Rodrigo Diaz de Vivar, XI. mendean bizi izan zen gizaseme bat, alde bateko zein besteko erreinuen zerbitzura ibilitako mertzenario bat izan zen, baina hura hil eta ehun urtera sortutako Mio Cid-en eresia-k konkistatzailearen mitoa sortu zuen, eta, are geroago, frankismoak espainiartasunaren ikur bihurtu. Mitoak irentsi du pertsonaia historikoa, eta, egitateen nondik norakoez ezaxola, iruditeria kolektiboan eragin sakonagoa utzi du. «Azkenean zerk balio du: egia historikoak ala mitoak? Mitoen aurka ezin daiteke bakarrik egin azterketa historikoa, baizik eta literarioa». Hari horri tiraka, Euskal Herrira begira, Patxi Zabaletak jolas egiten du euskal epikari buruz, herrigintzari eta literaturari egin dizkion ekarpenak aztertuz.
Asteon aurkeztu du Nafarroa euskal epikan liburua egile leitzarrak. Bertan, 58 olerki, hamar entsegu labur eta prosa poetikoko bi lan bildu ditu. Forma hori emanda, Zabaletak askatasuna eman nahi izan dio bere buruari. «Hala atera zait», laburbildu du. Hitzaurrean dioenez, euskaldunen epopeiaren kontakizuna «mugatua» da, eta hura, neurri batean, Nafarroari eta galdutako erresumari loturik ageri da. Nazio eta estatu aurrekari gisa, «Nafarroak Euskal Herriari zentzua ematen eta eransten» diola uste du egileak. Horregatik eman dio izenburu hori, eta, bide horretan aurrera eginez, iruditu zaio literaturan egin den erabilera eta tratamendua aztertzeko modukoak direla.
Olerkigintza eta epika
«Euskal epika garaikidean Nafarroaz idatzi dute poeta handi askok: Juan Mari Lekuona, Xabier Lete edo kantagintzako letrak egiten dituzten batzuk —Benito Lertxundi edo Mixel Labeguerie—». Letra horietan, Nafarroako natura eta paisaiak ageri dira, baina Zabaletak herritarrak eurak sumatzen ditu faltan. «Nafarroari buruz egin diren hain olerki ederretan utzi da alde batera jendea».
Beste adibide bat Gabriel Arestiren olerki ezagunena litzateke: «Gaur egun, galdetuko balitzaio edozein euskalduni zein den Euskal Herriari buruzko poema epiko bat, askok erantzungo lukete Aitaren etxea defendituko dut. Halako polemika poetiko bat pizten dut, eta buelta ematen, Ondorengoen etxea defendatuko dut proposatzen dut».
Euskal literaturako beste olerkari gehiagorekin —Oihenart, Orixe, Lauaxeta, Salbatore Mitxelena, Xaho, Imanol Larzabal...— eztabaidatzen eta solas egiten du, zenbaitetan ikuspegi kritiko batez: «Euskal kulturan ekarpen handiak egin dituzte, eta merezi dute euren lanari buruzko ikuspegi kritiko bat, eta hori, gainera, ez da hemen bukatzen». Poesia bidezko dialektika horri olerkizketa deitu dio egileak liburuan.
Kezka bat nagusitzen da, oro har: «Gu euskaldunok, zein gara? Orain bizi garenak, lehen bizi zirenak eta etorkizunean biziko direnak. Guztiok dugu komunean hizkuntza eta iruditeria bat, eta haren gaineko eztabaida ez da beti inozoa izaten. Ez da ipuin kontu bat». Behinola Telesforo Monzonek iradoki zion Zabaletari berari eztabaida politiko, ideologiko, soziologiko eta ekonomikoez harago badagoela beste bat, sakonago eta ezkutuago: iruditeria kolektiboen osaera. «Batzuetan ikusezina da», esan zion Monzonek; baina, ez ikusiagatik, ez du garrantzi gutxiago, Zabaletaren ustez. Hala, liburuan ageri dira euskal identitatea osatzen duten osagai, toki eta ikur ugari: arrano beltza, Orreaga eta Errolanen harria, Aralarko herensugea, amonaren irudia, Amaiur, Martin Ttipia...
Peñalen eta Bizkaia
Halaber, falta diren ikurrei erreparatzen die. Nafarroako historiari dagokionez, 1076ko ekainaren 4an Ramon anaiak orduko Iruñeko erresumako errege Antso Gartzes erail zuen, Funes herrian den Peñalengo muinotik botata. Hilketa haren ondotik, Gaztelak eta Aragoik erresumaren zati handi bat banatu zuten, ordura arte Iberiar penintsulako lehen erreinua zena azpiratuz. Banaketa haren ondotik sortu zen Bizkaiko jaurerria: «Gaur egun, edozein bizkaitarri galdetuz gero nola sortu zen jaurerria, hasten zaizu ematen erreferentzia mitiko batzuk, baina egiazki Peñalenen eman zen haustura; han banatzen dira Bizkaiko jaurerria eta Nafarroa». Egun, Peñalen erreferentzia geografiko bat besterik ez da, oroimen kolektiboan ahaztutako zerbait. Hura gogoan, Peñalengo nazio lotsa poema osatu du, kasurako.
Euskal nortasunaren bidean barna, Zabaletak etorkizuneko iruditeria kolektiboaren osagaiak mahaigaineratzen ditu, hein batean amaierako prosa poetikoan ageri den ideia azpimarratzeko: «Egunen batean denok ohartuko gara mila kolore, nahastura eta doinuko mulatoak garela; eta izadiko hamaika leinuren ondoreko mestizoak».
Nortasunaren bidean barna
Patxi Zabaletak euskal epika eta iruditeria kolektiboa osatzen dituzten ikur eta osagaiak aztertu ditu, olerkiak, prosa poetikoa eta entsegu laburrak biltzen dituen liburu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu