Mailaka banatu dute agertokia. Aldapa luze batek zeharkatzen du alderik alde, eta eskailera batzuek bereizten dituzte guneak. Piano bat dago bazter batean. Eta arrosak, lurrean eta atze-oihalean. Hika teatro konpainiak sakonetik sortu du Tarara antzezlana, azaletik baino gehiago, eszenografia soil horrekin. Urtarrilaren 15ean estreinatuko dute, Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa). Joan den astean, entsegu ireki bat egin zuten Astigarragako Erribera kulturgunean (Gipuzkoa), eta zenbait BERRIAlagunek saioa ikusteko aukera izan zuten.
[Youtube]https://youtu.be/FCkfMDoLV0Y[/Youtube]
Rosa protagonista bitan banatutako pertsonaia bat da, bi aktorek antzeztua. Batak bestearen erritmoan dantza egiten du batzuetan, eta bata bestearen itzal bihurtzen da ondoren. Biolina jotzen ikasten ari den neskatila bat da, 1970eko hamarkadako Bilbon; zahar etxera ama bisitatzera doan emakumea, 1990eko urteetan. Izan ere, amarekin duen harremanean sakondu beharko du umetan gertatutakoa ulertzeko, sute misteriotsu bat argitzeko, iraganeko orbainak garbitzeko. «Batzuetan, emakume batek egin behar duena egin behar du».
Iluntasun horren erdian, distira egiten du Yasminek. Prostituzioan eta gaueko ikuskizunetan aritzen da, eta gakoa izango da ama-alaben gorabeherak ulertzeko. Haurrei egindako abusuei, tratu txarrei, desberdintasunari eta barkamenari buruzko istorio bat da Tarara, besteak beste.
Agurtzane Intxaurraga zuzendariak oharrez bete zuen koadernoa entseguan. «Horretarako zen. Eta jendearekin egoteko, noski». Saioa amaitu eta gero, lantalde osoak solasaldi bat izan zuen ikusleekin. Intxaurragak eskatu zien ardo batekin baleude bezala hitz egiteko, eta, hala, ikusle batek esan zien ez arduratzeko biolinaren mikrofonoak ez zuelako funtzionatu, soinua anplifikatu gabe jotzeak balio izan zuelako pertsonaiaren aldartea islatzeko, eta beste batek kontatu zuen hasierako pasarteak «La Palancako» girora garraiatu zuela.
Antzezlana Bilbon girotu badute ere, ez du han jatorria. Josi Alvarado valentziarrak idatzi zuen Tarara, eta SGAEren I. Ana Diosdao saria irabazi zuen 2019an. Sari hura eman zuen epaimahaiko kidea zen Intxaurraga. Egilearekin harremanetan jarri zen saria banatu eta gero, nor zen jakin zuenean, eta hark eskatu zion zuzen zezala Madrilen egitekoak ziren irakurraldi dramatizatua. «Ez zuen nire lana ezagutzen, baina, testuari buruz hizketan egon ginenez, ni aukeratu ninduen. Pentsatu nuen: 'Ea orain asmatzen dudan berak kontatu nahi duena esaten'». Pertsonaia batzuk moldatu zituen, aktore gutxiagorekin egin ahal izateko, eta Rosarena bi aktoreren artean banatu zuen. «Dramaturgiak oso ondo funtzionatu zuen; denok gustura geratu ginen».
Zuzendari lanean, bi erronka nagusi izan ditu Intxaurragak: pertsonaia beraren rola jokatzen duten aktoreen lana uztartzea, eta testua moldatzea. Izan ere, dramaturgia sortu behar izan zuen testu «poetiko» batentzat. «Esan zidan: 'Ez galdetu, egin'. Askatasun osoa izan dut».
Jatorrizko testua irakurri zuenean burura etorri zitzaizkion irudietako bi dira arrosa igokariak eta orein zauritua, eta biak ageri dira antzezlanean. «Obran, testu lirikoa eta kaleko hizkera uztartzen dira; egileak esaten du Lorcaren lirismoak inspiratu zuela, eta 'Almodovarren Technicolorra' ere aipatzen du. Uste dut bitasun hori oso ondo adierazi duela testuan, eta baita musikan ere, klasikoa eta herrikoia nahastuta».
Arantxa Iturbek euskaratu du lana, eta Ikerne Gimenez aritu da eszenografian eta jantzitegian. Sei aktore ariko dira agertokian, nahiz eta bederatzik osatzen duten taldea denera, batzuetan txandaka ariko direlako, euskaraz eta gaztelaniaz emango baitute obra. Tania Fornieles, Jurdana Otxoa, Kepa Errasti, Eneritz Artetxe, Itziar Ituño, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrian Garcia de los Ojos, Iñar Sastre eta Sandra Ferrus dira.
«Gozatzeko lan bat»
Otxoaren biolinarena da antzezlaneko soinu nagusia, Garcia de los Ojosek jotako pianoarekin batera —Sastrek ordezkatuko du saio batzuetan—. Batzuetan kontzertu baten gisako piezak joko ditu, eta istorioari lagunduko dioten askotariko hotsak egingo ditu tarteka. Otxoa lehen aldiz aritu da antzerkian, eta «sekulako esperientzia» izan da harentzat.
Errastik jokatuko du Yasminen rola. «Izen artistikoa du Yasmin, eta azkenerako aldarrikatzen du bere benetako izena izan daitekeela. Argitasuna emango du istorio ilun honetan, eta babes handia izango da gainontzeko pertsonaientzat», kontatu du. «Pertsonaiak indar handia du, eta eroso sentitu naiz harekin; gozatzeko lan bat izan da». Lanari beste kolore bat emateko asmoz, Azkoitiko (Gipuzkoa) euskaran ariko da euskarazko bertsioan, eta Granadako (Espainia) hizkeran gaztelaniazkoan.
Euskarazko bertsioan, Fornielesek antzeztuko du Rosa —gaztelaniazkoan, Ferrusek—. Metafora baten bidez azaldu du haren bilakaera: «Rosak bere lorategira joan behar du, lurra mugitzera, sustraiak aurkitzeko. Amarengana joaten da, gogoratzen ez dituen oroitzapenak argitzeko asmoz». Zorriz betetako arrosak sendatu beharko ditu bere buruaren jabe izateko. Fornielesentzat gogorra izan da antzezlana prestatzeko prozesua, denbora gutxi izan baitu lanerako. «Irakurri nuenetik sentitu nuen nire bizitzarako lagungarria izango zela. Oso hurbil sentitu nintzen Rosarengandik. Gogorra izan da, hasieran ezin nuelako nigandik bereizi; hori egitea lortu dudanean, askoz gehiago gozatu dut».