Nork filmatu nahi du gertukoa ez den inor?

Bela Tarr eta Apichatpong Weerasethakul zinemagileak ez dira gidoiari jarraitu zaleak: une bakoitzean aurrean dutena ezagutzearen eta filmatzearen garrantziaz aritu dira Iruñeko Topaketetan izandako solasaldian.

Tarr eta Apichatpong, atzoko solasaldiko irudi batean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Tarr eta Apichatpong, atzoko solasaldiko irudi batean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Andoni Imaz
Iruñea
2024ko urriaren 7a
18:00
Entzun

Biek diote «osotasuna» dela inportanteena, baina bakoitzak bere modura adierazten du hori. Istorioa eten, eta denboran sakondu ohi du Bela Tarren zinemak, filmatzen duen horren materialtasunari helduta. Apichatpong Weerasethakul, berriz, gehiago aritzen da errealismoa gainditzen duen espazio sentsorial batean, mitoa eta bizitza plano bakarrean nahasten. Zinema garaikidearen lurralde ziurgabe, definigaitz eta aldakorrean —mundu garaikidea adina—, bi totem dira Tarr hungariarraren eta Apichatpong thailandiarraren obrak, itzal handikoak, eragin izugarria izan dutenak azken hamarkadetako joeretan. Biak elkartu dira Iruñeko Topaketetan, igande arratsaldez, Baluarteko ganbera aretoa bete duten 400 lagun baino gehiagoren aurrean, Garbiñe Ortega komisarioak eta Lois Patiño zinemagileak gidatutako solasaldi batean.

Aspaldiko lagunak dira Tarr eta Apichatpong, eta miresmenez begiratzen diote elkarri. Tarrek ahulak ditu ahotsa eta ibilera —makilak lagunduta ibiltzen da—, eta zahar itxura ematen dio horrek, oraindik 70 urte bete ez baditu ere. Haren hitzek eta keinuek eragin dute barre eta txalo gehien saioan, bere baieztapen sendo, zorrotz eta umoretsuei esker. Neurtuago aritu da Apichatpong, lotsatiago, baina hura ere elkarrizketari erabat lotu zaio. Bientzat, lagunekin egin beharreko zerbait da zinema.

Elkarren lanez galdetuta, Apichatpongek gogoratu du Chicagon (AEB) estudiante garaian zer zirrara eragin zion ikusteak Sátántangó (1994), Tarren zazpi ordu pasako film monumentala: «Sekula ez nuen horrelakorik ikusi. Denboraren pisua sentitu nuen, zinema-denborarena». Tarrek, berriz, «samurtzat» du Apichatpongen zinema, pertsonaiei begiratzeko moduarengatik batez ere. «Zinemagintzan, inportanteena zera da, zure jendearekin samurra izatea, haiek maitatzea. Benetan maite badituzu, hori sentitu egiten da. Nork filmatu nahi du gertukoa ez den inor?».

«Ahaztu istorioa, ahaztu jatorrizko ideia eta aditu errealitatea: egin film bat horri buruz»

BELA TARRZinemagilea

Hain zuzen, Apichatpong, Chicagoko zinema esperimentaleko urteen ondoren, lagunekin hasi zen filmatzen: «Istorio bat idatzi, eta filmatu egiten genuen. Denbora luzea ematen genuen elkarrekin, ez soilik entseatzen, baizik eta bizitzen, baita elkarrekin oporretara joaten ere, filmatu aurretik». Aldamenetik, Tarrek ohartarazi dio «gorroto duen hitz bat» erabili duela: «Istorioa... Zer da hori? Nik ez dakit. Imajinazio handia izan dezakezu, eta zeure ustea eraiki, baina benetako pertsonekin elkartzean, jendeak dena aldatzen du. Ahaztu istorioa, ahaztu jatorrizko ideia eta aditu errealitateari: egin film bat horri buruz». Izan ere, filmatzea «ekintza primitibo bat» da, Tarren ustez: «Zuk kamera daukazu, eta kamerak lenteak ditu, objektibo esaten diegunak: izenak berak adierazten du soil-soilik filmatu dezakezula bizitza errealean fisikoki existitzen dena. Alegoria, metafora, sinboloa... Horiek denak literaturatik datoz, ez dira existitzen zineman».

Filmek bulkadei erantzuten diete. Tarrek Werckmeister harmóniák egin zuen (Tarr, Agnes Hranitzky, 2000), Lars Rudolph protagonista ezagutu zuelako: «Bost inporta istorioak, hari entzun nahi nion». Sátántangó-n, Laszlo Krasznahorkairen nobela bera izan zen arrazoia. Apichatpongek asko idazteko ohitura du, eta haren lanak lotura handia du memoriaren erregistroarekin, baina, une honetan, isiltasuna da haren helburu nagusia: «Isiltasunak esan nahi du ez duzula hiztegirik, ezta pentsamendurik ere; soilik bazarela. Zinemarekin, artearekin eta pentsamenduarekin betetzen dugu gure barneko hutsunea, baina agian ez dugu horren beharrik». Eta, orduan, kideari galdetu dio zergatik erabaki zuen filmak zuzentzeari uztea A Torinói ló egin zuenean (Tarr, Hranitzky, 2011). Makilarekin jotzeko keinua egin eta gero erantzun dio hark: «Filma ikusi baduzu... hori bukaera da, kito. Ez dago inolako beharrik ezer errepikatzeko, ezeren kopiarik egiteko zinemagile izate hutsagatik».

«Zinemarekin, artearekin eta pentsamenduarekin betetzen dugu gure barneko hutsunea, baina agian ez dugu horren beharrik»

WEERASETHAKUL APICHATPONGZinemagilea

Zinema aretotik kanpo, bi egileak aktiboak dira. Horren erakusgarri, topaketek iraun artean Apichatpongek Iruñean jarri dituen bi instalazioak. Errealitate birtualarekin eta gisakoekin ere egiten ditu esperimentuak: «Saiatzen naiz gauza desberdinak egiten, baina azkenean berriro harrapatzen nau enkoadratzearen botereak». Tarren esanetan, filmik egin nahi ez izatearen arrazoietako bat hori bera da, filma ez dela nahikoa osotasuna erakusteko. Horregatik landu ditu instalazioak eta teatroa azken boladan. Esperientziarik esanguratsuena, hala ere, Film Factory zinema eskolarena da, zeina Sarajevon gidatu baitzuen 2013an sortu, eta 2017an itxi zutenera arte. «Nire goiburua hauxe zen: ez hezi, askatu». Ikasle bakoitzak bere ahotsa aurkitzea zen haren asmoa, eta, horretarako, zinemagileak gonbidatzen zituen bi asteko egonaldiak egitera; tartean, Apichatpong. Hark basora eraman zituen ikasleak, bizitzako oinarrizko gauzetara bueltatzeko asmoz: osotasunari erreparatzera. «Hori gero agertuko da haien filmetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.