Nork bere jokabideen inguruan hausnartzeko ipuin bilduma bat

'Zomorrotu' helduentzako bere bigarren liburua aurkeztu du Aintzane Usandizaga idazleak. Bost ipuinek osatzen dute lana, eta pertsonaien anbiguotasunarekin jolasten dira denak

Aintzane Usandizaga idazlea, Zomorrotu helduentzako bere ipuin bilduma berriaren aurkezpen egunean, herenegun, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

«Inguruz aldatzeak beste mozorro bat jartzea eskatzen du», esan du Aintzane Usandizaga idazleak, helduentzako bere bigarren liburuaren aurkezpenean. Zomorrotu (Elkar) du izenburu, eta, anbiguotasunarekin jolas eginez, nork bere jokabideez hausnartzeko bidea ematen du. «Izenburuak bi adiera ditu: zomorro bihurtzea, mesfidati; eta mozorrotzea, besteengandik ezkutatzeko». Bost ipuinek osatzen dute lana, baina istorio bakarra balitz bezala ere irakur daiteke. Izan ere, ipuin bakoitza independentea da, baina gainerako guztiekin ere loturak ditu. «Jolas bat da bilduma; perspektiba eta modu desberdinetan gauzak nola ikusten ditugun islatu nahi nuen». Idazleak gaineratu du pertsonaiak deskribatzea ez dela erraza, harremanak era desberdinetan eraikitzen dituztelako. «Norbera nolakoa den, nola jokatzen duen, nola ezkutatzen den eta taldean duen izaeraren inguruan hausnartzen du».

 

Kabitu ezina (2019) bere lehen liburuaren maketa Elkar argitaletxeari entregatu bezain laster idatzi zuen Usandizagak Zomorrotu ipuin bildumaren lehen zatia. Ideia nagusia argi zuen hasieratik, baina horri zer forma eman erabakitzea zaila egin zitzaion. Ipuin bakoitza pertsonaia baten ikuspegitik idaztea erabaki zuen azkenean, eta, irakurketarekin jarraitu ahala, ikuspegi desberdin horiek eraikiko dute irakurlearen iritzia. «Inpresioak aldatuz doaz batzuetan, baina beste batzuetan ez». Haien «ertz» guztiak azaleratzen dituzte pertsonaiek, eta hasieran amorragarria dirudien hori maitagarria bihurtzen da azkenean. «Bizitzan oro har dudan sentsazioa da. Uste dut pertsona desberdinak garela mugitzen garen tokiaren arabera».

Alde horretatik, berebiziko garrantzia hartzen dute pertsonaien arteko elkarrizketek, baita gauzak nola, nori eta noiz esaten dizkioten ere. «Aurretik gidoilaria izan naizelako agian!», Usandizagaren hitzetan. Horrekin batera, gainera, harreman mota desberdinak erakusten ditu liburuak. Hala uste du, behintzat, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak: «Harreman desberdinak deskribatzen ditu nahasian, eta hori gauza originala dela uste dut, eta oso gutxitan erabiltzen dela». Gurasoen arteko harremanak, maitasun harremanak, kuadrilla eta lagun artekoak...

Horien guztien artean, laguntasunaren irudikapena du gogokoen Danele Sarriugarte idazleak. Bi ipuin eta harreman mota nabarmendu ditu bereziki: 60 urte inguru dituzten emakume eta gizon baten arteko laguntasun harremana; eta 30 urte inguru dituzten bi emakumeren artekoa. «Askotan, identifikatuta sentitu naiz haiekin», aitortu du. Eguneroko gauza txikiei Usandizagak ematen dien garrantzia ere gustatzen zaio. «Batzuetan, istorio handiak kontatu nahi ditugu, eta beti ez da beharrezkoa izaten; egunerokoan ere magia dago». Liburuko pertsonaiek dituzten harremanak, oro har, «politak» dira, haren iritziz, eta liburua bere horretan «potentea» dela uste du. «Unibertso oso bat uztartzen du, eta unibertso horren zatiak poliki ezagutuz goaz». Eta gaineratu du: «Bizi eredu desberdinak erakusten ditu».

Bost ipuin, bost bizitza

Ipuin bildumaren izenburua Zomorrotu baldin bada ere, pasarte guztiek azpititulu bana dute, gertatuko dena nolabait laburbiltzen duena. Usandizagak berak bakoitzaren laburpen txiki bat egin du, baina «gehiegi kontatu gabe». Lehenengo istorioa Aquiles da, eta, azaldu duenez, «Josebaren aldamenean ibiliko da irakurlea, lanpostu ona, lagunak eta familia dituen arren, gorputzak huts egingo diolako eta lesio bat zaindu beharko duelako, baita bere sukaldean azalduz joango diren hamaika landare ere».

Arrastoak da bigarren ipuina, eta Irati du protagonista. «Gauzak ondo antolatzea gustatzen zaio, objektu bakoitza bere lekuan izatea, eta emozioak kontrolpean». Bat-batean, iraganeko kontuak gogora ekarriko dizkion mezu elektroniko bat helduko zaio, ordea, eta horri aurre egin beharko dio. «Hankaz gora jarriko dizkio antolakuntza guztiak».

Hirugarrenak Proiektua du izenburu, eta Ugutz Lasa da protagonista; «musikaria, abeslaria, aurkezlea, aktorea, sortzailea, ekintzailea, artista eta beste gauza asko» dena. Bere azken proiektua gorpuzten dabilela, zein izen jarri ezin erabaki ibiliko da. Gau batez, parrandan aterako da, eta Kali ezagutuko du; eta hark hainbat «iturri eta sentsazio berri» irekiko dizkio protagonistari.

Egin genezakeen onena laugarren istorioan, «denbora izozten duen palazio batean» egiten du lan Sorkunek, kultur diru-laguntza eta kudeaketa bulego batean. Pertsonaia eszeptikoa da, eta distantziak jartzea gustatzen zaio. Baina eraiki dituen hormak erortzeko arriskuan jarriko ditu ustekabean lankide baten krisiak.

Azkena da Sarriugarteren gogokoena, Ele, eta Mai du irakurleak gidari, gidabaimena atera nahi duen 30 urteko emakumea. Beldur handia du, baina neska lagunak opari hori egin dio, eta ateratzeko konpromisoa hartu du. «Andaluza deitzen dioten irakaslea izango du lagun, eta ez da konpainia erraza izango, Mairen arreta errepidera bideratu beharrean, beste kontu batzuetara bideratuko duelako». Sarriugarteren ustez, «uste baino gehiagotan gertatzen den egoera bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.