«72 ordu barru Robert Coffee hilko dut». Hiru egun baino ez dira falta Getarian (Gipuzkoa) Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren antzezpena egiteko, eta festarako prestakuntzetan murgilduta dago herria. Poz, prestakuntza eta urduritasun itsaso horretan, ordea, bi talde abiatuko dira udaletxera ingelesez idatzita heldu den mehatxu horren egilearen bila, Ertzaintzarena bata, eta Aitor Letamendia detektibe pribatuarena eta Idoia Urdaneta zinegotziarena bestea. Atzerako kontaketa hori da Kepa Iribar (Getaria, Gipuzkoa, 1975) kazetari eta idazlearen lehen eleberriaren muina. 72 ordu deitu du lana, eta eleberri beltzei eskainitako Uzta Gorria sailean argitaratu du Erein argitaletxeak.
Elkanoren figura da kontakizunaren ardatza, eta idazleak horregatik girotu du kontakizuna haren bidaia gogoratzeko herrian lau urtean behin antolatzen den Lehorreratze jaian. Eta aurten egingo dena hautatu du, zehazki, eleberria girotzeko. 2022ko irailaren 6aren aurreko 72 orduetan, zehazki.
Idazleak onartu duenez, mundu biraren bosgarren mendeurrenak piztu zion eleberria idazteko ideia. «Historiagileak entzunez eta irakurriz, pare bat elementurekin geratu nintzen. Bata da badakigula Elkanok zer egin zuen, baina ez dakigula oso ondo nor zen eta nolakoa zen. Eta ez dakigu XVI. mendean ez zegoelako ohiturarik dokumentuak gordetzeko. Eta bururatu zitzaidan bat-batean agertuko balitz Elkanok berak idatzitako eguneroko bat zer-nolako aurkikuntza izango litzatekeen hori».
Eta Elkanoren euskal jatorria da idazleari ideia piztu zion bigarren elementua. «Historialariek diotenez, Elkanorena ez da mundu zabalean sekulako sona duen izen bat. Nik uste, euskalduna izan ez balitz, edo atzerrikoentzat espainola, eta, horren ordez, ingelesa izango balitz, askoz ere ezagunagoa izango litzatekeela. Ingelesa izan balitz, Hollywoodek film bat egingo zukeen, gutxienez».
Umore tanta bat
Eta, Iribarrek azaldu duenez, bi elementu horiek presente daude eleberrian. Elkanoren egunerokoa azaltzen da, eta Hollywood film bat egitekoa da hari buruz. Eta, hain zuzen, film horretako aktore nagusia da Robert Coffee.
Iribar Euskadi Irratiko esataria da lanbidez, eta, besteak beste, Katedra eta Hiru Erregeen Mahaia kirol programetan entzuten da haren ahotsa. 72 ordu du lehen eleberria, eta, dioenez, «gustura» geratu da egindako lanarekin. «Guztiz ariketa ezberdina da irratian nik egiten dudana. Toki batera joan, frontoi batera, futbol zelai batera, eta han momentuan zer gertatzen ari den bat-batean kontatzea da nire lana irratian, eta, liburuarekin, egokitzen zait justu kontrakoa dena: patxadaz idatzi, idatzitakoa berrirakurri, berriro begiratu...».
Bere herriari bestelako begiz begiratzeko ere balio izan dio liburuak, egileak dioenez. «Ni sekula ez naiz jarri Getariako Kale Nagusian begira ea non egin daitekeen atentatu bat; lehen aldia izan da».
«Tentsioa» eta «suspensea» nabarmendu dizkio lanari Inazio Mujika editoreak. Eta irakurleari Getaria gehiago ezagutzeko gogoa ere piztuko dio liburuak, haren hitzetan. Kontakizunak umore tanta bat ere baduela gehitu dute. Mujikak lehenik: «Ez barrea edo algara eragiteko, baina badu ironia puntu bat». Eta baietz Iribarrek. «Alegia, nobela ez dela beltz-beltza, ezta?».
Iribarrek lan gehiago argitaratuko dituen esperantza agertu du Mujikak aurkezpen ekitaldian, eta, bestalde, euskal idazleei deia zabaldu die, genero beltzari eskainitako sailerako lanak idatz eta bidal ditzaten.
Nork hil nahi du Elkano 2022. urtean?
Getarian Elkanoren mundu biraren omenez egiten duten Lehorreratze jaian girotu du bere lehen eleberria Kepa Iribar idazleak: '72 ordu'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu