Sekulako gogoa nuen album hau euskaraz irakurtzeko. Aspaldi batean ezagutu genuen ingelesez, eta gurera noiz iritsiko zain nengoen. Egia esan, jatorrizkoarekin arazo askorik ez dut (dugu) izan, haur txikienei irakurtzeko delako, eta, jakina, eurek letrak ulertzen ez dituztenez, bat-bateko itzulpenarekin ongi moldatzen nintzen (ginen).
Testua ulerterraza eta intuitiboa da, irudiek adierazten duten egoerari hitzak jartzea oso erraza egiten da, baina, jakina, erosoagoa da irakurketa itzulpena baino.
Ezagutzen ez zenutenoi laburtzekotan, liburutxo honek (kasu, tamainaz txikia ez da, 27x22 cm; zabalduta dagoenean metro erdiko zabalera hartzen du!) hiru hontz kumeren estualdia kontatzen du, gauaren erdian esnatu, eta euren amatxo ez dagoela konturatzen direnekoa. Antzeko egoera bizitzen duten haurren emozioak azaleratzen ditu, eta irakurraldi hunkibera sortzen du.
Irudiak ikaragarri eraginkorrak dira, testua labur bezain zuzena (itzulpenean testua zamatu xamar dagoela iruditu zait, baina hau nire apeta izan liteke), eta bien konbinazioan bost minutuko haur-thriller borobil bat erdiesten dugu.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Hontz kumeak'
Nora joan da amatxo?
Idazlea: Martin Waddell. Ilustratzailea: Patrick Benson. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu