitzetan. Rocka, rapa eta esku soinu hotsak ere gehitu dizkiote. Hein batean, diskoak biltzen duen kolaborazio sortaren isla da doinuen aniztasun hori. Kantuen erdiak bertsioak edo beste musikari batzuekin batera sorturiko abestiak dira.
RIP taldeari keinu
Markos Esteban abeslariak banan-banan aipatu ditu: «Single moduan atera dugun Argitzeraino kantan Valentziako Pupil'les taldea daukagu gurekin. Mi revolución abestia ere, 4 Pesos de Propina talde uruguaitarraren bertsio bat da, eta haiekin batera egin dugu. Gure askatasuna abestian, Olatz Salvador bakarlariaren laguntza izan dugu. Eta, azkenik, Enamorada RIP taldearen bertsioan Tremenda Jauria eta Txerra Bolinaga RIPeko bateria jotzailea izandakoa ditugu».
Azken horrek gehiago sakontzeko aukera eman zien taldekideei. RIPen desegitetik hamabost urte bete dira, eta Txerra Bolinaga bateria jotzailea da bizirik dirauen bakarra. Harekin elkarlanean osatu dute Enamorado de la muerte kantaren bertsioa, nahiz eta izenburua moldatu duten (Enamorada). Solanok erronka handia izan dela aitortu du: «RIPen bertsio bat egitea otu zitzaigun. Erronka zaila bazen ere, aurrera egitea erabaki genuen, eta Txerrarekin harremanetan jarri ginen. Berak ere parte hartu du kantan, abestuz». Kanta cumbia estilora egokitu dute, Tremenda Jauria Madrilgo taldearen parte hartzearekin. Iban Zugarramurdi bateria emaitzarekin pozik agertu da: «Emaitza, gutxienez, kuriosoa izan da. Guk gure estiloa eman diogu. Elkartu gara Txerrarekin, gure modernotasun toke honekin, cumbia bat eginez. Guk behintzat apustu hori egin dugu, eta pozik geratu gara».
Durangoko Azokan egingo dute jendaurreko aurkezpena, Plateruena aretoan, hilaren 6an.
Nortasunari eusteko deia
Esne Beltzak 'Ni' diskoa kaleratu du, bere ibilbideko zazpigarrena eta elektronikara bideratuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu