Kulturgile bakoitzak bere bidea egin arren, bideok noizbehinka bat egin dezaten behar du herri baten kulturak. Elkarrizketatutako sortzaileek argi dute indarrak batu beharra dagoela; ez dute hain argi, ordea, indarrok hartu beharreko norabidea.
1. Zein da euskal kulturak aurrera begira duen erronka kolektiboa?
2. Zure arlotatik zer ekarpen egiten ari zaie erronka horiei?
3. Zure lana baldintzatzen al du erronka horien jakitun egoteak?
IRANTZU LEKUEArtista
«Balioak defendatzeko bildu beharko ginateke»
1. «Uste dut erronka izango dela diziplina ezberdinen bidez euskal kultura bultzatzea; nolabait elkartu ahalko ginateke indar gehiago egiteko eta gainontzeko jendearengana ailegatzeko. Bestela, ikuspuntu ezberdinak badaude, baina haien arteko erlaziorik ez badago, zaila da gauzak lortzea. Nire ustez, bildu beharko ginateke elkarren arteko eskubideak eta balioak defendatzeko».
2. «ARTgia aretoaren bidez, saiatzen gara nolabaiteko sinergiak sortzen eta proiektu ezberdinak lotzen, proiektu interesgarriagoak egiteko eta eraldaketa bat bilatzeko asmoz. Baina, dena dela, uste dut gure diziplinan gauza bera gertatzen dela: bakarkako lana da, eta, azkenean, bakoitza bere kabuz doa. Horrela zailagoa da gurea defendatzea».
3. «Nik uste baietz. Azkenean, prozesu parte hartzaileak bultzatzen ditugu; gure zutabeetako bat eraldaketa soziala da, eta baita gure gida ere. Nire lan pertsonala ere baldintzatzen du, noski».
KARMELE JAIOIdazlea
«Izpiritu kolektiboa indartzea da gakoa»
1. «Erronka bat izan daiteke kontuan izatea euskal kulturaren barruan diziplina ezberdinetan gaudenok guztiz lotuta gaudela, bati gertatzen zaionak eragina duela besteengan. Izpiritu kolektibo hori indartzea izan daiteke gako bat. Sortzaileen egoera ahaztu barik. Bermatu behar da sortzailea ez dadin lanean aritu egoera prekarioan, eta entzuleak, irakurleak edo ikusleak izan ditzan; horiek ez dira berez sortzen, hezi egin behar dira».
2. «Iruditzen zait idaztea beti dela oso lan bakartia eta nahiko isolatua; taldean lan egitea edo elkartasun edo batasun bat lortzea, beraz, beti da beste sektoreetan baino zailagoa. Baina baditugu hainbat erronka elkarrekin lortu beharko genituzkeenak».
3. «Bai, inkontzienteki bada ere. Badakigu ez garela bakarrik geure buruaren ordezkari: badakigu zer testuingurutan ari garen, aurretik zer egon den, eta jarraipen bat ematen ari garela, katebegia garela. Kulturaren transmisioa ere erronka handi bat da».
JON MAIADantzaria
«Kulturak gizartearen zutabe izan behar du»
1. «Erronka nagusia kulturak gizartean hartzen duen kokagunea da. Kultura herri baten antolamenduko zutabe gisa kokatzen badugu, funtzio bat hartzen du, beharrizan bihurtzen da, ezinbesteko osagai bihurtzen da herri antolakuntzan. Zalantzarik gabe, erronka nagusia kulturari gizartearen zutabe rola ematean datza».
2. «Gure proiektuek elkarlanerako bokazioa dute beti, eta beti saiatzen gara proiektu bakoitza izan dadila elkarlan baterako bidea. Saiatzen gara, baita ere, sorkuntza lanetatik abiatuta konexioak sustatzen herritarrekin, hezkuntza munduarekin...».
3. «Bai, proiektu bakoitzaren eraikuntzan beti dago presente joera hori».
OLATZ ZUGASTIMusikaria
«Kulturaren norabidean politika da erantzule»
1. «Jorratzen dugun guztia da kultura. Euskal kulturaz ari bagara, alegia, Euskal Herriaren kulturaz, herri hau nola dagoen begiratu beharko dugu lehenik, egoera horrek baldintzapean jarri baitu bere bizitza eta jardun guztia. Ez da berdin herri aske batek edo mendeetako erasoa jasan duen batek egin dezaketen kultura: lehenengoak oinarrizko aferak zurituta dauzka; ez, ordea, bigarrenak, horrek bere osasuna berreskuratzea izango du lehen egitekoa».
2. «Non jaiotzen zaren, zein den zure ingurunea... hori izaten da indibidualki erronka, eta gurea bezalako erresuma okupatu batean, askotan herri kontzientziak eramaten gaitu adierazpen artistikoak egoera horren araberakoak izatera; nire kasuan hala da, behintzat. Hala eta guztiz ere, herriaren kulturaren norabidean erantzukizun osoa duena politika da, Euskal Herriko politika nazionala beharko lukeena.».
3. «Ez lanari bakarrik, bizitza osoari eragiten dio, eta oso garrantzitsua da begi bistatik ez galtzea errealitatearen eta unean uneko egoeraren jatorria eta kontzientzia. Kantuek edo adierazpen artistikoek, beren kasa herri baten bilakaera aldatzeko gai ez badira ere, lagundu dezakete nortasunaren eremu hori zaintzen».
AITZIBER GARMENDIAAntzezlea
«Kontsumoa iraunkor egitea da erronka»
1. «Nolabaiteko batasun orokor bat dago euskal kulturaren esparruen artean. Uste dut euskal kultura kontsumitzen duen horrek baduela aldez aurreko jarrera bat. Nire inguruko jendeak, behintzat, euskal kultura bere orokortasun guztian kontsumitzen du. Egia da pandemiak ere bultzatu gaituela, zorionez edo zoritxarrez, gehiago kontsumitzera, gure artean babesa eskaintzera kontsumoari dagokionez. Erronka kontsumo hori iraunkortzea dela iruditzen zait, ez gaitezen gero betiko akatsetara bueltatu».
2. «Nabaritu dut antzerkiak suspertze bat izan duela kontsumoari dagokionez, eta kontsumoa handitzeak sorkuntza eta eskaintza handiagoa izatea dakar. Nabarmenduko nuke antzerkiari zor zaion errespetua azpimarratu behar dugula, eta aktoreen artean hausnarketa bat egin behar dugula: modako aktore edo aurpegi izatea normalean telebistari lotuta dago. Nire ustez, gure erronka nagusia da antzerkia kontsumitzea antzerkira joate soilagatik, kontsumo hori ez dadila izan telebistako aurpegiek bultzatutakoa. Baina soiltasun hori praktikara eramateak zailtasunak ditu».
3. «Beti baldintzatzen du, noski. Erabakitzen duzunean kulturan lanean hastea eta zure hizkuntzan egitea, horrek sekulako eragina dauka, erabat positiboa, hizkuntza honetan sortu eta lan egiteko hautu propioa dagoelako. Kasualitatez edo ez, horrek eman dit arrakasta orain arte, baina hala izan ez balitz ere hautu bera egingo nuke».
ASISKO URMENETAMarrazkilaria
«Instituzio subiranorik gabe, ez dago zer eginik»
1. «Definizio tronpakorra zait euskal kultura kontzeptua, horrek partekatu behar balu bezala inolako esparru komunik hemengo beste kultura batzuekin: espainola, frantsesa eta beste, berdintasun egoeran, karrika dantza alegeran. Eta ez da hala, edo ez luke hala izan behar, behinik behin. Nik nahiago diot Kultura Nazionala erran: normaltasunik gabe, hau da, geure burua babesteko zinezko lanabesik ez dugun bitartean, Kultura Nazionala higatzen ari zaigu, sedimentatzen, hutsaltzen, apurtzen eta galtzen. Estrategikoa da geure burua liberatzea, hitzaren bi adieretan; kolonialismo kulturalak agintzen baitu gurean, eta bolada bizia dakar. Kultura sustatuko duen instituzio subiranorik gabe —eta horiek eskuraturik ere, aski lan—, ez dago zer eginik».
2. «Lehen lerroko egileak dauzkagu, baina, komiki industriaren aldeko apusturik gabe, behartzen ari gatzaizkie haien lana nazioartean saltzera. Ongi kontent daude frankofonian eta merkatu hispano eta anglosaxoietan, artista horiek guztiak bildurik... Bestalde, Lanartea bezalako sindikatu arteko tresna interesgarria zait, plan orokorrago baten barrenean artikulaturik betiere; hau da, balia dezagun herriaren indar sortzailea statu quo-a kuestionatzeko, eta ortzi muga berriak irekitzen laguntzeko, gure langintzari duintasuna emateko».
3. «Eta nola ez? Har ditzagun bi marrazkilari, kultura berekoak, eta meridiano berean bizi direnak. Bata portugaldarra da, bestea galiziarra. Batak dozena bat egunkari dauzka hautura kiosko birtualean, hainbat telebista kate eta irrati frekuentzia, kultur ekitaldi mordoa eskura, eta, doan lekura doala, hizkuntzaz hartzen dute, normaltasunaz. Bestea, berriz, erasiatua izan ohi da ber hizkuntzaz mintzatuz gero. Bien arteko proiekzioaren arrakala olinpikoa da».
LARA IZAGIRREZinemagilea
«Feminismoa da euskal kulturaren erronka»
1. «Feminismoa da euskal kulturaren erronka kolektiboa. Kulturgintzako emakumeen ikusgarritasuna handitzea, emakumeen aukera berdintasuna bermatzea, emakumeen begirada kultur sorkuntzan txertatzea... lan handia daukagu egiteko».
2. «Esango nuke bi direla indar gehien hartzen ari diren korronteak. Alde batetik, zinemagintza feminista baten aldeko borondate argia dago. Bestetik, euskarazko fikzioaren berpiztea nahi du sektoreak, batez ere ETBn. Guztiz ados nago bi helburu orokorrekin, baina euskarazko fikzioaren berpizteak emakumeek berdintasunean parte hartzea bermatzen ez badu, ez du askorako balio izango: gizartearen erdiaren begirada galduko da fikzio berri horretan eta oraingo dinamika patriarkalak normalizatuko dira».
3. «Zinemagintzan lanean hasi nintzenetik erronka hori nire egunerokoan bidaide izan dut. Batzuetan karga izan da, eta nire lanarekiko ardura eta eskakizun maila areagotu ditu. Era berean, lanbide honek ekarri dizkidan oparirik handienak erronka pertsonal honi lotuta egon dira. Momentu honetan, erronka hori kolektiboki bultzatzen ari gara, eta oso handia da zinemagintzan ari garen emakume euskaldunon talentua, indarra eta borrokatzeko gogoa, eta horrek eragin oso positiboa du nire lanean. Nora-k, nire azken filmak, asko dauka barnean prozesu horretatik».
NORA DOA EUSKAL KULTURA?
Transmisioa, sustapena, kulturgileen arteko batasuna edota instituzio subiranoak izatea. Horiek dira euskal kulturak etorkizunean dituen erronka kolektiboetako batzuk, BERRIAk galdekatutako zazpi sortzaileen ustez. Batzuetan, sektorearen norabideak bat egiten du bide orokorrarekin; kasu guztietan, lanetan eragiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu