Makina bat musika taldetan aritua da Libe Garcia de Kortazar (Bilbo, 1981), teklatuan nola ahotsean, baina Libe izeneko barkako proiektua du bereena. Duela lau urte kaleratu zuen Ihesaldi handia estreinako lana, eta iragan udazkenean heldu zen bigarrena: Ilargia erori da (Bonberenea Ekintzak, 2017). Txus Villalabeitia (gitarra, ahotsa), Dani Arrizabalaga (bateria), Fede Egiluz (baxua) eta Jon Basaguren (gitarra, ahotsa) ditu taldekide agertoki gainean —Izaki Gardenak taldeko kide ia-ia berberak—, eta bihar emango dute hurrengo kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian, Micerekin.
«Erraietako guztia» atera zenuen lehen lanean. Hala izan da honetan ere?
Lehen diskoko abestiek pisu handia zuten niretzat. Eta, bai, honetan ere nire barruko ideietatik abiatu gara, baina abesti freskoagoak dira. Gainera, taldekideak hasieratik egon dira prozesuan, eta nabaritzen da emaitzan.
Argiuneekin, baina sentimendu ilunak ziren nagusi aurreko diskoan. Alderantziz izan da orain?
Bai, badute puntu iluntxo bat, baina, oro har, argiagoak dira. Gitarrak ere ez dira hain distortsionatuak, eta soinua suabeagoa da. Abestiak egiten hasi nintzenean, orain dela bospasei urte, erlazio batetik atera berria nintzen, eta barruan neukan horrekin abestiak egiteko aprobetxatu nuen. Gaur egun bizitzako beste puntu batean nago, eta, azkenean, nola zauden, hala aterako zaizkizu ideiak.
Barruko egoerari estu lotuta sortzen duzu, orduan?
Nik bai, erabat.
Aurrekoan 11 kantu ziren; oraingoan, sei.
Abesti gutxiago dira, baina landuagoak; bakoitzak bere puntua dauka, ahotsetan, soketan edo baterian. Egin nahi dudanarekin kritikoagoa naiz orain. Gaur ez nituzke aurreko diskoko zenbait kantu aterako; beste modu batera egingo nituzke, eta modu horretan egin dugu lan disko berrian.
Zenbat denbora eskaini diozue?
Gutxi gorabehera, bi urte.
Bada denbora sei kantu egiteko.
Bai. Nik ideia biluzi batzuk eramaten ditut lokalera, nota batzuk pianoarekin eta ahotserako melodia batekin, eta guztiok egiten ditugu konponketak. Gehien kostatzen dena ez da ahotsa edo gitarra sartzea, ideia nola bideratu asmatzea baizik; rolloa aurkitzea. Horretan joan zaigu denbora asko, baina lortu dugula uste dut.
Giroak eta sentsazioak sortu dituzu lan honetan ere; estilo horretan aurkitu duzu zure rolloa?
Bai. Gustatzen zaiguna intentsitateekin jolastea da, eta nahi gabe ateratzen diren atmosferak dira.
Ahotsak ere pisu handia du.
Ahotsean aldaketa egon da aurreko diskotik hona. Talde batean abesten hasten zarenean, emakume izanda gainera, noraino hel zaitezkeen frogatu behar duzu serio har zaitzaten. Aurreneko diskoan hori egin nuen, eta gerora konturatu naiz; abesti batean tonu altu asko zeuden, hurrengoan baxu asko... Melodia arriskutsuak ziren. Kasu honetan ez nuen hori nahi. Ahots baxuagoeta leunago bat nahi nuen.
Izenetik eta azaletik hasita, diskoak badu estetika espazial bat, kantuetako doinu flotatzaileekin bat egiten duena.
Bai. Metafora handi bat da, nire musikarekin lortu dudanarena. Denbora asko egon naiz itzalean gauzak egin nahian, eta, azkenean, lortu dut: argira atera naiz, lan handiaren ondoren. Hitz guztiak Jon Basagurenek idatzi ditu. Asko gustatzen zait hitzak melodiei lotzeko duen gaitasuna. Ilargia erori da-ren ideia berak aspalditik zuen buruan; hortik ere sortu da giro galaktiko hori.
Kantu horrek dio: «Itzaletan, bazterretan, luzaroan ezkutatu naiz». Musikaren itzaletan?
Bai, nolabait. Gustatzen zaidana egitea da musika niretzat. Ezkutatu, baina, aldi berean, esan: «Hemen nago, horrelakoa naiz, eta hau da kontatu nahi dudana». Gustatzen zaizuna egin eta erantzun bat jasotzea ederra da. Eta musikaren bidez esatea bestela esaten zailagoa dena.
Neubatekin hasi, eta hamaika talderekin aritu zara: Sorkun, Ekon, JP Lohian...
16-17 urte daramatzat musikan. Egin ditudan gauzen artean batzuk gustukoago dituzu beste batzuk baino, musikalki diot, baina gaur naizena bizi izan dudanaren emaitza da. Beste taldeetan jada eginda zeuden kantuen gainean jarri izan ditut teklak eta koroak. Eta hau oso ezberdina da: taldearen babesarekin, baina biluzik ateratzea da.
Kasu honetan, txeloa jarri du Maite Arroitajauregik bi kantutan. Elkar gurutzatze horiek laguntzen dute musikalki hazten?
Bai, dudarik gabe. Maite aurrez ezagutzen nuen, eta Karlos Osinaga Txap-ek —berak ekoitzi du diskoa— proposatu zidan hari esatea pare bat kantutan parte hartzeko. Txap aspalditik ezagutzen dut, Neubaten lehen diskotik. Joseba Poncerekin, berdin; aurreko diskoan berak pila bat lagundu zidan. Sorkunekin nenbilenean ere jende asko ezagutu genuen, eta Izaki Gardenak-ekin ere bai. Gaztetxez gaztetxe zabiltzanean hala izaten da.
Micerekin duzu hurrengo kontzertua bihar; bakarkako bidea urratu berri du hark ere.
Miren Narbaizak talentu handia dauka, eta asko gustatu zait haren lehen diskoa. Nire kasuan, bakarkako bidea hastean presio handia sentitu nuen; kantuak sortzerakoan, baina baita diruarekin eta zuretzat boluntario modura dabilen jendearekin ere. Horra iritsi arte bide bat egin behar da, eta jo tabernetan, jo gaztetxeetan... Nire musika, gainera, zuzenekoan entzuteko egindako musika da. Disko batean edo kontzertu batean entzuten dena bi gauza dira.
Libe Garcia de Kortazar. Musikaria
«Noraino hel zaitezkeen frogatu behar duzu serio har zaitzaten»
Bakarkako bidean beste urrats bat egin du Libek, 'Ilargia erori da' diskoarekin. Atmosfera eta sentsazioak sortu ditu bigarren lan honetan ere. Bilbon du kontzertua bihar, Micerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu