Nork bere Laboa

Hamabost urte dira Mikel Laboa hil zela. Ordea, egun ere asko dira haren obrari eta figurari so, erne; izan miresteko, «maitatzeko», edo sortzeko. Zenbaitek nabarmendu dute berrazterketa ugari egin dakiokeela artistari oraindik.

Mikel Laboa 2006ko uztailean, Zurriolan bakearen alde eginiko kontzertu batean kantari.
Mikel Laboa 2006ko uztailean, Zurriolan bakearen alde eginiko kontzertu batean kantari. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko abenduaren 24a
05:30
Entzun

Abenduaren 1ean hamabost urte bete ziren Mikel Laboa zendu zenetik (Donostia, 1934 - 2008). Egunean berean zabaldu zen notizia, lau haizeetara. Askok dute ederki gogoan heriotzaren albisteak barrenetan eragindako kirrinka, baita egun hartan elurrak zola nola zuritu zuen ere. Hain justu, egun hartan inspiratuta, Bernardo Atxagak antzezlan bat idatzi zuen handik urte batzuetara: Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa elurretan (2014, Tanttaka). Dena dela, soa Laboarengana itzultzeko ez da zertan elurra erromantizatu, eta Laboa ez da soilik urteurrenetan gogoratzen. Batera edo bestera, oraindik ere sarri begiratzen zaie hari eta haren obrari, eta sortzen eta ikertzen da haien bueltan.

Ainara Santamariak biziki gogoan du 2008ko abenduaren 1ekoa. «Ikasten nenbilen, eta gogoratzen naiz eguraldi txar-txarra zegoela, ez dakit ez ote zuen elurra ere ari; bai, ezta?». Egun hartantxe, arratsean, Laboa zendu berriari omenaldi txiki bat egin zioten Santamariaren etxean. «Ahizparekin kantu bat abestu, haren beste kantu batzuk entzun... Gure erara egin genuen».

Orduan, Santamariak nekez aurreikusiko zuen urte batzuen buruan Laboarekin loturiko doktoretza tesi bat landuko zuela. Iazko abenduan plazaratu zuen emaitza: Itxi, ireki edo klik. Euskal kulturari buruzko gogoeta-analisi bat musika-esperimentazio eta tradizioaren bidegurutzean. Lan horretan, kulturaren esparruan tradizioak eta berrikuntzak duten harremana aztertu zuen Santamariak, batik bat antropologiaren ikuspegitik, Mikel Laboa izanik «abiapuntu eta bide», ikerlariaren hitzetan.

Ikerketa lanak hainbat parte izan zituen, eta hau izan zen bat: musika esperimentala egiten duten hainbat artistari galdetu zien zehazki zergatik gogoratzen duten Laboa. Ea tradizioari loturiko kantuengatik duten gogoan gehiago, edo haren alderdi esperimentalagatik. «Era bat izan zen jakiteko non gelditu diren Lekeitioak», zehaztu du Santamariak. Erantzunak ikusita, aise ondorioztatu zuen Mikel Laboaren obra soilik partzialki oroitu ohi dela. «Esperimentazioa eta berrikuntza besarkatzen dituen hori apur bat zokoratuta gelditu da, eta, aldiz, tradiziotzat hartzen dena jartzen dugu beti lehenengo planoan». Are, Santamariak susmoa du harekin gertatu ohi den hori ez ote den kultur jarduera zabalean gertatzen, oro har.

Santamariaren arabera, elkarrizketatutako musikari ugarik nabarmendu zuten Mikel Laboaren alderdi esperimentalari erreparatzeko premiazkoa izan zitzaiela «berrirakurketa bat» egitea; alegia, sakonago begiratzea, eta erneago. Izan ere, askok adierazi zuten betidanik ezagutzen zituztela Txoria txori eta Pasaiako herritik abestien tankerakoak, herrikoiak, eta ez zirela konturatu Laboak eginiko lanketaren neurriaz harik eta, musika esperimentala egiten hasitakoan, berriz Laboa aztertu arte. «Adibidez, ahotsaren erabilera bereziaz eta gitarra jotzeko eraz. Garai hartako kantaeratik urruntzeko egin zuen saiakeraz».

Laboa zubigilea

Santamariak esplikatu duenez, Laboaren esperimentazioa ez da soilik Lekeitioak lanean ispilatzen, nahiz eta batik bat obra horretan nabari den gehien joera hori. «Laboaren musikan, tradizionaltzat hartzen ditugun kantuetan ere badaude berrikuntzaren zantzuak, eta lan esperimentaletan ere badago tradiziotzat dauzkagun elementuak. Bi munduen arteko nahasketa handia dago, baita Laboaren erreferente abangoardisten oihartzunak ere».

Hain zuzen, molde hertsirik edo uhalik gabe eta jostalari aritu izana da, Santamariaren ustetan, Laboaren ezaugarri nagusietako bat. «Gauza askorekin jolasean ibiltzen zen, ez baitzen mugatzen musikari ezarriak zaizkion arauetara eta lengoaietara; ez tinbrean, ez harmonian... Esanguratsua da nola mantendu zuen musika egiteko modu aske bat. Asmo iradokitzailea zuen, eta zubiak eraikitzen zituen beti. Etengabe gurutzatzen zituen guretzako ezagunak ziren kodeak, dagoeneko ezarrita zeudenak, oraindik ezagunak ez zirenekin. Are gehiago: beti atseginak ere ez direnekin. Atrebentzia hori izan zuen Laboak: soilik musika atsegingarria ez egitekoa, berari erakargarri zitzaion beste mundu hura erakustekoa».

Laboa gaurko artistentzako erreferente ote den galdetuta, Santamariak ez du erantzun bat eta bakarra. «Batzuentzat izango da eredu, beste batzuentzat ez, baina egia da harengan garbi ikusten direla garai bereko kantari askok izan ez zuten freskotasuna eta gauza ezberdinak egiteko ausardia, eta hori bai aitortu behar zaiola. Halere, uste dut Euskal Herrian asko gustatzen zaigula izen batzuekin bueltaka aritzea, behin eta berriz errepikatzea, totem moduko batzuk izatea».

«Esperimentazioa eta berrikuntza besarkatzen dituen Laboaren alderdia apur bat zokoratuta geratu da».

AINARA SANTAMARIA Ikertzailea

Santamariaren antzera, Unai Iturriagak ere ederki oroitzen du Laboa hil zenekoa. «Oso modu berezian», dioenez. «Oso oroitzapen polita daukat. Garai hartan, Iruñean erdi-bizi ginen, eta, egun horretan, Xabier Lete Egunsentiaren esku izoztuak poesia liburua aurkeztekoa zen planetarioan. Pentsatzen dut bestela ere joango zela jendea, baina hark karga berezi bat izan zuen. Letek irakurraldia egin zuen Joxean Goikoetxearekin, heriotza oso presente zegoen poemetan, baita Laboa bera ere. Gogoratzen dut Xabierrek aipatu ere egin zuela Laboa, eta oso hunkituta geratu zela. Agur ekitaldi bihurtu zen. Bertan ginenok horrela dugu gogoan».

Iturriagak oso sarri, milaka aldiz gogoratu du Laboa orduz geroztik ere; izan nahi gabe, izan halabeharrez, edo izan oroimen ariketa kontzientean. Besteak beste, Ni ez naiz Mikel Laboa komikia ondu zuen Iturriagak Harkaitz Canorekin eta Joseba Larratxerekin batera —Iturriagak eta Canok gidoia idatzi zuten; Larratxek, irudiak sortu—. Liburua Mikel Laboa katedrak eta Elkarrek plazaratu zuten, 2022ko udazkenean, eta Euskadi Saria jaso du aurten, marrazkiengatik.

Edonola ere, bost urteko epean Laboari buruz plazaratu diren askotariko sormen lanetako bat da hirukotearen komikia. Zerrenda aski luzea baita, izatez: errenkada horren parte dira, adibidez, Laboaren eta Artze anaien Ikimilikiliklik emanaldiaren jatorrizko grabazioa berreskuratu ondotik eginiko LP bikoitza (2022), Komunikazio-inkomunikazio erakusketa (2021), edo, hain zuzen, Ni ez naiz Mikel Laboa komikian oinarriturik Donostiako Okendo kultur etxean zabalik dagoen erakusketa: Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar...

Galderak bistakoegia lirudike, baina, horra: nolatan da, zendu eta hamabost urtera ere, hain erakargarria Laboaren figura? Iturriagaren iritziz, haren lana da gakoetako bat, «zalantzarik gabe». «Ez da erraza musikalki sailkatzen, oso eklektikoa da, eta, gainera, beste motiboetako bat izan daiteke Laboaren kantagintza ez dagoela hain zuzenki lotuta garaiko errealitateei. Beste musikari batzuekin gertatzen da haien kantu bat entzuten dugunean erraz kokatzen gaituztela garai batean».

Ordea, Iturriagak argitu duenez, Laboa eklektikoa zen, kokatzen zaila, baina ez «ekidistantea» inondik ere. «Baina, gure Euskal Herri xelebre eta gatazkatsu horretan, halako ezleku batean kokatu zen, ez zen pertsona konfliktibo bat, eta beharbada horregatik ere iraun du hain ondo, eta sektore zabalagoetan onespena lortu». Horrez gain, dioenez, ohartua da besteei ez bezalako kariñoz begiratzen zaiola sarri Laboari: «Mikel Laboa miretsia da, beste musikari asko bezala, baina, gainera, maitatua da. Jendeak maite zuen, eta maite du, nahiko modu intimoan».

Harkaitz Cano komikia ontzeko bidelagun eduki du, eta haren hausnarketa bat nabarmendu du Iturriagak. Canok dio Laboaren kantuetan «ate» asko daudela irekita, eta norberak gurutzatu behar dituela, hala nahi bada. Iturriaga ados da tesi horrekin.

«Mikel Laboa miretsia da, beste musikari asko bezala, baina, gainera, maitatua da. Nahiko modu intimoan».

UNAI ITURRIAGA Bertsolari, idazle eta marrazkilaria

Inguruari begiratuta, Iturriagak duda du Laboaren unibertsoak zenbat belaunaldi biltzen dituen honezkero, ez daki unibertso horrek jadanik aurkitua duen bere muga, baina susmoa du, hain zuzen ere, entzuleen askotariko pertzepzioengatik dela hain zabala. «Bakoitzak badaukalako bere Laboa, eta, gainera, norberarenak ez duelako oztopatzen bestearena», adierazi du bertsolariak. Argudioak eman ditu segidan: «Laboa ia hasieratik da herrikoia eta esperimentala, aldi berean. Beste egile batzuen kasuan, gertatzen da ibilbidearen hasieran estilo bat jorratzen dutela, eta ondoren beste bat, eta eztabaida bat piztu ohi da definitzeko artista noiz izan den hobea; Mikelekin ez da hori gertatzen. Eta, horrela, haren ezagutza zabaldu egiten da norbanakoz norbanako, eta konstelazio horiek zabaldu egiten dira, ez diotelako elkarri trabarik egiten».

Urteak joanda ere, orain hamabost urte bezalatsu aditzen du Iturriagak Laboaren musika. Artista bizirik zen artean egiten zuen bezalaxe. «Lotua dago momentu batzuei, bizipen batzuei; iragazki hori beti dago, baina plazera bera da». Eta horregatik itzultzen da hainbestetan harengana, eta sinetsia dago horregatik segitzen duela jendeak Laboaren inguruan sortzen. «Laboaren obrara hurbiltzeko hainbat begiraleku egon daitezke. Nolabait, branding-aren kontua asmatu baina askoz lehenago ere, Mikelek ja bazeukan hori: bere kontaera, estetika, marka».

Gaurko artisten bazka

Iturriagak aipatu «begiraleku» horietako bat okupatzen du Maite Arroitajauregi Mursego-k, eta handik sortzen. Aitortu duenez, Laboa «oso presente» izaten du zerbait berria egiten duen gehienetan, eta iritzi dio «sanoa» zaiola. «Ez da nire fiskala, baina, askotan, sortzean, duda egiten dut: zerbait balekoa egiten ari naiz? Eta, gero: zer egingo luke Laboak?».

«Begiratzen diot haren mundua begiratzeko erari, komunikatzekoari, euskal nortasunari heltzeko moduari».

 MAITE ARROITAJAUREGI 'MURSEGO' Musikaria

Mursegok Irotx Airotx kantua sortu zuen orain bost urte, enkarguz; Txoria txori  aldrebestuz sorturiko pieza da. Ordea, artistak iradoki du beste sorkuntza askotan ere inspirazio iturri izan duela Laboaren eragina, kasik hartan baino gehiago. «Begiratzen diot haren musika egiteko moduari, munduari begiratzeko erari, komunikatzekoari, euskal nortasunari heltzeko moduari; benetakoa zen. Eta, adibidez, bultzatu nau konplexurik gabe elkartzera idazle lagun garaikideekin. Azken batean, haren izpiritutik edatea izan da egungo artiston bazka». Miresten dituen elementuen zerrendan jaso du Marisol Bastida ere. «Biek uste zuten musika egitea bazela mundua aldatzeko modu xume bat, eta maite dut hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.