Oso urduri dagoen zerbitzari bat jatetxeko ateak irekitzeko prestatzen ari da. Jatetxearen izena Le Deuxieme Acte da. Bi lagun jatetxerantz doaz. Bietako bat bere neska lagunari buruz kexaka ari da. Beste lagunak ez du ulertzen zer den hari buruz gustatzen ez zaiona, baina lehenengoak bigarrena aurkeztu nahi dio aipatu neska lagunari, berarekin maitemindu dadin (eta bera bakean utzi dezan). Neska laguna ere jatetxerantz doa, autoz, eta aita ere hara darama, txoratuta daukan mutil laguna aurkezteko asmoz.
Lau pertsonaiak aktore ezagunak dira: mutil laguna Louis Garrell da, haren laguna Raphael Quenard, neska laguna Lea Seydoux, eta aita Vincent Lindon. Izan ere, lau pertsonaia dira, baina baita film batean lanean ari diren lau aktore ere. Argi utziko dute lehen eszenatik, laugarren pareta deritzona apurtuz eta kamera seinalatuz, grabaketa batean daudela elkarri gogoraraziz. Horrela, Lindonek grabaketa utzi nahi du, baina Paul Thomas Andersonen dei bat jasoko du; Garrelek Lindoni Hollywoodeko film batean lortu duen rola lapurtu nahi dio; Quenardek ez dio gidoiari jarraitu nahi, eta politikoki zuzenak ez diren esaldiak gehitzen ditu; Seydoux nazkatuta dago grabaketarekin, baina kontratu batek lotzen du; eta jatetxearen jabeak filmean azaltzen den estra bat izateko ilusioa du, baina lotsagarri geldituko da.
Le deuxième acte, Quentin Dupieux zinemagile frantsesaren azken lana, iazko Cannesko jaialdia inauguratu zuen filma izan zen. Irekiera hartarako Dupieuxen komedia hautatzea ez da ausazko erabaki bat; izan ere, filmak borborrean dauden gaiei buruzko hausnarketa egiten du: me too eta kantzelazioaren kultura, filmak egiteko dauden era eta baldintzak, zinemak errealitatea irudikatzeko duen gaitasuna, baita zinemak zertarako balio duen ere. Komedia arina dirudienak hainbat gai jartzen ditu mahai gainean.
Dupieuxen filmei aurpegiratzen zaie hasierako ezustea edo sorpresa pasatu ondoren errepikakorrak bilakatzen direla, filmak aurrera egin ahala grazia galtzen duen gag soil bat izango balira bezala. Le deuxième acte-ren kasuan, iritzi hori du kritikaren parte batek, baina beste batzuen ustez, zinemagile frantsesak filmaren premisari eustea lortu du, eta komedia absurdo eta inozoa dirudiena ez da soilik laugarren pareta apurtzearen jokoan gelditzen: fikzio maila ugari metatuz joaten da, estruktura narratibo konplexu bat eraikiz, eta norbere buruari barre egiten dion aktore taldeak filmaren asmoa biribiltzen du.
'Le deuxième acte'
Zuzendaria: Quentin Dupieux. Gidoilaria: Quentin Dupieux. Aktoreak: Lea Seydoux, Vincent Lindon, Raphael Quenard, Louis Garrel. Argazkia: Quentin Dupieux. Generoa: Komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 85 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'Molt lluny'
Zuzendaria: Gerard Oms. Gidoilaria: Gerard Oms. Aktoreak: Mario Casas, David Verdaguer, Ilyass El Ouahdani. Argazkia: Edu Canet. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Katalunia.
Sergio Utrechtera doa bere familiarekin futbol partida bat ikustera. Bartzelonara itzultzeko hegaldia hartu baino lehen, izu krisi bat du, eta Herbehereetan geratzea erabakiko du. Bere senideei azalpen logikorik eman ezinik, iraganarekin duen harremana moztuko du. Hortik aurrera, dirurik gabe, etxerik gabe eta hizkuntza jakin gabe biziraun beharko du.
'Le roman de Jim'
Zuzendariak: Arnaud Larrieu, Jean Marie Larrieu. Gidoilariak: Arnaud Larrieu, Jean Marie Larrieu, Antoine Jaccoud. Liburua: Pierric Bailly. Aktoreak: Karim Leklou, Laetitia Dosch, Sara Giraudeau. Argazkia: Irina Lubtchansky. Generoa: komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Frantzia.
Aymericek Florencekin egin du topo, lankide ohi duen emakumearekin. Sei hilabeteko haurdun dago, eta ez dauka bikotekiderik. Emakumea Jimez erditzen denean, han egongo da Aymeric. Elkarrekin urte zoriontsu batzuk igaroko dituzte, harik eta Christophe, Jimen aita biologikoa, agertzen den arte.
'La niña de la cabra'
Zuzendaria: Ana Asensio. Gidoilaria: Ana Asensio. Aktoreak: Alessandra Gonzalez, Juncal Fernandez, Lorena Lopez. Argazkia: David Tudela. Urtea: 2025. Iraupena: 95 min. Herrialdea: Espainia.
Madril, 1988. Elenak, 8 urteko haur batek, bere amonaren heriotzari aurre egin behar dio lehenengo jaunartzerako prestatzen ari den bitartean. Serezaderekin, bere ahuntza beti alboan duen neska ijitoarekin duen adiskidetasunaren harira, zalantza egingo du ea mundua benetan kontatu dioten bezalakoa ote den ala ez.