Noranahiko artearen pintorea

Abstrakziotik eta pultsu bitalistaz sortu zuen bere irudizko mundua Jose Luis Zumetak. Adituek aitortzen diote arteari espazio berriak ireki izana, artista berriek zeharka ditzaketenak orain.

Omenaldia. Atzo artistari egindako lore eskaintza, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Diskretua zen. Eta kuriosoa da nola joan den, isiltasunaren diskrezio horretan, umiltasun horretan, eta pinturaren lan bokazionalari emanda, beti bezain sortzaile, beti margotzen. Irudipena dut joan dela agurtu gabe, isil eta apal, pandemiaren testuinguru itogarri honetan». Jose Luis Zumetaren heriotzaren biharamunean, hala margotu du hitzez Fernando Golvano arte kritikari eta EHUko irakasleak pintorearen figura. «Diskretua, isila eta apala», errepikatu ditu, haren obra deskribatzeko erabilitako hitzetatik urrun: «Lan bizi-bizia, espresiboa, kolorearen esperientzia handikoa».

14 urterekin, Graficas Valverden aprendiz modura nola hasi zen, eta, nola 20 urterekin Parisera egin zuen, bi mugimendu horiek ditu Zumetaren lehen urrats aipagarritzat Golvanok. Dioenez, han lotu zen margolaria arte modernora, eta, itzuli zenerako, Gaur taldea eratzen hasterako, bere lanek bazekarten jada gerora bere obra ezaugarrituko zuen «espresionismo erabat bital hori», hain koloretsua eta hain berritzailea garai hartarako. «Zumetak bere pinturarekin ekarri zuen irekidura bat, askatasun bat, begia informalismo europarrean eta espresionismo abstraktuan jarri zuenean. Cobra mugimendua, [Asger] Jorn, Paul Kle... artista multzo handi baten eragina bere egin zuen, eta oso nabaria da 1960ko urteetako bere lehen lanetan».

Euskal artearen historian ezinbesteko atal bat idatzi duen belaunaldi bateko kide bat izan da Zumeta, eta horrek azaltzen ditu haren obrako puntu asko, Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordearentzat. «Artea berritzeaz arduratu zen belaunaldi bat da harena, ikaragarrizko ahalegina egin zuena artea ikusgarri egiteko eta artea orduko eraikuntza sozial, kultural eta identitarioaren erdigunera eramateko». Testuinguru hartan euren jardun artistikoa «erabat kontrakulturala» izan zela nabarmendu du, aurre egin ziotelako artearentzat oso leku murritza gordea zuen giro bati. «Euren lekua aldarrikatu zuten, eta esan: 'Hemen gaude, artistak gara, eta uste dugu arteak une honen eta gure kulturaren parte izan behar duela'».

Artista libre bat ikusi du beti Zumetarengan, iruditeria berriak sortzeko dohain piktorikoa izan duena. «Bere ibilbide artistikoa askatasun erabatekoz garatu zuen, loturarik gabe. Inoiz ez zituen jarri bere pasiotik at egon diren interesak lehentasunen artean. Eta uste dut asmatu zuela». Antzera Golvano ere: «Disidentziaren formak ziren harenak, kanon kontserbadoreari aurre egitea disidentzia egiteko modu bat baitzen. Pintura zerbait bizia zen harentzat, aurretiazko ideiarik gabea. Horrek guztiak pintatzen jarraitzearen aldeko neurrigabeko pasio bat ekarri zion».

Saloietako artetik urrun

Figuraziotik ere nabigatu zuen arren, abstrakzioan mantendu izanak are sendoago bihurtu du Zumetaren obra, Huercanosen ustetan. «Bere apustu artistikoa beti izan zen komunikazio erradikal hori, eta interesgarria da nola lortu zuen, abstrakzioaren erradikaltasunetik, bere imajinarioa gizartean oso presente egotea». Arte plastikoen eremutik kanpoko kulturgileekin egindako kolaborazioak —Ez Dok Amairuren ingurukoak, batik bat— ikusten ditu lorpen horren atzean, bai eta horretarako bilatutako forma ere. «Arte adierazpen bitalistago bat bilatu zuen, museoetako edo saloietako artetik urrun». Estetika eta etika oso lotuta ikusten ditu horregatik Zumetaren obran. «Imajinario propio bat sortzeko nahi horrekin batera zegoen imajinario hori gizartetik oso hurbil egoteko nahia. Gertutasun hori baloratzen zuela uste dut».

Ez museo batean, ez inongo galeriatan. Hain zuen, Zumetaren irudi bat estreinakoz Mikel Laboaren disko baten azalean ikusi zuela oroitu du Beatriz Herraezek, Artium museoko zuzendariak. Hortik azaldu du Zumetaren obrak beretzat zer munta: «Hainbat alor zeharkatzeko gai izan zen, diziplinak konektatzeko, eta garai baten irudi bat proiektatzeko, artetik eta kulturatik; definizio horrek azaltzen du zergatik izan den hain garrantzitsua belaunaldi oso batentzat, eta, ziur asko, baita ondorengoentzat ere». Artista bezala ekoitzi duen guztian «lengoaia singular bat» agerikoa dela dio, hainbat alditan eraldatzen jakin zuen lengoaia bat. «Abstrakziorik erradikalenari lotutako garaitik, kolorearekin egindako lanera eta figurazio espresibora, bere obra beti izan da sortua izan den testuinguru sozialarekiko eta politikoarekiko tentsioa mantentzeko gai».

Garai historikoagatik, artearentzako espazio berriak «inauguratzea» egokitu zitzaiola aipatu du Huercanosek, eta ondorengo artistak espazio horiek «ibiltzen» ikusi dituela. «Egun oso normala iruditzen zaigu, baina garai hartan abangoardiako artista batek eta musikari batek elkarrekin lan egitea artea beste leku batzuetan erakutsi ahal izateko bide bat urratzea zen».

Eremu libreago bat orain

Zumeta zen Gaur taldeko gazteena, eta, Sistiagarekin batera, bizirik zen bakarra. Ziburutik (Lapurdi) hartu dio telefonoa BERRIAri Sistiagak, hitz jario atsegin baina neurtu batekin. Zumetaren heriotzak Gaur-en garaia gogora ekarri diola dio, sasoi harekin lotzen duela pintorea. Tratu gehien urte haietan izan zuten, eta ordutik aurrera «elkarrenganako afektibitate bat» geratu zitzaiela adierazi du. «Oso noizean behin ikusten genuen elkar, erakusketetan batez ere, beti beste artista bat tarteko». Zumetaren margolanetatik ere urte haietakoak ditu maiteen artistak. «Interes handiz jarraitu nion 1960ko urteetan margotu zuenari. Obra berriagoa tarteka bisitatu dut, baina ordukoa uste dut oso ona dela, abstrakzio apurtzaile harekin». Artearen gaineko begirada oso partikular baten jabe zela oroitu du: «Oso berea zen begirada bat zuen».

Belaunaldi hura «erreferente» izan da. Hala dio Golvanok, eta ez testuinguru hertsi batean euskal artea berritu zutelako soilik, baita belaunaldi berriak artera hurbildu zituztelako ere. Zumetaren kasuan, pintura mihiseaz haraindi eraman, eta artistaren definizioa ireki izana aitortzen dio Huercanosek: «Artistek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan oso leku txikia betetzen zuten, eta berak ekarpen handia egin zuen espazio hori askoz askeagoa izan zedin. Ez zuen mugarik horretan. Horri esker dago orain espazio zabalago bat lanerako, eta ideia bat presente: beti daudela modu berriak artista izateko». Garaiak aldatu, eta gaur egungo artea beste koordenatu batzuetan mugitzen dela aipatu du, baina badela beti aurrera doan hari bat. «Artearen ekintza bera, pintatzea, garairik gabeko zerbait da, zentzua duena beti».

Zumetarena bezalako ondare bat gordetzearen eta hedatzearen garrantzia azpimarratu du Herraezek, hori geratzen dela. «Gure ardura da artisten lanak kontserbatu, transmititu, eta haien gaineko irakurketak aberastea, beste belaunaldi batzuek ere sarbidea izan dezaten gizarte egiten gaituen horretara».

[YouTube]https://youtu.be/2Ylx7SFhX_M[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.