MIRA

Norabidea

PARIS, 2021-07-13.- Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Parisen, Frantziako armadaren aurrean hitz egin aurretik. CHRISTIAN HARTMANN / EFE.
Paul Beitia Ariznabarreta.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hedabideen lumak eta kamerak, putreak sarraski ustelari nola, Kubari begira dauden bitartean, protestak eta istiluak izan dira azken egunetan Parisen, Mendebaldeko demokrazia zinezkoenaren bihotzean. «Pase sanitario» delakoaren ezarpenak piztu ditu liskarrak: Frantziako Gobernuak derrigorrezko egin berri du txertoa jasota izatea ostalaritzako eta kultur arloko leku itxietara sartzeko, baita osasun-langileentzat ere, eta eremu gehiagotara ere zabal liteke txertoaren beharrezkotasuna. Pandemiaren gaindipenerako txertoek duten garrantziaren inguruan zalantza gutxi egon daitekeen arren, arrisku nabarmenak iragartzen ditu biztanleriari botiken derrigortasuna inposatzeak, azken urteetako askatasun zibil eta politikoen deuseztapenaren testuinguruan ulertuz gero, bereziki. Gehiengoarentzat aski justifikazio da pandemia horrelako neurriak onartzeko; Parisko langile-auzoetan, aldiz, gero eta totalitarioagoa den gizartearen aurka oldartu dira.

Argazkiko lehen planoan Macron dago, Frantziako presidentea, pase sanitarioaren neurria publikoki jakinarazi duena, aurrez beste hainbat neurri bezala. Eta hondo-hondoan, gizartearen barrunbeak erakusten ari bailitzan, gezi moduko bat, norabait seinalatzen.

Izan ere, osasun-egoerak ez du estaltzen zein norabidetan goazen: gizarteko masa zabalen pobretze sakonerantz, krisi ekonomikoaren bizkortzeak eragindakoa eta oligarkiaren interesen arabera hartutako politika totalitarioek sostengatutakoa. Otzantasun ia erabatekoz goaz kapitalismoaren fase berri baterantz, eta pandemiak ez digu beti justifikazio gisa balioko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.