«Salbazioaren eta adiskidetasunaren gorazarrea dakar» Ekografiak diskoak, Asier Serranoren hitzetan. Lorelei taldea sortu zuen Mikel Gorosabelekin batera, 1990eko hamarkadan. Hogeita bi urteren ostean, bueltan dira lan berriarekin. Andres Camio Elkar argitaletxeko musika arduradunak aipatu du «giro ezberdinak» sortzen direla diskoan: «Oso kantu politak dira, istorioez beterikoak. Abestiak oso pertsonalak dira, baina, aldi berean, oso kolektiboak. Krudelak bezain samurrak». Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Elkar dendan.
EH Sukarra taldearen diskoetan kolaboratzen hasi ziren Serrano eta Gorosabel, eta lankidetza horren ondorio izan zen Lorelei taldea. Bi diskoren eta bi urteko zuzeneko ibilbidearen ondoren, duela 22 urte erabaki zuten taldea «lurperatzea». Bakoitzak bere bidea hartu zuen: Serranok bakarkako zenbait disko eta liburu kaleratu ditu —Linbotarrak lanarekin Euskadi saria jaso zuen 2017an—; eta Gorosabelek diskoak grabatzen jarraitu zuen hainbat talderekin: EH Sukarra, Norton Klub eta Barne basoan-ekin.
2020an elkartu zen bikoteaAntxon Sarasua eta Loiola Maderarekin batera, eta erabaki zuten antzokietara itzultzea. Hiru kontzertu jendetsu eta arrakastatsu eman ondoren, osasun egoera zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten.
Musikari dagokionez, lan «oso arina» izan dela adierazi zuen Gorosabelek: «Oso elkarlan polita izan dugu. Ni hasi nintzen lehen aipatutako kanta bat bidaltzen eta poliki-poliki Serrano erakartzen». Serranok idazten dituen hitzak «oso ondo barneratzen» dituela aitortu zuen. Hitz «ederrek» kantua bera, melodia bera «goraipatzen» dutela esan zuen: «Bietatik behar du abesti batek ona izan dadin, eta hori lortzeko oso erraz egin dugu lan».
Eskertza elkarri
Ekografiak diskoa zuzeneko kontzertuetara itzultzeko aitzakia izan dela zehaztu du Gorosabelek. Proiektu berriak askotariko abestiak biltzen dituela gehitu du ondoren: «Kanta batzuk oso intimoak dira. Gero badaude, lehenagoko Lorelei gogora ekarriz, poperoagoak, potenteagoak direnak». Eskerrak eman zizkion Serranori bere «barruko kutxan» zituen melodiak «kanporatzen» laguntzeagatik: «Disko honek lagundu dit barruko bozetoak osatzen eta garatzen».
Serranok ere egin du aitorpenik: «Duela bi urte eskas ebakuntza bat egin zidaten. Horren ondorioz, minberatuta geratu nintzen, ezertarako gogorik gabe». Minak hartuta zegoela, Gorosabelek diskoa egitea proposatu zion, eta orduan idatzi zuen Ekografiak kanta. Kultura, artea, sorkuntza oro har, «ukendua» zela konturatu zen: «Badauka botere baltsamiko bat. Abiada bizian planteatu zidan, eta oso urrun ikusten nuen». Hala ere, kontatu du astebeteren buruan zazpi kanturen hitzak idatzi zituela: «Edozein medikamentu baino ederragoa izan zen. Oraindik hunkitu egiten naiz pentsatzean. Edozein sendagai baino hobea izan zen Mikelek eskaini zidan eskuzabaltasun hori, berak buruan zituen melodiei hitzak jartzeko proposamen hori».
Ekografoen tarota
Gai «pertsonalak» bildu ditu Serranok, baina uste du hitzek badaukatela irakurketa «unibertsala»: «Nire lana izan da gure minetik, gure iraganetik, oihua berreskuratu eta oihartzun bihurtzea. Nolabaiteko terapia ariketa bihurtzea». Orokortua den minari erantzun nahi izan diola esan du.
«Ekografoak dira gaur egungo tarot irakurleak», aipatu du Serranok ironiaz. Tarot irakurle «modernoak» direla kontatu du, eta harritu egin zela ekografia bat egitera joan eta koloretan ere izan daitezkeela esan ziotenean: «Haiek bakarrik dakite identifikatzen zer gertatzen zaizun, barne munduan zer gertatzen den».
«Zuri-beltzeko mina» koloreztatzeko lanean ahalegindu direla aipatu du idazleak: «Zebra jantziarekin aritzen den min horretatik koloredun gamelu bat egitea izan da gure lana. Nostalgia oparitzea». Adibideak jarri ditu: «Iraganera bueltatzea maitale ahaztu bati berriro ere musu ematea da. Eta konturatzea oraindik ere bagarela gai samurtasunarekin gure laztanak eskaintzeko». Diskoa entzun ahala, norberak bere «ekografiaren irakurketa» egitea gustatuko litzaieke egileei. Kiromantzian aditua den pertsona batek egingo lukeen antzera, haien esanetan: «Jabetzeko norbera dela bere barne mugimenduen eta barne sentimenduen irakurlerik abilena».
Elkar estudioan grabatu dute Ekografiak, Victor Sanchezen gidaritzapean. Azala Nagore Martinezek egin du, akuarelaz, eta urte amaierarekin batera hasiko dute «epe luzeko bira». Taldeko kantariak erantsi du oparia ere izan litekeela diskoa: «Iraganeko maitaleek elkarri oparitu diezaiokete disko hau, egungo bikotekideak askorik haserretu gabe». Erantsizuen laztan zein musu bat «inofentsiboa» izan daitekeela; ez, ordea, Ekografiak diskoa: «Mina eta iragana ekartzen baititu lanak».
Aurten 25 urte dira taldeak lehen lana kaleratu zuela, eta Serranok azpimarratu du itzuleran Lorelei «bizirik lurperatu» zutela: «Harramazka atera dugunean, konturatu gara barkatu digula».
Nork bere ekografiaren irakurketa
Lorelei taldeak 'Ekografiak' disko berria atera du, 22 urte eta gero. Irakurketa «unibertsala» duen hamar kantuko lan «oso pertsonala» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu