Bizirik izateak berarentzat zer esan nahi duen esplikatu du Aitor Bengoetxea Bengo musikariak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1997) lehenbiziko lan luzean: Bizirik. Iradoki duenez, definizioa ezin muga liteke esatera bizitza «hil arteko aldia» dela. Beldurrei ere begiratu behar zaie, eta erorikoei, eta minei, bai eta susperraldiei ere. «Niretzat, momentu txarrak pasatu ondoren berriro ondo egon arteko prozesua da bizirik egotea». Musika urbanoa bitartekari, zortzi kantutan azaldu du ilunetik argirako bidea, eta larunbatean hasiko da horiek eta beste zuzenekoetan plazaratzen. Kontzertua emanen du Donostiako Dabadaba aretoan.
Bengo 14 urte zituela hasi zen rapean, berehala ekin zion kantuak sortu eta sareetan jartzeari, baina pandemiak eman zion bultzada musikagintzan bete-betean aritzeko. «Klik bat izan zen, eta erabaki nuen bazela ordua gauza landuagoren bat egiteko». Hala, 4Taupada EPa kaleratu zuen 2021ean. Bizirik diskoa aditurik, Bengo orain denaren aurrerapen gisa uler liteke disko hura. Izan baita garapenik, baina eutsi egin dio estiloari: pop urbanoa da, baina hip-hoparen estetikatik ezin bereizia.
Bengo breakdancean aritua da, eta, hain zuzen ere, horregatik murgildu zen hip-hop kutsuko musikan. «Amerikako Estatu Batuetako musika pila bat entzuten hasi nintzen; New Yorkekoa, gehienbat». Zerrenda luzea osa lezake ordutik maite dituen artistekin: Mobb Deep, Wu Tang Clan, Public Enemy, eta The Notorious B.I.G. aipatu ditu boteprontoan, baina beste asko ere ezpainetara ditzake, eta ez soilik ozeanoaz bestaldekoak. Gainera, argitu du «euskal rock erradikala» ere sarri izan duela soinu banda, baita Mikel Laboa eta beste ere. «Bi influentzia nagusi ditut: hemengoa eta hip-hopari lotua dagoena». Biek egin dute, hortaz, gaur egun den bezalako.
Barrutik kanpora
Hiru ekoizlerekin egin du lan azken diskorako: Denso, Chickjuarez eta Mon Dvy —azken horrekin egin ditu gehienak—. Batik bat horiei esker erdietsi ditu diskoaren doinu ilunak, drill-a, eta ahots distortsionatuek lanari eman dioten ukitua —ez hain biluzia—.
Gainera, kolaborazioen emaitza dira zortzi abestietako hiru: Mezu bat kantuan Tatta artistak hartu du parte, eta Kiliki Frexkorekin eginak dira, batetik, azaroan single modura argitaratutako Hemengatxik, eta , bestetik, diskoan aurrenekoz kaleratutako Ez dut beharrik. Bengok zehaztu duenez, horiekin guztiekin «lagunarteko giroa» mantendu izana giltzarri izan da prozesuan, baita gauzak modu «organikoan» egin izana ere, «ezer behartu gabe». Bestela ez baitzuten lortuko xedea: «Barrukoa ateratzea».
Hala nola noraeza, etsipena, motibaziorik eza, kritika, gazteen ikuspegia, eta auzo bizitza jorratzen ditu Bengok kantuen hitzetan. Aurreko lanetan ere gai horiei buruz mintzo zen, batik bat. Dena dela, musikariak azaldu du Bizirik diskoko kantu bakoitza «energia mota bati» lot dakiokeela. Gainera, abestien ordena ez da ausazkoa: eboluzio baten irudikapena egiten dute, behetik gorakoa. Adibidez, lehen abestia Galduta da, eta hori da diskoko «malenkoniatsuena», artistaren arabera. Azkenak, berriz, Barkamena du izena, eta nork bere buruari barkatzeaz hitz egiten du.
Bizitakoak kontatzeko
Musikariaren esanetan, hitzetan plazaratzen dituen pentsamoduetan bistan gelditzen da «pandemiaren ondoko» artista bat dela. «Denbora izan dugu pentsatzeko zer egin nahi dugun, zer ez dugun nahi, eta ziurgabetasuna eta zalantza izan da nagusi. Askotan, ez genekien biharamunean zer etorriko zen ere».
Gazteen prekaritatea eta aterabiderik eza salatzeko aldarri batzuek jomuga argi bat dute Bizirik-en: autoritatea. «Gazte askok sufritzen dugun errealitatea oso bortitza da, eta garrantzitsua da guk geuk kontatzea zer gertatzen ari zaigun. Berdin da autobiografikoa den edo ez, ez du zertan izan, baina artistek ardura dugu inguruan ikusten duguna salatzeko».
Larunbatekoa da birako lehenbiziko kontzertua, baina beste batzuk ere iragarri ditu jadanik. Besteak beste, otsailaren 18an Laudioko Faktorian izanen da, Araban; hilaren 25ean, 40 Minutu Rock jaialdian, Durangon (Bizkaia); martxoaren 9an, Arrasateko gaztetxean (Gipuzkoa), eta, martxoaren 10ean, Iruñeko Txintxarrin.