«Pintura beti itzultzen da». Eta irribarreak pizten du gero Idoia Monton artistaren aurpegia (Donostia, 1969). Errealitatearen igurtziarekin zorroztutako ideia horien distira hartzen du gogoetak haren ahotsean. «Lengoaiarik antzinakoena da, eta lantzeko merkeenetako bat ere bai; gazteak, oraintxe, pinturara itzultzen ari dira». Hiru hamarkada eta erdi daramatza ofizioan, eta, nahiz eta 1980ko hamarkadan nagusiki eskultura lantzen hasi, pinturari eskaini dizkio ibilbide horren urterik gehien-gehienak. EHUn egin zituen arte ikasketak, Artelekun ere izan zen, eta, 20 urte ingururekin, 1991n izan zuen lehen erakusketa garrantzitsuetako bat, Madrilen, beste hainbat euskal artistarekin batera. Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium museoaren eta San Telmo museoaren bildumen parte dira haren lanak, 2021ean atzera begirako zabala eskaini zioten Bilboko Rekalde aretoan, eta ibilbide artistikoaren Gure Artea saria jaso du aurten. Epaimahaiak bere jarrera «aurreiritzirik gabea» nabarmendu zuen orduan. Montonek dioenez, edonola ere, tailerreko lana da harentzat funtsezkoena. «Lanek niri balio behar didate, hasteko, horrela bakarrik lor daitekeelako akaso besteei ere balio izatea. Eta, gainera, azkenean ez badute ezertarako balio, ez da ezer gertatzen, haien bidez libre izan ahal izan naizelako, gizarte zapaltzaile honetan». Bartzelonan bizi da aspaldi luzean, baina maiz egiten du Donostiarako joan-etorria, eta horietako batean elkartu da BERRIArekin.
Konbentzioei ihes egitea. Hori izan daiteke zure ibilbideko konstanteetako bat. Ados zaude?
Bai, hori baita artearen helburua, berritasuna. Konbentzioa jadanik hor dago, eta, haren bidez komunikazioa errazagoa den arren, azalekoagoa ere bada. Horregatik, hasieran, konbentzioa inguratzen saiatu nintzen, harengana ahalik eta gehien hurbiltzen, baina hartan erori gabe. Horretan eroriz gero, berresatea baino ez litzateke izango. Baina konbentzioa inguratze horren bidez, ahalik eta jenderik gehienarengana iristen saiatzea zen nire helburua.
Ordurako, nire ibilbidearen hasiera samarrean, argi nuen ez nuela adituentzako arterik egin nahi, ez eta lengoaiaren profesionalentzako arterik ere. Hori delako konbentzioaren ideiaren beste muturra. Konbentzioa ahalik eta jenderik gehienarentzat delako, eta espezialistentzako artea, berriz, elite batentzat. Eta hori ere konbentzio klase bat da. Nire lurralde propioan ibiltzen saiatzen naiz.
Berritasunaren bilaketa aipatu duzu, baina, edonola ere, artearen historiari egindako keinu esplizituak ere baliatzen dituzu maiz zure lanetan. Aipu piktoriko moduko batzuk ere badituzu, zenbait lanetan. Zer-nolako harremana duzu iragan horrekin?
Artearen eta pinturaren historia beti iruditu zait oso interesgarria. Beti hunkitu nau horrek, eta oraindik ere hunkitzen nau. Gainera, antzinako maisuen margolanak ikusteak estimulatu egiten nau, eta pintatzera narama.
«Nire ibilbidearen hasiera xamarretik argi izan nuen ez nuela adituentzako arterik egin nahi, ez eta lengoaiaren profesionalentzako arterik ere»
Eta noiz erabakitzen duzu aipamen esplizituak egitea?
Batzuetan, pintatzen hasterako, aurretiazko ideia bat izaten duzu, eta zuzenean jotzen duzu erreferentzia horretara. Adibidez, hori da 2017an pintatu nuen Tregua margolanaren kasua. Velazquezen Bredako errendizioa-ren bertsio bat da. Aipamen zuzena da hori. 2016an hasi nintzen hura lantzen, Siria gerran zegoen, eta Velazquez agertu zitzaidan, bere gerra gozo eta barroko horrekin. Haren koadrotik hartu nuen egitura, eta hari begiratuta sortu zitzaizkidan nire koadroa amaitu ahal izateko ideiak. Harena errendizio bat da, eta nirea, tregoa bat. Hark baliatutako elementuak nire modura transformatu nituen, eta emaitza krudelagoa da. Pertsonaien atzean Siria bonbardatuaren irudiak txertatu nituen. Inpresio handia eragin zidaten irudi horiek, Egiako auzo osoa suntsitu izan balute bezala zelako. Velazquezek gertakaria kokatzen duen mapa bat ere txertatu zuen bere koadroan, eta nik mapamundi bat jarri nuen. Collage teknika erabili nuen horretarako. Velazquezen lana erabili nuen; erreproduzitu, eta gero ikaragarri manipulatu nuen.
Zer beste erreferente landu duzu azkenaldian?
Hiruzpalau urte daramatzat kubismoa aztertzen: bereziki Braque eta Juan Gris. Oihaletan espazio piktorikoa irekitzen ikasteko balio izan didate. Zoragarria izan da. Asko ikasi dut haiekin. Rubensen Sabinar emakumeen bahiketa eta bahiketei buruzko beste hainbat koadro ere baliatu ditut, bestetik. Manipulatu egin nituen horiek ere, patriarkatuaren ideia lantzeko.
Eta lanean hasterako argi izaten duzu ideia horiek landu nahi dituzula?
Ez, ez. Rubensen koadroak ikusi ahala piztu zitzaidan ideia hori, adibidez. Margolan horiek, gainera, badute halako kutsu haragitsu bat, pixka bat morbosoa ere badena. Rubensek bahiketei buruzko lan pilo bat ditu. Robert Gravesen White Goddess liburua ere irakurri nuen, eta bertan greziar mitoak ikertzen ditu. Heleniar inbasioek gizartea patriarkala bilakatu aurreko matriarkatuaz ere hitz egiten du bertan, eta, hain zuzen, Rubens eta barrokoa dira ideia horien gailurra. Pixka bat haserretzen ninduten haien irudikapenek, eta eraso egin nien, gainean pintatu; eta hainbat objektu sortu zituen horrek.
«Abangoardiaren porrota aipatzen dute askok, eta nik ez dut bat egiten ideia horrekin. Abangoardia artistikoek ireki egin zuten lengoaia, garbitu»
Abangoardien porrotari buruz egin ohi den diskurtsoarekin kritiko azaldu zinen Bartzelonako Halfhouse galerian, Oier Iruretagoiena artistarekin 2018an izan zenuen solasaldi batean. Azaldu zenuenez, iraultza zabaltzeko saiakeran huts egin ahal izan zuten arren, lengoaiak garbitzen lagundu zuten, oinordetzan jasotako protokoloak erauziz.
Abangoardiek iraultzaren propaganda itzela egin zuten, eta oso eraginkorrak izan ziren, gainera. Baina abangoardiaren porrota aipatzen dute askok, eta nik ez dut bat egiten ideia horrekin. Abangoardia artistikoek ireki egin zuten lengoaia, garbitu. Lengoaia guztiak suntsitu zituzten, berriz ere hasieratik berregiteko.
Eta hori bera bada garaipen bat, zure ustez.
Bai, hori da. Ahal izan zuten guztia egin zuten, eta zintzoki egin zuten iraultza horren alde. Noski, iraultza hori ez da gertatu, eta sistemak irentsi egin ditu abangoardia horiek, baina horrek ez du esan nahi porrot egin zutenik.
Bilboko Okela sormen lantegian ere erakusketa jarri zenuen 2018an. Harako prestatutako testuan pintura prehistorikoak pizten zizun interesa aipatzen zenuen, zeren eta, azaltzen duzunez, desiratutako ehiza eszena horiek «autobaieztatutako erritual gisako bat» bihurtzen baitira bertan. Eta, ondorioz, pinturak errealitate berriak sortzen lagun dezakeela diozu. Nola txertatzen da ideia hori zure lanetan?
Mundu bat sortzeko, lehenengo pentsatu egin behar duzu. Pintura tresna bikaina da, eta funtsezkoa izan zen gure zibilizazioaren hasieran. Lehenik mundua pentsatzen duzu eta gero desio edo behar duzuna formulatzen duzu. Ideia bat formulatze hutsak hura posible egiteko bidean jartzen zaitu. Pintatzea pentsatzeko modu bat da, irudiekin, materiarekin, formekin… Pintatzeko, beharrezkoa da behatzea, eta geratu eta kontzentratu egin behar duzu interesatzen zaizun elementua edo ideia hobeto ezagutzeko. Lengoaia irekia da, hau da, indibidualki zuzentzen da, era pribatuan, eta, horren ondorioz, interpretazio ezberdinak izan ditzake eta aberastu egiten du horrek. Ez dena ez da existitzen, baina pintatuta dagoena existitzen hasten ari da.
Baina, irudi publizitarioz eta birtualez gainezka dagoen testuinguru honetan, pintoreok gure subjektibotasuna eskaini behar dugu, irudiak sortzeko bestelako modu batzuk bilatu ahal izateko, bestela boterearen esku geratzen baitira; eta irudiak menperatzen dituenak desioa ere menperatzen du.
«Berrasmatu beharreko kontzeptu bat da edertasunarena, eta hori da artearen lana. Jadanik baden edertasunari edertasun berri bat gehitu nahi diogu»
Bilboko Rekalde aretoak atzera begirako zabala eskaini zizun 2021ean. Edertasunaren kontra joan gabe, hura ukatu gabe, edertasunaren ideiarekiko axolagabe ziruditen zure koadroetako askok. Zer harreman duzu edertasunaren ideiarekin?
Berrasmatu beharreko kontzeptu bat da edertasunarena, eta hori da artearen lana. Jadanik baden edertasunari edertasun berri bat gehitu nahi diogu, errealitatearen ezaugarri berriren bat, lehen aipatu dugun konbentzioaz kanpo dagoenen bat. Edertasunak, niretzat, indar bat izan behar du, misterio bat, erakarmen bat, iluntasunerako bira bat ere bai, tarteka, Richard Corbenen komikietan edo H. P. Lovecraft idazlearen testuetan gertatzen den bezala, adibidez. Ez zait interesatzen edertasun belaxka, bigunoso, melenga bat.
Bereziki interesgarria da 2009ko Isla KM-n izeneko autorretratua. Hiria ikusten da leihoaren beste aldean, baina zure islarekin nahasten da atzealde hori. Ezbaian dirudite kanpokoaren eta barrukoaren arteko mugek, hiriaren eta norberaren artekoek, indibiduoaren eta gizartearen artekoek.
Bartzelonara joan nintzen lehen sasoikoa da margolan hori; Muntanyako etxe okupatu mitikoan hartu ninduten orduan, eta han pintatua da lan hori ere. Han bukatu nuen nire lehen margolan garrantzitsua izan zen. Nire logela ez ezik, nire estudioa ere bazen gela handi hura, eta Montjuic eta Santutegia islatzen ziren leihoan.
Eta bai, dena ezbaian dago hor, bai. Baita pertzepzioa bera ere, pertzepzioa ere ez baita bakarra. Asko daude. Gizarte honek begirada bakar baterantz garamatza, baina artearen bidez normatiboak ez diren begiratzeko moduak treba ditzakegu.
«Galeristen menpe geunden, eta haietako batzuek euren alde baliatzen zuten guk hor jarraitzeko genuen gogoa, eta hasten ari zen artistaren batek ordezka ez gintzan genuen beldurra»
Gaztetatik hasita izan zenuen zure lanak Madrilgo areto garrantzitsuetan erakusteko aukera, baina, zure webguneko biografian bertan onartzen duzunez, «desengainu moduko bat» eragin zizun eszena hark. Zergatik?
Arteleku paradisu moduko bat zen niretzat; ikaragarri ondo tratatzen gintuzten. Han egin nuen formakuntza, eta handik helduta, kolpe gogorra izan zen mundu errealean sartzea. Lehia handia zegoen, eta, gaitasun sozial handia ez ezik, obedientzia puntu bat ere eskatzen zuen horrek. Galeristen menpe geunden, eta haietako batzuek euren alde baliatzen zuten guk hor jarraitzeko genuen gogoa, eta hasten ari zen artistaren batek ordezka ez gintzan genuen beldurra. Oso tratu txarra ematen ziguten batzuek.
Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria jaso duzu aurten, eta hainbat areto eta erakunde publikotan ere erakutsi dituzu zure lanak. Horrekin batera, urte askoz bizi izan zara eta lan egin izan duzu gune okupatu eta alternatiboetan. Zer garrantzi dute leku horiek zure artean?
Funtsezkoak izan dira, beti ireki izan dizkietelako ateak artistei. Egiako Jareñoko gaztetxean jadanik aritzen nintzen pintatzen. Eta, Bilbora joan nintzenean ere, 1988an, Zazpikaleetako legendazko gaztetxeko asanbleak ere estudio bat eman zigun. Zoragarri portatu ziren. Gero, Arditurriko Meatzeetako etxe okupatuan ere izan nintzen, bereziki 2005etik 2006ra, eta hura paradisua zen guretzat. Kutsadura guztia garbitzen jarraitzen du naturak han, eta han egon nintzenetik daramat natur gaiak lantzen. Bartzelonan, Muntanyako etxe okupatuan ere sei urte eman nituen, eta nire bakarkako azken erakusketa ere Bartzelona iparraldean egin dut, Konvent-en, zeina artera bideratutako proiektu alternatibo eta diziplinarteko bat baita.
«Prekaritatetik ateratzea oso atsegina litzateke, baina baita arriskutsua ere, tranpa bat ezkuta dezake eta»
Gure Artea saria eman zizutela iragartzeko prentsaurrekoan, sari hark eta hari lotutako diruak lan egin ahal izateko lasaitasuna eskaintzen zizula esan zenuen.
Beti izan dut pintatzeko aukera, eta, zorteari edo magiari edo dena delakoari esker, orain artean, pintatzea izan da beti nire egiteko nagusia.
Eta zuk zeuk hala erabaki duzulako.
Bai, horretan jardun dudalako, noski. Baina egia da Gure Artea sariak bizitza lasaiagoa izateko aukera eskaintzen didala, eta presioa kentzen didala, denbora tarte txiki batez, behintzat. Herri honetan ia ez dago merkaturik, eta dagoen hori hainbat interes eta indarren nahasteak gidatzen du. Hor jokatzen saiatu behar duzu, eta horretan saiatzen jarraitzen dut oraindik ere, baina funtsezkoa, niretzat, libreki lan egin ahal izatea da. Prekaritatetik ateratzea oso atsegina litzateke, baina baita arriskutsua ere, tranpa bat ezkuta dezake eta.