Norabidea berrestea

Iragan urteetako joerak finkatzen ari direla iritzi diote BERRIAko musika kritikariek: hala nola elektronikaren hedapena eta post-punkaren indartzea. Dena dela, «eszenaren pluraltasuna» ere nabarmendu dute.

Chill Mafia, Mursego eta Triggerren kantaren grabaketa, Katakraken. A. GALDOS.
Katakrakek plazaratutako 'Hau dena' kantu bilduma aipatu du Azpitartek 2023ko lan nabarmenen artean.
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urtarrilaren 3a
05:15
Entzun

Urte berri bat hasteak ekar dezake, batzuetan, kolpez bidea aldatzea. Baita musikan ere. Inoiz, ailegatu dira euskal eszena guztiz astindu duten joera berri eta apurtzaileak, aurrez ezarritako ildoetatik apartekoak zabaldu dituztenak, eta erakutsi dituzte beste paisaia batzuk. 2023an, baina, zenbait talderen pausa eta agur iragarpenak eta beste salbuetsita, susmo bat da nagusi: 2022aren aldean, noranzkoa berbera ez ote den. Oro har, tesia hori dela iradoki dute, nork bere manerara, Urko Ansa, Julen Azpitarte, Ihintza Orbegozo eta Andoni Tolosa BERRIAko musika kritikariek. «Ez dut uste euskal musika asko aldatzen denik urte batetik bestera», esplikatu du Azpitartek. «Norabidearen berrestea» aipatu Orbegozok. 

«Inpresioa daukat aurreko urteetako joerak berretsi direla», garatu du Orbegozok ideia. Inguruari erreparatuz, aise antzeman ditu aipatu joera horietako batzuk. Adibidez, belaunaldi berriek Euskal Herrian «errotutako» rockaren eta punkaren tradizioa hautsi nahia, orain dela zenbait hamarkada genero horietan ari ziren gazteen antzerako «errebeldiaz» baina rap, trap, reggaetoi doinuak eginez eta entzunez. Bestalde, kritikariak nabarmendu du musika elektronikoa are eta gehiago hedatu dela aurten. «Beste leku batzuetan baino beranduago bada ere, eta horri eskerrak, elektronikaren azpigeneroen inguruko ezagutza gero eta zabalagoa da, eta, izatez, horietako asko kultuzko musika motatzat ere jotzen dira gaur egun». 

Eztanden segidak

Urtearen errepasoa egitean, Urko Ansak ere aipatu du rockak gero eta eragin txikiagoa duela gazteengan. Horri buruz, neurritsu mintzatu da Orbegozo. Argitu duenez, batzuen «haustura» desirak ez du rockaren eta punkaren indarra hainbeste ere apaldu Euskal Herrian. Dioenez, biek dute presentzia nabarmena oraindik. Edonola ere, zehaztu duenez, post-punkak bizi duen aldi gozoa zaio aipagarriena. «Loraldia izaten ari da, underground eszenan batez ere. Hainbat talde berri azaldu dira, eta gero eta publiko zabalagora iristen dira; bai talde berriak, bai lehendik bazirenak». 

«Elektronikaren inguruko ezagutza gero eta zabalagoa da, eta azpigeneroetako asko kultuzko musikatzat jotzen dira gaur egun».

 IHINTZA ORBEGOZO Musika kritikaria

Beste bi musika generoren «loraldiak» azpimarratu ditu Ansak: punk-oi! eszenarena eta soularena. Azken horri dagokionez, hainbat adibide eman ditu kritikariak: Sara Azurza, Estitxu Pinatxo, Kattalin eta Nenufarrak —«kanturen batean edo bestean»—, Arima Soul, Bele eta Afrika Bibang. 

Dena dela, oro ez da urre. Ansak azaldu du 2023a ez dela urte erraza izan heavy metalari dagokionez, esperantza izpirik egon badago ere. «Ez da urte bereziki oparoa izan euskarazko lan luzeen kantitatea kontuan hartzen badugu. Baina kalitatea egon badago, noski, eta jaialdi heavyen presentzia handiagoa nabaritu dugu, gainera: gehiago dira, eta maila musikal handikoak. Erresistentziak bere horretan jarraitzen du».

Azken urtean gauzak deus gutxi aldatu diren ustea argudiatzeko balio dio Azpitarteri bere aukeraketak. Izan ere, 2023ko disko kutunenei buruz galdetuta, 2021etik askoren ahotan izaniko «Iruñeko eszena» aipatu du kritikariak batik bat. «Iruñean izaten ari den eztanda Euskal Herriko musika gertaerarik interesgarriena da gaur egun», adierazi du. Disko hauek nabarmendu ditu: askoren artean egin eta Katakrakek plazaratutako Hau dena, Chill Mafiak biniloan eman berri duen Ezorregatik X Berpizkundea, eta Tatxersen Tatxers. Halere, Iruñetik urrundu gabe ere gehiago gehitu litzake: «Zerrenda luzatu daiteke: Ibil Bedi, Bris...», erantsi du. 

Azpitarteren iritziz, estilo aniztasuna «agerikoa» da Iruñeko eta inguruko talde sorta horretan, eta, iradoki duenez, Chill Mafia eta Hau dena bilduma argiki dira horren erakusle, «Iruñeko leherketaren potreta oparo eta interesgarriak». Katakraken rolaren garrantzia azpimarratu du musika kritikariak, baita Hau dena-ren koordinatzaile Ion Celestino musikariarena ere. «Celestinori behin entzun nion Iruñean euskalduna izatea underground izatea dela, eta uste dut egoera bakan eta baztertu hori ia beti lagungarri izaten dela nortasun propioa garatzeko, izaera hori askotarikoa izan arren». Horrek dakarren onura bistaratu du Azpitartek: «Sen underground horrek komunitatearen kontzeptua sendotzen du, [...] eta trinkotze horretatik sortzen dira proposamen interesgarrienak, ezbairik gabe». 

«Sen undergroundak komunitatea sendotzen du, eta trinkotze horretatik sortzen dira proposamen interesgarrienak».

 JULEN AZPITARTE Musika kritikaria

Hain zuzen ere, Azpitartek «komunitate izpirituaren» adibide gisara aipatu du, Chill Mafia ez ezik, Tatxers ere. Hirukotearen 2023ko diskoari buruz, hau uste du: «Oi! komunitatetik abiatuta, pop eremu konplexuagoetara mugitu dira, hasieratik erakutsi duten arren pop joera hori».

Herritar askok aspaldi utzi zuten izurritearen oroitza atzean. Dena dela, Ansak oraindik ere erne begiratzen die «deskalabru» hark utzitako ondorioei, eta denak ez dira txar-txarrak, dioenez. Haren iritziz, hau da onuretako bat: zernahi ordutan eginiko musika emanaldiei egiten zaien harrera. «Kontzertu zenbait gautxorientzat izatetik publiko zabalarentzako aproposak bihurtu dira». Uste du dagoeneko ez dela pentsaezina arratsaldez eginiko kontzertu batek harrera ona edukitzea, eta berdin eguerdian egiten bada, adibidez. Ansa: «Aukerak asko zabaltzen ditu». 

Nork bizirik iraun, eta nola

«Helduentzako musika» sasoi onean dagoela nabarmendu du Andoni Tolosak, 2023ko uztari so. «Komertzialetik eta, oro har, gazte kulturetatik aparteago dauden egile eta generoek lan bikainak utzi dizkigute 2023an». Horien artean kokatu du Txuma Murugarrenen Gautegia lana, eta esan du, hain zuzen, iazko disko kutunenetarikoa duela hori, baita Beñat Axiariren eta Joseba Irazokiren Bas(h)oan II, Amoranteren Harri Herri Har eta Xabier Zeberioren Pause ere. «Benetan estimatzekoa da egile horien guztien tema, gehienetan, komertzialtasunetik dezente urrun kokatzen diren bideei eusteko, eta diskurtso propio bat eraikitzeko», gehitu du Tolosak.

«Komertzialetik eta, oro har, gazte kulturetatik aparteago dauden egile eta generoek lan bikainak utzi dizkigute 2023an».

ANDONI TOLOSA Musika kritikaria

«Estimatzekoa» dela dio, batik bat baldintza ekonomikoak itota baitaude. Haren hitzetan, «gutxiengoak» diren estiloak hizkuntza gutxiagotuan lantzen dituztenek zailtasunak baitituzte entzuleengana iristeko. «Lan hauetarako masa kritikoaren falta dago», zehaztu du. «Arazo globala da, baina, beti bezala, egoera horren eraginak latzagoak dira hizkuntza eta joera kultura hegemonikoetatik kanpo bizi direnentzat». 

Estutasun horrek kezkatuta dago Ansa ere. Aldarte horrekin hausnartu du urteotako hainbat gertaeraz: «Talde garrantzitsu batzuen desagerpenek ez digute tregoarik eman. Penagarria da, baina ia beti proiektu berrietan birziklatzen dira artista horiek, zorionez». Galdera bat ere bota du: «Zenbat ematen du gure musikak?».

«Artista batzuek bakarrik lortzen dute Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hesia gainditzea; egoera negargarria da».

 URKO ANSA Musika kritikaria

Berriz ere, Orbegozok erne egin dio so generoen arteko orekarik ezari. Sumatu du gero eta andre gehiago direla oholtzetan, baina ezin esan berdintasuna erdietsi denik. «Arrakala txikiagotzen ari da, baina sona gehien duten taldeak nagusiki gizonezkoez osatuta daude oraindik». Propio eginiko aukeraketan, ordea, emakume franko jaso ditu. Hauek ditu iazko lanik kutunenak: Ibil Bediren Goldea, Lisaboren Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte, eta Sara Zozaiaren Nara. Atzerriko lanetatik, berriz, Scowlen Psychic Dance Routine.

Euskal eszenaren beste arrakala bat bururatu zaio Ansari: Iparraldearen eta Hegoaldearen artekoa. Kritikariak «deskonexioa» nabaritzen du bi aldeen artean. «Artista jakin batzuek bakarrik lortzen dute hesi hori gainditzea. Egoera negargarria da, zenbait kasutan artisten kalitatea benetan altua baita. Badakigu egoera horren aurka jende asko borrokan ari dela, baina lan asko daukagu egiteko».

2023ko disko nabarmenak

 

 

Ihintza orbegozo

Ibil bedi.Goldea (egilea editore).
Lisabo.Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte (Bidehuts).

Sara Zozaia.Nara (Airaka).

 

Scowl.Psychic Dance Routine (Warehouse Records).

urko ansa

Maialen.Animus Anima (egilea editore).
Murgi.Hain zuzen ere (egilea editore).


Izaro.Cerodenero (Izaro).

Iggy Pop.Every Loser (Gold Tooth / Atlantic Records).

julen azpitarte

Askoren artean.Hau dena (Katakrak).
Chill Mafia.
Ezorregatik X Berpizkundea biniloa (Oso Polita).
Tatxers.Tatxers (Tough Ain't Enough Records).

 

Yussef Dayes.Black Classical Music (Brownswood Recordings & Nonesuch Records).

andoni tolosa

Txuma Murugarren.Gautegia (Gaztelupeko Hotsak).
Zauria.Zauria (Bidehuts).
Xabier Zeberio.Pause (Forbidden Colours).

 

James Yorkston & Nina Pearson.The Great White Sea Eagle (Domino Recording).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.