Musika Hamabostaldia

‘Nora?’ opera izango da Haurren Hamabostaldiko emanaldi nagusia

Ipuin kontaketa bat eta tailer bat ere egingo dituzte. Viktoria Eugenian eta Kursaalean izango dira emanaldiak.  

Landarbaso Abesbatzako Kontari taldekoak, Nora? operaren entseguetan. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 4a
17:20
Entzun

Abian da dagoeneko aurtengo Haurren Hamabostaldia. Bost emanaldi eskainiko dituzte denera, Viktoria Eugenia antzokian eta Kursaalean. Haurrentzako opera bat izango da ekitaldi nagusia, Landarbaso abesbatzak sortu duen Nora?. Halaber, ipuin kontalaria eta tailerrak berreskuratu ditu aurten jaialdiak, etxeko txikienek ere musikarekin bat egin dezaten.

«Sentsazioetan oinarritutako bidaia bat da». Horrela aurkeztu dute Landarbaso abesbatzako Maialen Dorronsorok eta Iñaki Tolaretxipik Nora? haurrentzako opera. Hilaren 8an izango da emanaldia, 19:00tan, Viktoria Eugenia antzokian. Haur bat da istorioaren protagonista, eta amonarengana egingo duen bidaian berarekin joatera gonbidatuko du publikoa. Hala, ikusleek ere pertsonaiaren emozioak sentitzea lortu nahi dute. Haur eta gurasoei eskainitako obra bat da, eta emozioak kanporatzeak duen garrantzia azpimarratzen dute Marts Pujats idazlearen testuek. Letoniako opera baten moldaketa bat da; izan ere, euskal kulturara egokitu du Dorronsorok, Laura Jekabsone konpositore eta abesbatza-zuzendari letoniarrarekin batera, Landarbasok urtetako harreman estua baitu berarekin. Ahotsaz, pianoaz, perkusioaz eta txirulaz baliatuko da abesbatza ikuskizunean.

Abesbatzako Kontari taldeko haurrek eta Landarbasoko 31 abeslarik beteko dute Viktoria Eugenia antzokiko oholtza, eta, Dorronsorok adierazi duenez, benetako plazera da eurentzat haurrek Viktoria Eugenia bezalako «plaza» batean kantatzea. Landarbasoren lehen aldia da Haurren Hamabostaldian, eta eskainiko dutena egin ohi dutenaren oso bestelakoa dela onartu du Tolaretxipik. Hala ere, ilusioz sortutako proiektu bat dela adierazi du.

Musika istorioak

Ander Edo eta Nerea Azona arduratuko dira 3 eta 7 urte bitarteko txikiak ganbera musikara hurbiltzeaz. Hiru ganbera ipuin ipuin kontaketaren bidez egingo dute hori, Edok narraitzaile lanetan eta Azonak harpaz. Jesus Guridiren obrak entzun ahal izango dira bertan; izan ere, konpositore gasteiztarraren hiru pieza herrikoi baliatuko dituzte istorioa kontatzeko. «Gozamena da Musika Hamabostaldian ipuinak kontatu ahal izatea», adierazi du Edok. Ipuinek eta ganbera musikak bat egingo dute, eta biak ala biak esperientzia «gozo» bat direla gehitu du. Gozotasun hori eskaini dute gaur beren lehen emanaldian, eta hilaren 26an izango da bigarrena, Kursaal auditoriumeko foyerrean.

8 eta 12 urteko haurrek, ordea, Nerea Quincoces Ochoa perkusio jotzaileak gidatutako tailer interaktiboan parte hartzeko aukera izango dute. Gorputzaz eta zenbait perkusio tresnez baliatu ahal izango dira haurrak, erritmo kubatar eta afrikarrak esploratzeko. Euskaraz eta gazteleraz emango du Quincocesek tailerra, hilaren 8an eta irailaren 1ean, Kursaaleko foyerrean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.