Norbere plazaren bila

Autoekoizpenaren bidetik kaleratu dituzte euren lanak Jon Miner & Intxixu Lotien Bandak, Andrakanek, Keak eta KaskezurrekGero eta euskal talde gehiagok argitaratzen dituzte diskoak euren kabuz

Jon Miner & Intxixu Lotien Bandako lau kideak. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ez da bide berria autoekoizpenarena musikaren alorrean. Baina azken urteetan musikaren industriak izan duen eraldaketaren ondorioetako bat da autoekoizpenera jotzen duten taldeen ugaritzea. Honako hauek azkenaldian bide horretatik plazaratu diren lau adibide baino ez dira gurean.

Andrakan Esperimentaletik folkera

Bestelako musikekin, musika esperimentalarekin loturik egon da, batez ere, Iban Urizarren jarduna (Elgoibar, 1975). Cafe Teatro eta Mengele Quartet proiektuetan aritu izan da aurrez, eta Bizarra egitasmoan dabil gaur egun, Mikel Etxegarairekin batera. Horrez gain, Joseba Tapiaren Eta tira eta tunba azken diskoan tronpeta jo zuen, eta haren zuzenekoetan ere ari da gaur egun. Baina, bestelako musikak ere bazituen buruan, eta bestelako musika tresna bat ere bai, gitarra, hain zuzen ere: «Ez naiz batere gitarra jotzaile ona, baina akorde bat bestearen atzetik jotzen moldatzen naiz… Abesti batzuk nituen eginda. 22 bat kantu egin nituen. Pozik geratu nintzen egindakoarekin, eta erabaki nuen jende gehiago erakartzea nigana, zuzenekoei begira, batez ere».

Inguruko musikariengana, adiskideengana jo zuen, egitasmoa osatzeko premisarekin. Kontu esperimentalagoak aldi baterako alboratu, eta folketik nahiz popetik edaten duten zazpi kantuk osatzen dute Andrakanen lehen lana, Poto egin nuenekoa izena daramana. Bertsolariak errima errepikatzean egiten du poto, eta Urizarrek metafora hori erabili du berak ere aurrez beste batzuek egindakoa errepikatu baino ez duela egin adierazteko, zintzotasunez: «Musika esperimentalean aritu izan naiz, baina entzuten dut rocka, popa, folka eta bestelakorik ere. Musika guztietan topatzen dut zerbait interesgarria…». 70eko hamarkadaren folk ukitua dute kantuek. «Ez da nahita egin dudan zerbait, baina gustura hartzen dut alderaketa hori. 80ko hamarkada ez dut hain gustukoa, baina 60 eta 70eko hamarkadetako musikaren zalea banaiz…».

Gitarra jolas goxoak, banjo eta mandolinaren country ukituak, bi ahotsetara kantaturiko piezak, eta baita hiru ahotsetara egindako bat ere baditu Andrakanen lanak. Zazpi kantuetatik lau euskaraz kantatuak dira, eta beste hiru ingelesez, country doinuak modu jolasti batean lantzen duen In The Back Wagon izenekoa tartean.

Taldea osaturik eta kantuak izanik, zuzeneko emanaldi batzuk eskaini zituen Andrakanek 2008tik aurrera. Ondoren sartu ziren Angel Katarainen estudioan(Azkarate, Nafarroa). «Lau egunetan grabatu genituen kantuak, eta baita nahasketak egin ere. Eta oso gustura geratu gara». Orain, hilabetean behin kontzertu bat emateko asmoa dute.

Jon Miner & IntxixuLotien Banda Norabaiterako bidean

Musikarien familiakoa da Jon Miner (Errenteria, Gipuzkoa, 1970). Amarengandik jaso zuten musikarekiko eta kantuarekiko zaletasuna etxean, eta beste bi anaia ere musikan arituak edo ari direnak ditu, Imanol Miner eta Arkaitz Miner. Soinu teknikari da lanbidez, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan egiten du lan. 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera Ilusio Faltsuak eta PLS (Por La Sombra) taldeetan aritu ostean, bere egitasmoari heldu nahi izan dio, nahiz eta beti alboan izan dituen adiskide musikariengana jo duen proiektuari forma emateko.

Kantuak sortzen hasi, eta 30etik gora sortu zituen. Ondoren, Intxixu Lotien Bandarekin egindako entsegu eta emanaldiek pasa zieten galbahea, eta 13 kantuk osatzen dute Estazioa. «Izenburu hori jarri nion gure egoera azaltzen duelako. Norabait joan nahian gaude, eta abiatzekotan…». Rocka, folka, bluesa, popa eta beste edozein genero entzuten du Minerrek. Xabier Lete, Mikel Laboa, The Beatles, AC/DC, Wilco, SteveEarle, Billy Bragg, Ruper Ordorika eta Petti dira eragin bezala aipatzen dituenetako batzuk.

Hitzetako batzuk Jon Minerrek berak idatzi ditu (Nire arimari jarraitu nion, Eguzkia urdinean eta Bonboi bat bezalakoa naiz), baina gehienak idazleei hartutakoak dira: Castillo Suarez, Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Leire Bilbao, Jose Luis Otamendi, Igor Estankona, Joan Mari Irigoien… Abestien grabaketaren ardura bere gain hartu zuen Minerrek, eta Jonan Ordorikaren esku utzi zuen masterizazio lana.

Kea Mundu globalizatuari begira

Beasaingo (Gipuzkoa) hiru anaiak osatzen dute Kea taldea. Iñigo (bateria), Gotzon (baxua eta gitarra) eta Xabi (gitarra eta ahotsa). Umetatik jotzen dituzte musika tresnak Mujika anaiek, eta duela bost bat urte hasi ziren kantuak sortzen. 2007an maketa bat grabatu zuten, eta horrek ate dezente zabaldu zizkien, Euskadi Gazteako maketa lehiaketan eta Villa Bilbaoko lehiaketan finalista izan ostean.

Copenhague izenburuaren atzean globalizazioari egindako begirada mingotsa dago: «Han egin zuten 2009an klimaren inguruko goi bilera bat munduko agintariek, eta ez zuten ezer lortu. Metafora bezala egokia iruditu zitzaigun, mundu globalizatu honek sortzen dizkigun kezkak azaltzeko», dio Xabik, hiru anaietan zaharrenak. Pop eta rock ukituko bederatzi kantuk osatzen dute diskoa. Kantu elektrikoak eta akustikoak tartekatu dituzte: «Kantu batzuk gizarteari egindako begirada irekiagoa dute, eta beste batzuk barnerakoiagoak dira». Musika gustuen artean, batez ere, Dut eta Anari aipatzen dituzte Euskal Herrikoen artean, «nahiz eta guk egiten duguna desberdina izan».

Lana euren kabuz grabatu zuten hiru anaiek, beraien baserrian egokituriko lokalean. Diskoa entzun ahal izateko bi aukera jarri dituzte eskuragarri: batetik, www.myspace.com/keataldea helbidean deskarga lezake edonork, eta bestetik, Youtuben ere abesti bakoitza entzun liteke; gainera, diskoko liburuxkako argazkiak eta hitzak ikus daitezke.

KaskezurBi jokoren artean

Itzulera kapsularik gabe, espaziora bidalitako azken zakurrak izenburu bereziko lehen diskoa 2008an argitaratu zuen Baztango taldeak. Zazpi hilabetean 30en bat kontzertu eman zituzten Euskal Herrian, eta lan berria prestatzen hasi ziren Iturria (gitarra, ahotsa, teklatuak eta armonika), Ainara (baxua eta ahotsak), Philippe (bateria) eta Minde (gitarra eta ahotsa). Elizondokoak dira hiru mutilak eta Sunbillakoa neska, guztiak 26 eta 34 urte bitartekoak.

Gure jokua izena eman diote diskoari, lehen kantuaren izen berbera alegia. Bi esanahi ditu izenak, Iturriak adierazten duenez: «Batetik, adierazten dugu mundu honetan hari gutxi batzuk mugitzen dutela guztia, eta gainerakoon bizitzak joko bat direla beraientzat. Bestetik, adierazten dugu azken urte honetan denbora pasan egin dugun disko hau izan dela gure jokoa». Rock doinuak ditu diskoak, eta letra gehienak salaketa egiten dute, salaketa soziala eta mundu mailakoa, baina bada festaren inguruko gairik ere: «Kantu guztietan dago rocka, baina saiatzen gara abesti bakoitzari bere nortasuna ematen. Kide bakoitzak bere gustuak ditu, eta ez dugu soinu jakin bat. Kantu desberdinak egitea dugu gustuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.