Nork banatuko ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko sariak?

Bertsogintzako kideez gain, euskalgintzan eta kulturgintzan dabiltzan zenbait lagunek emango dituzte sariak abenduaren 18ko finalean; besteak beste, Irantzu Idoatek, Sagrario Alemanek eta Edurne Azkaratek.

Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbiori txapela janzten, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andoni Imaz
2022ko abenduaren 6a
12:11
Entzun

Bertsozale Elkarteak esana zuen Iñaki Muruak jantziko diola txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Txapela ez da, ordea, abenduaren 18ko finalean banatuko duten sari bakarra, ezta Murua sari emaile bakarra ere. Oholtza gainean izango diren zortzi bertsolariak sarituko dituzte; eta sari emaileek, bertsogintza mundua ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ere ordezkatuko dituzte, baita bertsolaritzak munduan kantu inprobisatuen eremuan utzi duen arrastoa ere.

Irantzu Idoatek emango dio saria txapeldunordeari. Bertsolaria da: aurtengo Eskolarteko Bertsolari txapelduna. Sagrario Alemanek hirugarren eta seigarren sailkatuei emango dizkie sariak. Urte luzez izan da Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria, eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferente bat da.

Edurne Azkarate aktoreak ere parte hartuko du sari banaketan. 2017ko Txapelketa Nagusiari buruzko Aulki jokoa telesaioa aurkeztu zuen, eta lan ugaritan ibili da aktore azken urteetan: Käffka (2019) eta Zaldi urdina (2019) antzezlanean eta Irati filmean (2022), besteak beste. Formol laborategiko kidea da. Bi sari emango ditu finalean.

Munduko kantu inprobisatuen ordezkaria izango da Paulu Zedda, Sardiniako cantada bat-bateko kantuaren inprobisatzailea: cantadoria. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, harreman luzea dute Sardiniako inprobisatzaileekin, neurri handi batean Zeddari esker. Maiz joan izan dira bertsolariak hara, eta beste horrenbeste sardiniar inprobisatzaile etorri dira Euskal Herrira. Bosgarren eta zortzigarren sariak banatuko ditu Zeddak.

Zer sari emango dituzte?

Azken urteetan, Ana Zaldua billabonatarrak brodatutako txapela jantzi izan zaio txapeldunari; 2019an hil zen Zaldua. Aurten, Itziar Alduntzin donostiarrak hartu du txapeldunaren garaikurra osatzeko ardura. Gainera, Mikel Lertxundi berriatuarraren eskultura bat ere jasoko du txapeldunak.

Lau txapelketetako zikloa bete zuen 2017an bere garaian Bertsozale Elkarte eragile zen Koldo Tapiaren ekimenez proposatutako eta Xabier Lakak egindako Eskutik eskura artelanak. Hala, aurtengoan beste artelan bat jasoko du txapeldunordeak: Iker Valle andoaindarraren brontzezko eskultura bat.

Hirugarren postutik zortzigarrenera bitarteko bertsolariek margolanak jasoko dituzte: Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Marta Cardenas, Mariano Arsuaga eta Olatz Irigarai artistek eginak, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.