'Nora?' opera izango da Haurren Hamabostaldiko emanaldi nagusia

Ipuin kontaketa bat eta tailer bat ere egingo dituzte. Viktoria Eugenia antzokian eta Kursaal auditoriumean izango dira emanaldiak

Vivid Consorte Antzinako Musika zikloan arituko da. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Abian da dagoeneko aurtengo Haurren Hamabostaldia. Bost emanaldi eskainiko dituzte denera, Viktoria Eugenia antzokian eta Kursaal auditoriumean. Haurrentzako opera bat izango da ekitaldi nagusia, Landarbaso abesbatzaren Nora?. Halaber, aurten ipuin kontalaria eta tailerrak izango ditu berriro jaialdiak, etxeko txikienek ere musikarekin bat egin dezaten.

«Sentsazioetan oinarritutako bidaia bat da». Horrela aurkeztu dute Landarbaso abesbatzako Maialen Dorronsorok eta In?aki Tolaretxipik Nora?. Hilaren 8an izango da emanaldia, 19:00tan, Viktoria Eugenian. Haur bat da istorioaren protagonista, eta amonarengana egingo duen bidaian berarekin joatera gonbidatuko du publikoa. Hala, ikusleek ere pertsonaiaren emozioak sentitzea lortu nahi dute. Haur eta gurasoei eskainitako obra bat da, eta emozioak kanporatzeak duen garrantzia azpimarratzen dute Marts Pujats idazlearen testuek. Letoniako opera baten moldaketa da; euskal kulturara egokitu du Dorronsorok, Laura Jekabsone konpositore eta abesbatza zuzendari letoniarrarekin batera, Landarbasok urtetako harreman estua baitu berarekin. Ahotsaz, pianoaz, perkusioaz eta txirulaz baliatuko da abesbatza ikuskizunean.

Abesbatzako Kontari taldeko haurrek eta Landarbasoko 31 abeslarik beteko dute Viktoria Eugenia antzokiko oholtza, eta, Dorronsorok esan duenez, «benetako plazera» da eurentzat haurrek Viktoria Eugenia bezalako «plaza» batean kantatzea. Landarbasoren lehen aldia da Haurren Hamabostaldian, eta eskainiko dutena egin ohi dutenaren oso bestelakoa dela aitortu du Tolaretxipik. Hala ere, ilusioz sortutako proiektu bat dela adierazi du.

Musika istorioak

Ander Edo eta Nerea Azkona arduratuko dira 3 eta 7 urte bitarteko txikiak ganbera musikara hurbiltzeaz. Hiru ganbera ipuin ipuin kontaketaren bidez egingo dute hori, Edok narratzaile lanetan eta Azkonak harpaz. Jesus Guridiren hiru pieza herrikoi baliatuko dituzte istorioa kontatzeko. «Gozamena da Musika Hamabostaldian ipuinak kontatu ahal izatea», esan du Edok. Atzo eskaini zuten beren lehen emanaldia, eta hilaren 26an egingo dute bigarrena, Kursaal auditoriumeko foyerrean.

8 eta 12 urte bitarteko haurrek, ordea, Nerea Quincoces perkusionistak gidatutako tailer interaktiboan parte hartzeko aukera izango dute. Gorputzaz eta zenbait perkusio tresnaz baliatu ahal izango dira haurrak, erritmo berriak esploratzeko. Euskaraz eta gazteleraz izango da tailerra, hilaren 8an eta irailaren 1ean, Kursaaleko foyerrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.